Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Kultura

Itziar Ugarte Irizar
Itziar Ugarte Irizar

Zuk bizitza ala bizitzak zu. Irakurri nion norbaiti, eta hori gaur nire bandera. Denboraren hitz bat tatuatu nuen oinean, eta ez dakit zer esan nahi didan. Kazetaritzaren bidetik nabil, eta maite dut kulturgintza, izebergaren punta baizik ikusten ez dudan arren. Ur horietan murgiltzeko enkargua beteko dut blog honetan, posible bezain bizi.

Egun txikien aroa

Azken hilabeteotako gertakariak errepasatzen, ETAren amaieraz hitz egitea egokitzen zelakoan nengoen, baina nekez jakin nondik hasi. Paradigma aldaketa bat dakarren adarrari heldu nahi nion, baina, egiazki, ez dut halakorik ikusi. Aste batzuk igaro dira jada, eta ez da ezer aldatu; espero zitekeena, besterik ez: bizimoduak jarraitzen du. Nik Jenisjoplin-eko otarraina ibili dut buruan, nobela amaieran agertzen dena identitate baten berrasmatzearen sinbolo gisara. Otarraina bere azaletik ateratzen ei da azal berri bat sortzeko, eta azal hutsak ere bizirik dagoen otarrain bat ematen du halakoetan. Uxue Alberdik Euskal Herriarekin egiten zuen, horregatik, analogia:

Azal bakoitzak bere garairako balio du; mamia ez denean kabitzen azal horretan, azal berria sortu bitarte derrigor pasatu behar da bigun zauden garai batetik. Gero, azal berria eraikitzen hasten denean, ez gara konturatuko.

Azalberritzen behar dugu egon, beraz, larregi ohartu gabe, edo dagoeneko ohartzen hasiak.

ETA bizi guztian bizi izan duen belaunaldi baten seme-alabak gara gu (ere). Hori esaten zen gurean: «Lasai egon, bizi osoan ezagutu dugu guk hau». Beste leku batean jarri gaitu gu denborak, eta irudipena dut hozkia sorrarazten digula epikaren egia handiak. Ez bakarrik guri; irudipena daukat inor ez dagoela gaur epika puztuetarako. Kulturgileen aho-eskuetatik beste gai batzuk doaz erdigunerako bidean, eta ontzat joko nuke hori.

Edozein moduz, denborak eman digun lekua eman digula, guri ere tokatzen zaigu orain gurea ere baden iragan batekin zer egin galdetzea, ñabardurei kasu egitea, ulertzen saiatzeko ariketari heltzea. Eta Alberdiren berbak datozkit ostera:

Badira gure belaunaldiaren sentsazioak jasotzen dituzten lanak, baina ez dute pisu handiegirik. Jon Benitok Bulkadak poema liburuan esaten zituenekin oso identifikatuta sentitu nintzen. «Gu ez ginen gure jendea», uste dut esaten zuela. Gu baino hamar urte zaharragoak direnek oso garai kolektiboa bizi izan zuten, eta euren diskurtsoek eduki dute ibilbide bat. Baina gureak ez. Bertsotan ere urte batzuk badaramatzagu kantuan, esan ditugu gauzak, baina enkofratua falta balitzaigu bezala da. Aurreko belaunaldiaren anai-arreba gaztetxoak izan gara, haiengandik ikasitakoak. Eta guk zer bizi izan dugu? Zergatik ez dugu halako segurtasunik politikaz hitz egiteko? Zer da politika gure garaian?

Gurea beste belaunaldi bat da, baina gertuko zaizkit Alberdiren berbak; guri ere ez zaigu hain erraza diskurtso bat mamitzea, eta, beharbada, ez du zertan txarra izan.

ETAren bukaera abiapuntu, biharamuneko egunetan, lan bana papereratu zuten hainbat sortzailek Berria-n, Bukaera sortzen seriean. Begi bana aurre-atzean, hemen gertatutakoa ulertzeko erantzukizunez, izandako jarrerez ardura hartu nahian eta horren guztiaren ondorenean euren lekuaren bila sumatu nituen, oro har hizketan. Miren Amurizaren koplak irakurrita otarraina agertu zitzaidan berriz; koraza, orbanak, urradurak eta zauriak aipagai. «Errelatoa jadanik / paperera iraganik / dago baina memoria / azalean daramat nik. / Azalean daramat nik / errelatoa jadanik».

«Egun txikien segida eramangarri bat». Jose Luis Otamendiren poema-lerro hori ere gorde dut. Hori da dena. Hori geratzen zaiguna, borrokatu, sufritu eta gozatu behar duguna. Nahi eta ez nahi. «Ahaztu antzean dut / nola jaio ginen mundura / non jarri gintuzten / negar haien istil eta / musikak / beharbada orduan ikasi genuen / gorputz soil ez ezik izan baginela / jendarte zaurgarri / leherkor / arriskuz betea...».

Antzeko zerbait bat iradoki dit Xabier Gantzarainen Zuloa (Elkar, 2018) liburu berriko hitzaurreak. Zoragarria da, eta ondorengo hau dio, besteak beste:

Memoria egitea esaten zaiona, eta egunero badago gogoratu beharreko zerbait, berez ez da erabat ahaztua geneukana orainera ekarri, hautsa kendu, une batez gogoratu eta berriro ahanzturaren zulora botatzea besterik. Gauzak arinago hartzera, iraganarekin lotzen gaituena gogora ekartzeko ariketa dela esan genezake, baina horixe, ekartzekoa, hemen ez baitago jada, aspaldi joana baita. Bere baitan iragana eta etorkizuna eraman arren, orainak ez du oraina baino ezagutzen. Beste modu batera esanda, bizitzak jarraitu egiten du. Nekez bada ere.

Epika handirik ez. Egunen joana baino ez zaigu geratzen, eta hor gertatzen da dena, horretaz denaz eztabaidatzeko tarterik nekez uzten badu ere egunerokotasunak. Sormen lanek, baina, egunen joanean bestela ikusi ezin dugun hori ikusteko balio diezagukete. Horixe da Zuloa-ren nolabaiteko balio erantsia, esango nuke. Euskal gizartearen historia hurbila artearen bitartez behatu du Gantzarainek liburuan, eta hala egitearen ariketan bertan bada beste asmo eraldatzaile bat: artisten lana eguneroko errealitatetik, bizimodu arruntetik gertu dagoela ikusaraztea; artearen eta gizartearen arteko ustezko amildegia deseraikitzea. –Kasu honetan artelanak dira, eta, ziurrenik, arte plastikoen diziplina da amildegietan handiena duena; baina, nahiko antzera zatekeen beste diziplinetan, esan barik doa–.

Titular handiek markatzen dute gure historia, baina egunerokoa bera da gero idazten duena; eta, bitartean, kulturan bilatzen ditugu gure egunen aroa ulertzeko zirrikituak.

Bizigarriaren mugetan

«Dena amaitzen deneko denbora da gurea». Hala hasten da Marina Garcésen Nova il·lustració radical (Anagrama, 2018) saiakera. Egunerokotasuna du Garcések ere gudu-zelai, eta ekintza eraldatzailearen eta pentsamenduaren arteko aliantza berriak bultzatu beharraz mintzo da, sakon eta argi kritika eginez bizi dugun historiako une honi. Tesi nagusia bat da: indibiduo nola kolektibo modura zanpatzen gaituen sinesberatasuna ukatu, eta gure buruak bestela pentsatzera ausartu behar gara, zalantzan jarriz ziurtzat emandakoak.

Katastrofearen atzera itzuli ezina onartzera itzuli gara, dogma bat balitz bezala. Modernitateak denontzako etorkizun bat diseinatu zuen eta postmodernitateak bakoitzarentzat orain agorrezin bat ospatu zuen, eta gure garaia kondizio postumoarena da: biziraun egiten dugu, bata bestearen kontra, soilik gutxiagotuz doan denbora batean.

Horri aurre egiteko, ezagutza eta emantzipazioa ezkontzeko bide berriak pentsatzea proposatzen du Garcések, eta, horretarako, ilustrazio erradikala.

Gorka Bereziartua Argia-ko kazetariak ere elkarrizketa mamitsua egin dio Larrun-en. Hala dio bertan:

Gure garaiko gerretako bat esperientziaren kontra egiten ari dira. Munduaz esperientziarik egitea ezinezko bihurtzen ari da. Gertakariak kontsumitzen ditugu, informazioak, jakintzak... baina ez dute esperientziarik sortzen eta esperientzia da eraldatzen zaituena, eta gainera, transmititu daiteke eta berreskuratu.

Filosofiarik gabe transformazio sozial posiblerik ez dago, ez eta alderantziz, Garcések dioenez.

«Prentsaren, eztabaida akademikoen eta kultur industriaren egunerokoak gure burua pentsatzeko beharrarekin aurrez aurre jartzen gaitu, denboraren agortzetik eta aroen amaieratik». Dena da post-aren post-a gure garaian. Modernitatea, historia, ideologiak eta iraultzak amaitu dira, eta gizarte aurrerapena nola doan amaituz ikusten ari gara orain; promesaren, garapenaren eta hazkundearen denbora gisa, amaitu da etorkizuna. Hori da filosofoak dioena. Orain agortzen ari da ura, aire garbia, petrolioa, ekosistemak eta bere aniztasuna. Jendeak gaur elkarbanatzen duena mugaren esperientzia dela dio Garcések. Eta ez edozein muga: bizigarri denaren mugak baizik.

Bizitza bizigarriaz ari gara, bada. Eta orain desbideratze erdi behartu bat egingo dut, kultur sortzaileen errailera igarotzeko. Esateko, kultur bizitzan, bizigarria denaren mugetatik at, eremu gorrian dabiltzala sortzaileak, jasangarria ez den prekaritate batean zintzilik. Kultur merkatuaren zenbakiez aritu gara berriki, eta prekaritate horren zenbakiez aritzea ere ez legoke gaizki; batik bat eztabaidatzeko zein leku eman nahi diogun sortzaile horri gizarteari eman nahi geniokeen forma berriaren barruan. Eta Garcés irakurrita, denak du lotura, borroka konkretu bakoitzean guztia jokatzen dugula dioenean.

Gaur egungo pentsamendu kritikoak daukan gaitzetako bat fragmentazio txarra da, partikularismora kondenatzen duela bere burua, mikro gaietara, eta hori ez da ondo ulertutako mikropolitika. Niretzat, ondo ulertutako mikropolitika da borroka konkretu bakoitzean dena dagoela jokoan: dislokatzen den bizitza bakoitzean, «horrela ezin da bizi» dioen bizitza bakoitzean, birjabetzen dugun alokairu bakoitzean; are, gerra bakoitzean, Kobane hirian, zeinak denboraren linboetan dagoela dirudien... horietan guztietan ehuntzen dira borroka guztiak.

Horiek irakurri bitartean, Bizitza da handiena kanpainak hartu du Donostia, maiatzaren azkenetan, bestelako bizimodu eredu baten alde ari direnen elkargune. Nagusitzen ari den politika eredu bati hortzak erakutsi nahi izan dizkio ekimenak astebeteko ekinaldiaz, eta hori hona ekartzen badut kezka batengatik da, bereziki: kanpora begirako politiketan, herri hau ez ote da are eta gehiago uzkurtzen? Behintzat, desitxuratzen?

Globalizazioa, teknologiaren eraldaketa, kontsumoaren gizartea, komunitarismoaren makurraldia. Propio gureak diren arazoak aparte, diglosikoak eta beste, egungo munduan jaun-jabe den sistemarenak ere zamatzen ditugu, ezinbestean. Mendebaldeko kulturetan, pluralari eutsi badakioke, dena abiadura beldurgarrian ari da berdintzen, eta gurea bezalako komunitate batentzat ez da bigarren mailako auzia, inondik ere. Auzi larriagoen aldean huskeria bat irudi lezake, baina, esan, zein da benetan sakoneko konplexua Donostiako Zinemaldia aurrerantzean San Sebastian International Film Festival deitzeko? Bermeo Tuna World Capital? Benetan?

Bizitza bizigarriago batean, non justizia sozialaren irizpideak ezarriko lituzkeen elkarbizitzaren oinarriak, hizkuntzak beste posizio bat lukeela imajinatzen dut. Gainontzean, hizkuntzak ez du paisaiarik izango. Eta paisaia guztiak hizkuntza bakarra izango du.