Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Kultura

Itziar Ugarte Irizar
Itziar Ugarte Irizar

Zuk bizitza ala bizitzak zu. Irakurri nion norbaiti, eta hori gaur nire bandera. Denboraren hitz bat tatuatu nuen oinean, eta ez dakit zer esan nahi didan. Kazetaritzaren bidetik nabil, eta maite dut kulturgintza, izebergaren punta baizik ikusten ez dudan arren. Ur horietan murgiltzeko enkargua beteko dut blog honetan, posible bezain bizi.

Kulturgintza konfinamenduan

Grebaren biharamun luzea

Ohartzerako aldatu egin zaigu mundua. Aldatu eguna, aldatu inguruarekiko gogoa, urrunago gaude elkarrengandik atzo geundena baino, eta deserosoa da pentsatzea giro honetan, hau dena gertatzen ari den bitartean gertatzen ari zaigunaz nondik aritu asmatzea; nora arte eman dugun amore, zein aukera erreal izango ditugun gauzak bestela egiten hasteko eta zer izango den bihar hemen orain garenaz. Zain bezala gaude. Leihotik so, pantailatik so, klandestinoki elkartzen, eta bitartean hor doa, tirriki-tarraka, zulatuta egunen gurpila aurrera.

Saltoka sumatu dut burua inoiz baino gehiago. Pantaila-irudia atera nion sakelakotik Hedoi Etxarteren txioari:

Ostegunero amesten dut kultura irrati publikoa. Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok zuzendua. Literatura, zinema, arte plastikoa, antzerkia, filosofia, historia, antropologia, bertsolaritza. Finantzazioa? AHTari esleitutakotik 57 metro.

Atera ditut pantaila-irudi gehiago. Hitzaldienak, gomendioenak. Baina konfinamenduko egunak aurrera joan ahala, gero eta kasu gutxiago egin diet. Denbora izan dugu egoera berriaren noraezean jaiotako joerak ere hiltzen uzteko. Edo horien gainean eztabaida pizteko. Kulturgileak ikusi ditugu euren etxeetatik denetariko emanaldiak eskaintzen, baina astia eman du honezkero jokamolde horren ifrentzuaz ohartarazteko, eta, bidenabar, egoera honen aurretik zetorren sortzaileen egoera makurraz hitz egiten hasteko. Segida emateko. Hori baita garaiotako kulturako lerroburu eta foroak betetzen dituen gai potoloetako bat, sektorea eta bere prekaritatea.

Bi eguneko greba izan berri da, ordea, eta hori bai da berria. Digitala izan zen, apirilaren 21ean eta 22an, eta kultur edukirik ez partekatzean gauzatu zen plantoa. Zaila zen eragina neurtzen, digitalak hori baitauka, etenik ez duen erreprodukzio kate bat da. Grebara batu zirenek bi egunez ezer partekatu ez bazuten ere, mugimendu hori etetea eta etena nabaritzea gaitza zen. Baina milatik gora kultur langile eta eragilek egin zuten bat deialdiarekin, eta hori bai irakur liteke urrats interesgarritzat, are premiazkotzat: behar baitu kulturaren munduak ere batasun bat. Hari zenbait ere ari dira mugitzen horien jarduna eta lan egoera sindikatu baten aterkipetik defendatzeko, eta akaso gremio izaera hori bai indartu da zertxobait krisi honen aurrean haietaz ez ahazteko kultur mundutik egin den garrasi apalean.

Hauek ziren zehatz greba digitalaren deialdiak beltzean zekartzan eskaerak: bat, gogoeta eta eztabaida soziala eragitea; bi, premiazko neurriak hartu behar direla exijitzea; eta hiru, euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten guztientzat elkargune izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea. Euskal kulturgintzako jendeak sinatu zuen. Izan, kulturaren sektorea berez da partikularra, ezaugarritzen duen irregulartasun orokorragatik, eta hori ez da oso ezberdina hizkuntza hegemonikoetan egiten den arteetan. Baina gureak kontra ditu merkatu mugatu bat eta desabantaila giro orokorra, segur asko behar baino gutxiago aipatzen den diglosia egoera errotuta soilik ez, ureztatzen segitzen den bitartean –ikusi bestela Jaurlaritzak agiri ofizialekin izan duen hizkuntza politika krisiaren kudeaketan–.

Baina grebak ere piztu ditu zalantza zenbait, eta poztekoa da, hori baita zorrozkailurik finena edonorentzat, edozerentzat. Aritu gara eztabaidan zer daukagun buruan artisten lana premiazkotzat dugula diogunean, zertaz ari garen horientzat berme duinak nahi genituzkeenean, nola lotu daitezkeen soldata eta artea gaur eta hemen. Zergatik sortzen dituen merkatua berbak halako ikarak kulturaz eta arteaz ari garenean, eta zergatik sentitzen dugun haren alde egin behar dugula gurea bezalako kultur komunitate baten alde egiterakoan.

Nago idaztea inoiz baino gehiago galderak egitea bihurtu dela orain.

Beste pantaila-irudi batean neukan Gure Esku Dagok antolatutako Gelditu. Hausnartu. Erabaki solasaldi digitalen zikloaren berri gordeta. Hedoi Etxarte, Garbiñe Ubeda eta Gotzon Barandiaranena. Saltoka ikusi nuen, baina itzuli egin naiz Etxartek lanak balioa galdu duela azaldu zueneko puntura. Eta ados, aldagai hori ere sartu beharko da eztabaidara kulturgileen lan-egoeraz irmo pentsatu nahi bada. Zeren ez da makala bizitzera behartuta gauden mundu hau eusten duen nahaspila, sokak zirenak hari fin orain, eta nola egin, beraz, artisten jardunak aitortza laboral hori izan dezan, lana bera debaluatuz doan zerbait den sasoian.

Kamutsa da perspektiba faltan esatea, baina bati baino gehiagori entzun diot gauzak nabarmen okertu direla alde honetan azken urteetan. Eta ez da kasualitatea izango, hor ere badira estoldak, prozesuak, hori horrela izan dadin abian daudenak, milurtekoaren hasieran nolabait posible bazen hitzaren langintzatik bizimodua atera ahal izatea, baina askoz nekezago egun. Koldo Izagirrek azaldu zidan azkena.

Bitartean, kolpea arintzeko lehen neurriak onartzen hasi dira erakunde publikoak. Eusko Jaurlaritzaren kasuan ezohiko diru laguntzak onartu ditu «kultur arloko profesionalentzako», hilean 950-1.200 euro bitartekoak eta alarma egoerak iraun arterako. Ezaugarri jakin batzuk betetzea eskatu dute: besteak beste, diru sarreren %60 jarduera artistikotik jasotzen dela frogatzea, eta beste laguntza batzuekin bateratu ezin ahal izatea; eta ondorioa, beraz: euskaraz lan egiten duten asko eta asko diru-laguntzetatik kanpo geratu dira, baldintzak ez betetzeagatik edo laguntza hori baino beste bat hobetsi beharragatik.

Pentsatu beharko da nola ezkondu lanari dagokion hiztegi guztia arteari eman nahi diogun espazioarekin, baina susmoa dut batzuetan beste ofizio batzuetan ari direnei baino koherentzia gehiago eskatzen zaiela kulturgileei, ez dakit hitza ere hori den. Bakoitzak pentsa dezala bere adibideetan. Eztabaida behar da eta ez utzi hitzak hain erraz maizten, baina debatea hartuz eta apartatuz goazen bitartean, egoeraren antsietate eta ziurgabetasunak zeharkatuta daude hainbat egile. «‘Entretenimendu’ hitzak estaltzen ditu maiz gure lanak eta langabeziak», Olatz Beobide. «Dohainezko eskaera horiek lotsa eman beharko lukete, ezinegona sortu eskatzen duenarengan: ultramarinoan patata kiloa dirurik gabe eskatuko bagenu bezalaxe. Guk ere gizarteari geure produktua saltzen baitiogu», Maite Larburu. «Uneotan, ziurgabetasun orokor bat da gure bizitza», Nerea Ibarzabal. «Nire edozein bidaia-lagunek, teknikari zein aktore, ziurrenik bizitza osoan ez du kontratu mugagaberik izan, ezta izango ere lanbide honetan jarraitzen badu. Beraz, berezitasun horiek neurri sorta batean izan behar dute isla, gizarte segurantzari, zergei eta halakoei dagokienez; artistaren estatutuaz betidanik aldarrikatu duguna da, ongi landuta dagoena beste hainbat herrialdetan», Marian Fernandez.

Esango du inork: «Tira, bai, baina hori ez da beste langile askok orain bizi duten egoeraren hain ezberdina». Eta ez, ez da. Eta halere, badira aldeak. Hor koxka: zeren langiletzat ditugu Izagirre, Beobide, Larburu, Ibarzabal, Fernandez..., ezta?

Pintzelak eta zentzuak

Zumeta izan zitekeen gaiaz hitz egiteko solaskide egokia. Baina barrurako zurrunbilo honen guztiaren erdian heldu zen heriotzaren albistea, eta kuriosoa da nola nabarmendu duten haren gertukoek bizi izan zen bezain diskretu hil dela margolaria. Kolore eta adierazpen eztandak koadroetarako utzi izan balitu bezala.

Normaltasun berriaz ari dira. Eta ni ere bi muturren artean nabaritzen naiz goiz askotan, pendulu baten antzera, normaltasuna arazoa zela eta beraz hara itzuli ezin garelako uste errimean, batean; eta gauzak are beltzago jar daitezkeelako izuaz, erreformistarik handienaren gorputzean sartuta biharamunean, lehengora itzuli eta aldaketak sikiera lur ezagunetik hasi beharko genituzkeelako erabaki herrenean. Asko sentitzen ditut pendulu horretan nirekin kolpeka.

Gauza bat bai: konfinamendua eta horren arintzerako diseinatu dituzten faseena aspaldi ikusi gabeko obedientzia ariketa kolektibo handienetako bat izan da. Marina Garcés da iparra ez galtzeko ahotsetako bat, dioenean normaltasun berria bezalako terminoetara ohitzen garenean agerian geratzen dela hitzen boterea, hizkuntzaren egiturek gordetzen duten ahalmena, eta nola eraikitzen dugun obedientzia. Norbanakotik hasten den obedientzia baina ariketa kolektibo bilakatzen dena, komunitatearen nolabaiteko ideia gorpuztuz, denon bizitzak lotuta daudela jabetuz. Denok ulertu dugu nolabait men egin behar dugula, non eta gurea bezalako jendarte hiperindibidualista batean. Onartu dugu gure bizitzak gelditzea, afektuak, egitekoak, etorkizunak, dena ordena horri erantzuteko. Kontua da, dio Garcések, fase berri bat irekitzen dela orain obedientziaren eraikuntza horretan: neurri berri horiek normaltzat proiektatzen eta bizi-ohitura berritzat hartzen hastean. Eta argi gorri bat jartzen du filosofoak hor.

Oraintxe Twitterren ikusi berri dut: Singapurreko parkeetan lau hankako robotak jendeari abisatzen segurtasun distantzia bete dezaten. Horra zientzia fikzioa zena beldurrezko pelikula bihurtuta.

Peru Galbete egon naiz entzuten. Eta Quimi Portet. Eta Belako. Saltoka daukat burua inoiz baino gehiago. Iñigo Aranbarriren azken Larrepetit-etako batek eraman nau Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua berrirakurtzera. Booktegikoen mezu berri bat postan: Iñigo Astizen Manifestu presentista sarean da.

Pantailak bihurtu dira kultur esperientziarako agertoki bakar. Ez dut deabrutuko orain digitala, nola ba. Baina badira gauza batzuk berdindu ezin direnak. Eta, halere, ez da hori kontua, egarria baizik.

Egunkaritik moztutako paper zatian, Gantzarain Lauhazka-n, egarririk gabe edertasunarentzat begirik izatea zaila dela berresten:

Eta egarririk gabe berdin diola batek artelanak zuzenean ikusi, argazki digitaletan ikusi, edo paperean. Ez badu sentitzen mundua ulertzeko beharrik, ez badu sentitzen munduan norbera izateko beste modu baten beharrik, bati berdin zaio zer ikusten duen. Eta norbera izatea beste bat izatea da, bestea izatea.

Momentu ona da seguru asko zentzuen bilaketan sakontzeko. Kultur desazkundearen garaiak ei datoz, eta moteltasunaren balioaz ere ohartu behar genuke. Baina ez du berdin funtzionatzen ekuazioak gurera etorrita, baldin eta euskal kulturak oraindik hazte bidean badauka egitekoa –ez naiz makroaz ari–.

Josep Maria Esquirolen Erresistentzia intimoa saiakera irakurriz hasi nuen konfinamendua, eta zehazki kultur esperientziaz apenas ari bada ere, balio du dioenak kulturarako ere, uneko digresioei eta geroaren fatalitateari aurre egiteko tresnarik onenak memoria eta irudimena direla dioenean:

Badago zentzu bat gertutasunean soilik aurkitzen dena. [...] Landareak haztea, kozinatzea, brodatzea, altzariak egitea... Horrek guztiak bizirik irauteko balio du, baina, gainera, bizitzari presentzia bat eta indar bat ematen dizkio, gehiegizko hitzontzikeriaren bestelakoak [...]. Gertutasuna (etxea, konpainia, baratza, intimitatea...) bideak dira, presentziara eta zentzura daramatenak. Nihilismoaren lanbroa inoiz ez da guztiz desagertuko, giza kondizioaren parte baita. Eta, horregatik, gertutasunak ez du inoiz mundu zoriontsu eta perfektu bat adieraziko. Agian baten bati xumeegia irudituko zaio, baina behintzat ez da engainu bat, eta, tarteka, gutxi dena ere asko da. ‘Zerk salba gaitzake?’, galdetzen zion Heideggerrek bere buruari. Ez soilik jainko batek, ez soilik sormen artistikoak, ez soilik oratoria politikoak; baita gertutasunak ere.