Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan

Ingurune digitala

Koldo Diaz Bizkarguenaga
Koldo Diaz Bizkarguenaga

Soziologian lizentziatu bezain laster doktore tesia egin nuen: irakurri, atzerriko unibertsitateetan egon, entzun eta idatzi. Betidanik izan ditudan kezkak egungo testuinguruan ulertu nahian nabil ordutik: euskal herritarron egoera XXI. mende hasierako gizartean, Euskal Herriaren erronkak ingurune digitalaren garaian zein diren galdetzen eta, ahal badut, erantzuten.

«Oihu egin nahi dut arima urratu arte»

Berri txarrak: izen, ikur eta territorio bat ez duen herria gara. Alegia, estaturik ez duen herria gara eta burujabe egingo gaituen estatuturik ez da. Bi estatu egonkortuen baldintzapean bizi gara eta globalizazioaren ondorio ekonomiko (indibidualismoa), sozial (indibidualizazioa) eta kulturalak (isolamendua eta asimilazioa) pairatzen dituen herria gara. Alegia, estaturik ez duen herria gara eta burujabe egingo gaituen estatuturik ez da: «daukazuna bazara, orduan ez daukazu ezer, daukazuna baino ez. Dena duzu galtzeko», diosku artikulu honi soinu banda jarriko dion musika taldeak.

Orriak, liburuak, tesiak idatz ditzakegu, eta egoera bera izango da: «hauxe da gure izena, izana eta ezina». Iraganeko akats batera jo dezakegu gure destinu petrala azaltzeko, eta arrazoia izan nahi dugun bitartean etorkizunak ihes egingo digu. Elkarri errua botatzen jarraitu ahal diogu, erantzukizunez jokatzea garrantzitsuagoa izango ez balitz bezala. Eta hauek bezalako hitz ponpoxoak esaten jarraitu dezakegu, argi, umil eta sinple hitz egin gabe; norberaren ego pertsonala asetzetik ez gaitezen igaro komunitateak-gizarteak-herriak lehentasuna izango duen bigarren plano batera. Zintzoak izan gaitezen. Ez dakigu. Ez dezagun gure ezjakintasuna lema hutsekin estali. Irri egitea ez da aski herri egiteko: «minbizi atsegin bat da zuen irria. Heriotz jasangarria».

Eta ez dakigu, galdera desegokiak jarraitzen ditugulako, erantzun erosoetan bizi garelako –«pozik nire aitzuloan, zu-lo-han»–; kanpotik ezarritako logiken baitan bizi gara, haiek ezarritako gurpil-zoroaren barnean bueltaka; elkar kritikatzen eta inor entzun gabe; hamaika hizlari, bakoitza bere estrategia hutsezinarekin, ideia horiek jasoko dituen aktalari-entzule gabe. Woody Allenez oroitzen naiz maiz, esaten baitzuen bi belarri eta aho bakarra izanik, hitz egiten dugun bikoitza entzun beharko genukeela. Eta «oihu egin nahi dut arima urratu arte» gorputzean markatuta eramateaz oroitzen naiz maiz ere: euskal herritarrok, Edvard Munchen Oihua koadroan bezala, belarririk ezean gure garrasiak gorputzean sentitzen ditugulako, hori tolestuz eta markatuz; gure oihuekin arima urratuz, eta erreberberazioaren mugimendu sentsazioa izan arren, lekutik mugitu gabe.

«Herriak bakarrik salba dezake herria»

Libre: erraza litzateke izen, ikur eta territorio bat ezartzea. Alegia, estatua izango bagenu eta hori eraikitzeko errezeta edo mapa izango bagenu. Gurean, gaur-gaurkoz existitzen ez den egitura eta hori lortzeko alderdi politikoek argi marrazten ez duten bide-orria. Herri honetan hilabetero gertatu bezala, «une historiko baten aurrean gaude»: azken asteetako notizia da, autogobernuaren ponentzia idaztear da.

Nork daki, tamalez, House of Cards-en Eusko Jaurlaritzaren bertsioan zer gertatzen ari den. Eta tamalez diot, politikariak gizartearen ordezkari gisa ulertzen ditugun honetan, bulego itxi eta ilunetan herriaren eta herritarren bizkar hartzen dituztelako erabakiak: alegia, ordezkari izanik, herritarron ordezko bilakatu dira. Baina, paradigma aldaketa batean bizi garenez, arrazoizkoa bezain jakina da esatea ia berrogei urteko edukia eta eskema ez dela aplikagarria gaur egun, «galderak aldatuz bakarrik lortuko dugu gakoa datekeen erantzun putakumea»: elite politiko batek ez luke eta ezin lezake herri hau hamarkadetan baldintzatuko duen testu berri bat gela itxi batean idatzi.

«Ia lortu zenuten, mundu guztia ohitzea; arazoak ikusten, aukerak dauden tokian». Gure bidea eraiki behar dugu, une histerikoa gainditu eta, gure herriaren markoa zein izango den irakurtzeko baino, oinarri gisa, idaztear dugula ezar dezagun. Horixe bera pentsatu nuen Eusko Ikaskuntzak antolatutako Euskal Herriko lurraldeen liburu berdea eta zuria-ren aurkezpenean nengoen bitartean. Azkenengo bi urteetako pertsona askoren lanaren behin-behineko emaitza da: zazpi lurraldeetako eragile ezberdinek euskal lurraldeari maila juridiko, sozio-ekonomiko, geografiko eta sinbolikoan oinarriak ezartzeko idatzitako testua. Liburu zuri bat helburu propositibo batekin idatzita dago: zer nahi den, nola egingo den, nork egingo duen. Horregatik, hori liburu berde bat da, helburu deskriptiboa duena: lurraldetasunaren gaiaren inguruan zer idatzi den, nondik edota zein hurbilpenetatik idatzi den, nork idatzi duen. Horixe baita akademiatik egin daitekeen ekarpena: entzutea, ekarpen isolatuen arteko eztabaidak sortzea eta, ahal bada, erantzun eta irizpide batzuk ematea.

Ponentzien bidez, aditu, aritu eta administrazioetako kideen iritziak jaso izan dira azken urtean zehar. Azken hilabeteetan antolatutako mintegietan, pertsona horiek elkarlanean aritu ziren behin-behineko Liburu berdea osatuz: «hitzak bilatzen aurkitzen saiatzen», beraz, behin-behineko emaitza da testua. Ez dakigulako. Asko entzun behar dugulako. Asko idatzi behar dugulako, berriro ere ezabatzeko; hobe esanda, ezabatzeko: marrapekoa ikusiz idatzitakoa ahaztu gabe, nondik gatozen gogoratzeko, atzera begiratzeko eta egindako ibilbideaz gozatzeko. Orain, beste pauso bat emateko aukera dago: herriaren hitza entzutea. Ez zaio herriari hitza emango, ez; herriak aspaldi hartu zuen hitza, aspaldi eman zuen hitza, aspaldi erakutsi zuen hitz egiteko nahia eta aspaldi egin zuen oihu arima urratu arte, eskuak eta ukabilak erabiliz. Herria entzungo da, esaten duena ondo jaso, ulertu eta behin betiko liburu berde batean ordenatzeko asmoz.

«Zabal begiak, mapa berriak tolestuta datoz. Ez da biderik norberak ireki behar dituelako»

Haria: hari eta herri. Harria izateari utzi gabe, haria ere bagara. Euskal Herriaren geografiari eta lurraldetasunari beste espazio bat gehitu zaio sarearen hariaren aroan: Internet. Hori dela eta, herri baten mugak marraztu ahal izateko, hiru elementu ditugu: mapa geografikoa, sarearen atmosfera (hodeia baino gehiago dena, goian dagoen objektua baino guztia zipriztintzen duen hori dena) eta bien uztardurak sortzen duen ingurune digitalaren territorioa.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko mapa dugu: mapa geografikoak (zazpi lurraldeena) eta politikoak (bi estatu eta hiru administrazioena) ezartzen duten errealitatea. Zazpi lurraldeei diasporak osatutako zortzigarrena gehitu behar diegu eta, era berean, globalizazio garaiak ezarritako logika neoliberalean bizi garen honetan, distantzia geografikoetan ‘urrun’ eta ‘hurbil’ dagoena birpentsatu: Londres hurbil baitago, baina Luzaide lekutan –mapan kokatzeko gaitasuna izatekotan– eta Baiona mugaren beste aldean. Muga administratiboak hain barneratuta ditugu, ezen herri beraren baitan mugak ikusteko gai garen eta herritik kanpo dauden hirietan etxean sentitzen garen. Nire kasuan, Luzaide mapan kokatzeko gaitasuna 30 urterekin garatu nuen, eta bertako herritar gazte eta euskaldun bati hurbilen duen hiriburua zein den galdetuta, Iruñea dela esan zidan Donibane Garazi ahaztuta, baztertuta eta mapatik ezabatuta.

Mapa berriak ditugu, eta gu muga zaharren arabera aritzen gara; muga zaharrak berritzen ditugu eta gure herria banatu eta ezabatzen dugu: «gaur ere goizean irratia piztu dut eta nire herria ez omen da existitzen», guk geuk halaxe eginda, atzerrikoa geure baitan dugulako. Muga geografikorik ez duen Interneten ere, mugak jartzen ditugu; mugatuta gaudelako, mugak barneratu ditugulako eta muga horietatik pentsatzen dugulako. Zaila da baso horretatik ateratzea; baina, ziurrenik, elkar lagunduz, bakoitzak dakien apurra esanez eta ez dakien guztia entzunez, bide berriak marraztuko ditugu orain existitzen direla ere ez dakigun helmugetara heltzeko.

Espazio berri bat dugu Interneten. Estatuek eta, batez ere, merkatuek arautzen duten espazioa; askea ez dena; soilik sinbolikoa ez dena eta zeharo materiala eta erreala dena. Baina baita distantzia geografikoak ezabatzen dituen espazioa eta, beraz, maila batean, muga geografikoak eta administratiboak gainditzeko aukera duena ere. Argi esanda: lehen aldiz gure historian zehar euskal herritarrok espazio berean bizitzeko aukera dugu. Interneten, Urruña eta Bilboren arteko distantzia, Tolosa eta Donostiaren arteko distantzia bera da; edota Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoen artekoa. Beste era batera esanda, leku geografiko horietako herritarrek Interneteko espazio bera partekatzen ahal dute. Are gehiago, diasporaren zortzigarren lurraldean pentsatuta, aurrez aurre ez bada ere –aipatu herrietako pertsonak bezalaxe– herritar horiek ere espazio berean daude. Eta, beraz, herri barnean zein kanpoan dauden herritarren arteko distantzia bera da, espazio bera partekatzen dute eta espazio berean bizi dira.

Baina, jakina, ez da gauza bera espazio horretara euskara ofiziala ez den edota euskaraz bizi den leku batetik konektatzea: Internet ez baita isolatua dagoen espazioa, lekuari erabat lotuta dago. Horregatik, bi dimentsioak izan behar ditugu kontuan: lurraldetasuna ezin da ulertu Interneteko espazioa gabe eta Internet ezin da ulertu lurralde jakin batean izaten diren aukera, baldintza eta ukapenak kontuan hartu gabe. Horretara dator, beraz, territorio kontzeptua: komunitate batek bizi duen leku geografiko eta espazio sinbolikoaren mapa marrazteko. Horretara dator, beraz, ingurune digitala kontzeptua: Interneten alde fisikoa eta sinbolikoa ulertzeko eta gizarte-harremanak, herrien mugak, harreman ekonomikoak, legedia, burujabetasuna, demokrazia, independentzia..., mundua, oro har, beste kosmobisio baten arabera ulertzeko.

«Gertu da eguna non herri honek ahaztuko dituen bere izena eta helbidea» eta, ondorioz, Euskal Herriko lurraldeen liburu berdea eta zuria idazterakoan, autogobernu ponentzia idazterakoan edota, herri honetan zerbait egiten den aldiro gertatu bezala, kritikatzerako orduan («susmoa banuen baina, argitu didazu zalantza: denok baino gehiago dakizu»), ezin dugu inondik inora ere ingurune digitalak ezarri digun paradigma eta markoa baztertu, eta galdera konplexuei ezin dizkiegu erantzun errazak eman. Agian horrela idatzi ahal izango dugu herri gisa «bakarrik egoteko modu berri bat».