Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan

Ingurune digitala

Koldo Diaz Bizkarguenaga
Koldo Diaz Bizkarguenaga

Soziologian lizentziatu bezain laster doktore tesia egin nuen: irakurri, atzerriko unibertsitateetan egon, entzun eta idatzi. Betidanik izan ditudan kezkak egungo testuinguruan ulertu nahian nabil ordutik: euskal herritarron egoera XXI. mende hasierako gizartean, Euskal Herriaren erronkak ingurune digitalaren garaian zein diren galdetzen eta, ahal badut, erantzuten.

Internet Institutuak, atzerritik ikasten

Denok ikusten duguna beste begirada batekin ikustea, zientzia horixe bera zela irakurri nuen behin. Begirada, betaurrekoak, horra gakoa. Mundua nondik ikusten dugun, mundua nora arte ikusteko gai garen. Maiz, ezaguna dugun hori errealitate bakarra dela pentsatzeko joera dugu, norberarena errealitate eta egia bakarra dela pentsatuz. Burua altxatu, alboetara begiratu, eta hor beste norbait, beste mundu-ikuskera bat dagoela ohartzen gara. Burua altxatu, urrunera begiratu, eta han beste herri asko, beste mundu-ikuskera asko daudela ohartzen gara.

2010ean Bartzelonako IN3 institutuaren egoitza estreinatzeko aukera izan nuen. UOC unibertsitateak, Kataluniako gobernuaren diru-laguntzari esker, Internet Interdisciplinary Institute eraiki zuen: hiriaren erdian eraikin berri bat altxatu zuen Interneten inguruko gaiak aztertuko zituzten ikerlariek laborategi gisa erabil zezaten. Eraikin huts horretara sartzean Elisenda Ardèvol irakasleak esan zidan moduan, «zailena lortu dugu, eraikina; orain, ezagutzaz eta talentuz beteko dugu». Astearen bukaeran, ikerlariek hutsik zeuden bulegoak bete zituzten, lizentzia edo masterra bukatu berri zutenak eta Interneten inguruko doktorego-tesiak hasiko zituztenak: ikus-entzunezkoetatik, soziologiatik, ekonomiatik, informatikatik edota zuzenbidetik heldutako ikertzaileak, denak eskuz esku gai bera ikuspegi ezberdinetatik lantzen.

Gobernuaren finantziazioaren bidez, unibertsitateak gizartea eraldatu duen tresna eta espazio bat aztertzeko aukera izan zuen. Horra hor herrigintza: diru publikoari esker unibertsitateak herriaren arazoak identifikatzea eta politikariek oinarri horien arabera konponbideak bilatzea. Horra hor estatugintza: estaturik izan gabe, estatua izan arte itxaron gabe, estatu egiturak sortzea, gizartea ezagutzea eta estatu erabakiak hartzea.

Ez da kasualitatea jauzi estrategiko hori Interneti lotutako erakunde batekin egin izana; izan ere, leku geografikoan egiten zaila dena, on line-ko espazioan egia bihurtzea errazagoa suerta daiteke: ingurune digitalean muga administratiboak moldagarriagoak edota xaflakorragoak baitira. Bi estatutan, hiru administraziotan eta zortzi lurraldetan (diaspora kontuan izanik) banatuta dagoen gurea bezalako herri batentzat, espazio partekatu bat izatea herria batzeko eta eraikitzeko aukera paregabea da. Hori dela eta, duela aste gutxi Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako gobernuko eta Euskal Elkargoko lehendakarien artean izandako batzarrean sortutako etorkizuneko lankidetzari begira, ingurune digitala «territorio libre bakarra» eta bakana izan daiteke: euskal herritar eta administrazioek, distantzia geografikoak ezabatuz eta muga administratiboak gaindituz, espazio bera partekatu baitezakete Interneten; leku geografikoan edota aurrez aurre egitea hain zaila den hori.

Beraz, gaur egun behintzat, gizarteek eta herriek badute aukera Interneten ere nor izateko eta zer egiteko. Auskalo etorkizunean espazio hori zer nolako arauketa eta praktika sozialak bultzatu eta izango dituen; horregatik, ingurune digitalak orain irekitzen dizkigun ateak zeharkatu beharko genituzke, besteak beste, gure herriak dituen mugak gainditzeko eta garapen ekonomiko eta kulturala sustatzeko. Argentinan egin zuten bezala, adibidez. Bertan egindako ikerketa-egonaldi batean, Alejandro Pisicitellirekin batera, Interneten inguruko institutu bati esker ikerketak sustatzeaz gain IKTekin gizartea alfabetatzeko aukera dagoela ikusi nuen. Gobernuaren finantziazio publikoari esker (nola bestela), ordenagailuak eskoletan eta auzo txiroetan banatuz, IKTek sortutako bazterkeria ekonomikoa eta soziala baretu zuten. Horra hor herrigintza, horra hor estatugintza: unibertsitateak, gobernuaren diru-laguntzarekin, herriaren eta gizartearen arazoak zeintzuk diren mahai gainean jartzea eta konpontzea.

Azkenik, aditu eta administrazioez gain, badago ingurune digitalean zeresan handia duen beste agente bat: enpresa pribatua. Oxford Internet Institute-n ikasi nuen, adibidez, Vodafonek bere sarea nork-norekin-noiz-non-nola-zertarako-zergatik erabiltzen duen jakin nahi duela; eta, horretarako, ingurune digitala hurbilpen ezberdinetatik azaltzen dituzten ikertzaileak behar dituela; eta, horregatik, gai horiek lantzen dituen institutu bat diruz laguntzen duela; eta, horrela, bere gaur egungo arazoei eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien diziplina ezberdinetako adituek osatutako talde anitza, prestatua eta profesionala duela.

Ingurune digitalaren inguruko ikerketak, euskaratik pentsatzen

Egunerokotasuneko lanean zorabiatuta, burua altxatu behar da. Norberaren zilborretik eta norbere lanetik, burua altxatu behar da. Baina urrunera begiratzean, ordea, liluratuta gera gaitezke; eguzkiari, argitasunari, zuzenean begiratzean itsu geratzen garen moduan. Urrunegi begiratzean, inguruan egin duguna ez ikusteko –eta beraz baztertzeko eta ukatzeko– arriskua dago.

Argentinan bezala, Eusko Jaurlaritzak ordenagailuak banatu zituen hainbat eskolatan duela hainbat urte, eta 2001ean ‘KZguneak’ sortu zituen gizartean IKTen erabilera errazteko eta sustatzeko. Gobernuak herritarren arazoei irtenbidea eman zien; diagnostikoa falta zen, ordea. Analisiaren hutsunea betetzeko asmoz, azpimarratzekoa da erakunde bereko Hizkuntza Politika Sailetik 2016an Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat dokumentua idatzi izana: adituek eta arituek egindako hausnarketaren bidez, administrazioek erabakiak era egokiago batean hartzeko aukera izan zuten.

Txostenean plazaratutako hamabi gomendioen artean, «Euskarazko IKTen inguruko datuak lortu (erabilera, sartzea...)» proposatzen zuten. Eta badirudi mezuak eragina izan duela hainbat elkarte eta enpresen artean. Urrunera joan gabe, azken asteetan .eus eta Umapek datu ezin interesgarriagoak plazaratu dituzte. Lehenengoek Non dago emakumea ingurune digitalean? mahai-ingurua antolatu zuten, eta, bertan, euskara Interneten sustatzeko helburu duen erakunde horren inguruko hainbat datu eskaini zituzten. Bigarrengoek, Twitter bidez on line-ko sare sozial bereko erabiltzeen euskarazko jardunari lotutako datu-ilara mamitsua jarri zuten denon eskutan. Batean zein bestean argi utzi zuten euskarak webguneetan eta on line-ko sare sozialetan duen presentzia, eta, batez ere, agerian utzi zuten herri gisa horrek duen garrantzia. Amaia Ocerinek .eus-en blogean euskara, ingurune digitala eta administrazioen lana batuz aipatu bezala:

Batzordearen beharra badago. Baina hau baino maila gorenago batean lan egingo lukeen irudia behar dugula argi ikusten dut: ahalmen handiagoak izan beharko lukeena eta ez bakarrik izaera kontsultarako edo aholku-emailea izango litzatekeena, baizik eta lanean zuzenean modu eragingarriak aurrera egiteko gaitasuna izango lukeena. Aparteko sail berezi bat bezala.

Orain, datu horiek ikerketa bilakatzea da erronka. Soziologian, diskurtso zientifikoaren eta diskurtso sozialaren arteko ezberdintasuna zein zen ikasi genuen: metodo bat behar da, ideiak plazaratu baino lehen marko teorikoak, hipotesiak, helburuak eta metodologiak beharrezkoak dira. Izan ere, datuak ez dira berez ikerketa bat, eta, horregatik, datuak interpretatuko dituzten adituak behar dira. Beste era batera esanda, eta atzerriko esperientzietatik ikasiz, informatikariek lortutako datuak soziologoek ustiatu beharko lituzkete; horiek arte ederretakoei ideiak irudi bilaka ditzaten eska diezaieten; horiek publizitatekoei edukia-irudia saltzea eska diezaieten; horiek politikariei argi azal diezaieten gizartearen eta herriaren egoera zein den eta horren arabera erabakiak har ditzaten; kazetariek, azkenik, erabaki horiek gizarteratu ditzaten.

Funtzioen kate hori luzatu eta aberastu daiteke: burua altxatu, alboetara begiratu eta, hor, ezagutzen ez duzun arlo bateko aditua aurkitzea da gakoa. Eta, horretarako, ezagutza-arlo batek bestearen lana ez betetzea da gakoa. Izan ere, diziplinartekotasuna ez da diziplina batek lan guztiak egitea; diziplinartekotasuna bakoitzak dakienetik besteei ekarpena egitea da, elkar lagunduz eta elkar elikatuz.

Ingurune digitalaren Institutua, Euskal Herritik eraikitzen

Ingurune digitalaren gaiari dagokionez, oinarri egokiak ezartzen ari gara azken aldian. Aurreko artikuluan aipatutako hainbat metafora desegoki berridazten ari gara, euskaraz eta Euskal Herritik. Horren adibide ona da berriki Aztikerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta, plazaratutako Gipuzkoako kultura politikoaren inguruko ikerketa prozesuaren lehen fasea txostena. Bertan, Internet bidez eta Interneten egiten den parte hartze politikoa ez da era isolatuan ulertu: ingurune digitalak herritarren bizitzaren esparru guztiak barnebiltzen dituela kontuan izanik, aurrez aurreko harremanekin batera egiten den parte hartze politiko gisa ulertu eta azaldu dute.

Elementu guztiak ditugu, beraz: administrazioek ingurune digitalaren inguruko kezka dute, eta hainbat pauso eman dituzte gizarteak teknologia eskura izan dezan zein adituen iritziak jasotzeko; enpresa eta elkarteak datuak plazaratzen hasi dira eta akademiak... Akademiak...? Zertan ari dira ikertzaileak? Bakoitza bere kabuz lanean, bere unibertsitatean, bere unibertsitatearen sailean, bere unibertsitatearen sailaren ikerketa-taldean era mugatuan eta isolatuan ikertzen.

Horregatik, hutsune hori betetzeko eta elkarlana sustatzeko, UEUk antolatutako IkerGazte kongresuan ingurune digitala ikertzen ari diren ikertzaileak batu ginen. Euskal unibertsitateetan gai hori lantzen ari diren adituak identifikatu genituen eta haien artean harremanetan jarri ere helburu argi batekin: herri honetan dagoen ezagutza akademikoa azaleratzea, administrazioek eta erakundeek herri honen mesedetara jar dezaten. Horrela, ikertzaileak harremanetan jartzeaz gain, ikertzaileek administrazio eta elkarteekin harremanetan jartzeko aukera izan zuten. Batetik, administrazio eta elkarteek, ikertzaile horiek ezagutzean, zenbait kezka aurretiaz konponduta zeudela jakin zuten, erantzuna dagoen galdera batean denbora eta dirua ez xahutuz. Bigarrenik, arazo berriak identifikatu zituzten, horiek konpontzeko orduan gidari eta lankide izan daitekeen balizko ikertzailea ezagutuz.

Egun erdiko saioak fruitu oparoak izan zituenez, badago aukera aurrera begiratzeko, beste pauso bat emateko. Batu ditzagun esku artean ditugun kezkak eta konponbideak; batu gaitezen administrazioak, arituak eta ikertzaileak marko berean. Zentzudunak izan gaitezen eta, atzerriko esperientzietatik ikasiz, erabil ditzagun ditugun baliabide (ekonomiko, sozial, humano, akademiko) apurrak herriaren onuran. Irudikatu, marraztu eta diseinatu dezagun ingurune digitala aztertuko lukeen institutua: egun, administrazioek ingurune digitalaren gaiei era dispertsoan ematen dizkieten diru-laguntzak hobeto kudeatzeko eta norabide berean jartzeko; diziplinartekotasunaren bidez, ikerketaren emaitzen kalitatea biderkatzeko eta, azken finean, mugak gaindituz herri hau kohesionatzeko.

Gu mugitu ez arren, ingurua, ingurune digitala eta ingurukoak mugitzen dira. Eta azkar gainera. Jarraitu dezagun pausoz pauso bidea egiten, burua altxatu, alboetara begiratu eta, beste batzuk aspaldi egin duten bidea egin ez dugulako, beste herri eta unibertsitateak ikusteko urrunegi begiratu behar izan ez dezagun.