Astelehena, 2024ko uztailak 15
Gora joan

Historia

Cira Crespo
Cira Crespo

Historialaria, idazlea, txori zalea, Euskara-jendartekoa, kataluniarra. Bost gauza horiek naiz, besteak beste, gutxi gorabehera, eta karnetik gabe, bokazioz, eta ahal den bezainbat gozatzen ditut. Ez dakit ireki didaten leihatila honetatik amilotxik ikusiko dudan, ezta miru gorri dotorerik ere. Gaurkotasunari buruz hitz egiten didatenean, nahi gabe, txorien migrazioari buruz zergatik hasten naizen pentsatzen ere ez dakit... Baina, aizu, Cira, lurrera hankak, eta aurkitu orain historiatik gaurkotasunari buruz hitz egiteko manera, saiatu kontatzen, txori migratzaile bazina bezala, Euskal Herria nola ikusten duzun.

Bidegurutzean idatzitako oharrak

2024-06-12

Bidegurutze batean

Nola gurutzatzen, nola korapilatzen dira jasotzen ditugun zapalkuntzak gure baitan? Zein leku hartzen dugu menderapenaren adaburuan? Beti behean, batzuetan goian? Zapalketa mota berbera al da emakume guztiontzat? Zapalkuntzaren kontrako irtenbide posibleek zapaldu guztientzako balio berdina al dute? Non kokatzen dugu gure arazoen artean ekologismoa, adibidez? Horri buruz pentsatzeko ohar batzuk hartu ditut.

Diskriminazioak bidegurutze bat (intersekzio bat) zeharkatzen duen trafikoak bezala funtzionatzen du, norabide batean zein bestean joan daiteke.

1976an, General Motors-en kontrako epaiketa garrantzitsua izan zen. Bost emakume beltzek General Motors auzitara eraman zuten. Enpresaren antzinatasun-sistemak emakume beltzak diskriminatzen zituela salatzen zuten, beltzek nahiz emakumeek jasandako diskriminazio historikoaren ondorioei jarraipena ematen zielako. Emakume beltzak, beltzak zirenez, emakume zuriak baino beranduago kontratatu zituen enpresak; era berean, emakume zirenez, baita gizon beltzak baino beranduago ere. Beltz eta emakume izateak markatzen baitzituen, enpresa langileak kaleratzen hasi zenean, antzinatasunaren irizpideari jarraituz, emakume beltzak izan ziren kalera bota zituzten lehenak. Epaiketaren epaiak horrelako zerbait esaten zuen:

Argi dago demandatzaileak diskriminatu egin dituztela. Hala ere, ez litzaieke diskriminazioak konbinatzen utzi behar. Eskaera hau arraza-bereizkeria gisa dago aztertu beharra, edo, bestela, sexu-bereizkeria bezala, edo lehenengo era batean eta gero bestean; baina ez arraza- eta sexu-bereizkeria konbinazio gisa.

1989an, Kimberlé Crenshaw General Motorsen auzian oinarritu zen teoria interesekzionala formulatzeko. Hau zioen Crenshawek: diskriminazioak bidegurutze bat (intersekzio bat) zeharkatzen duen trafikoak bezala funtzionatzen du, norabide batean zein bestean joan daiteke. Elkargunean istripuren bat gertatzen bada, edozein norabidetan eta, kasu batzuetan, norabide guztietan bidaiatzen duten autoengatik izan daiteke. Era berean, emakume beltz bat bidegurutzean harrapatzen badute, haren lesioak «sexu-diskriminazioaren autotik» edo «arraza-diskriminaziotik» etor daitezke.

1977an, Katalunian, Maria Mercè Marçalek beste hau idatzi zuen:

Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana,
klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa.

1986an, II Jornades Catalanes de la Dona jardunaldietan ‘Dona i Nació’ hitzaldia aurkeztu zen. Han ardatz berri bat jarri zen, emakumeen zapalkuntzaren eta zapalkuntza nazionalaren arteko bidegurutze berri bat ikusi zen. Txosten horretan, besteak beste, honako hau esan zen: feminismoa matxismoaren pareko ez den gisa berean, nazio zapaldu baten nazionalismoa ezin da estatu-nazionalismo zapaltzaile baten mailakotzat hartu eta identifikatu.

Txano lumadunak

Harrituko litzateke Etta Lemon intersekzionalitateari buruzko nire ohar hauetan agertzera doala jakingo balu. Baina ez du jakingo, 1860an jaio baitzen, Ingalaterran, eta jada ez baitago gure artean. Sinpatia diodala ere ez du jakingo, gainera, nahiz eta gogoan dudan atzerakoia eta antisufragista sutsua izan zela. Eta zergatik gustatzen zaidan Etta Lemon? Bada, txoriak gustatzen zitzaizkiolako, niri bezala.

Natura ere zaindu beharraren kontzientziarik ez zen garaian, aitzindarietakoa izan zen Lemon. Haren borroka gogorrena haren garaiko emakumeek eraman ohi zituzten txano lumadunen kontra izan zen. Adibidez, gaztetan, elizara txano lumadunak jantzita joaten ziren emakumeen izenak apuntatzen zituen, eta etxera gutunak bidaltzen zizkien kontatuz zein txori klaseren lumak ziren eta nola hil zituzten txori horiek.

Txanoak lumekin apainduta egotea ez zen anekdota bat, baizik eta oso moda orokortua, moda hiltzaile bat, hain zuzen. 1870 eta 1920 artean, 18.400 tona basa-hegazti luma inportatu ziren Erresuma Batura, eta 150-300 hegazti behar zirenez beren ugaltze-luma apaingarri kilogramo bat osatzeko, milaka milioi hegazti hil ziren britainiarren eskaerari erantzuteko. Hegazti ugaltzaileei tiro egiteak arrautzak eta txitak bizirik ez irautea eragin zuen, eta, horren ondorioz, benetako galerak askoz handiagoak izan ziren.

Zer diren gauzak, txano horiexek berak emakume sufragisten ikurretako bat izan ziren. Horregatik, besteak beste, Etta Lemonen etsai handienetako bat Pankhurst andrea izan zen, Ingalaterrako sufragista ezagunena.

Goldea

1929 eta 1939 artean, Estatu Batuetan, kolonizazioaren aurpegi latzena aurrez aurre ikustea tokatu zitzaien... kolonoei eta beren ondorengoei. Oparotasun garai baten ondoren, New Yorkeko boltsak krak! egin zuen 1929an. Ekonomia txirotu hartan, herrialde erraldoi horren barnealdean, 1932 eta 1939 artean, Dust Bowl (Hauts katilu) izeneko lehorte tragiko bat ere pairatu zuten. Beren burua gainontzekooi kontatzen ongi asko dakite-eta, estatubatuarrek zorigaitz horren inguruko iruditeria aberatsa sortu zuten, pelikulak, irudiak, eleberriak, musika... Dorothea Lange argazkilariaren emakumeak gure bizilagunak balira bezain ongi gogoratzen ditugu, eta Steinbecken The Grapes of Wrathe (Suminaren mahatsak) eleberrian, gizon eta emakumeon min eta etsipenaz jabetzen gara.

Dokumental polit haiei ikuspegi dekolonialaren trapua gainetik pasatzen badiegu, beste min batzuekin egingo ditugu topo (bidegurutze batzuetan, jende bat ikusi ere ez da egiten; behin eta berriz pasatzen dira autoak Amerikako indigenen gainetik).

Franklin D. Roosevelt lehendakariak New Deal programa ekonomikoa jarri zuen martxan hondamendi ekonomikoari aurre egiteko. Horrekin batera, baita propaganda-makina emankor bat ere. Adibidez, Pare Lorentz zinema zuzendaria kontratatu zuen, haren politikaren aldeko dokumentalak egin zitzan. Bi dokumental egin zituen Lorentzek, ez oso luzeak, bai oso poetikoak: 1936an The Plow That Broke the Plains (Lautada hautsi zuen goldea) eta 1938an The River (Ibaia). Bi dokumentalek egitura oso antzekoa dute, eta oso erabilgarriak izan litezke naturaren suntsipenak dakartzan ondorioak azaltzeko eta gaur egungo krisi ekologikoaren aurrean zein kontakizun sortu behar den ikasteko. Off-eko ahots sendo eta dotore baten bitartez eta zuri-beltzeko irudi epikoak erakutsiz, bi lanetan azaltzen da kontrolik gabeko ekoizpenaren erruz higaturiko lurrei eguraldi txarraren ondorioek nola askoz gehiago erasaten dieten. Hau da, Dust Bowl-a ekarri zuen lehortearen erruduna ez zen eguraldia soilik, lur amerikarrak jasan zuen gehiegizko ustiapena ere bai.

The Plow That Broke the Plains, hain zuzen ere, mapa harrigarri baten aurkezpenarekin hasten da. Ipar Amerikako ekialdeko lurren pilaketa zentzugabea nolakoa izan zen agertzen da. Ez da argi eta garbi esaten, baina ulertu nahi duenak ikusten du pilaketa konkistaren esker egin zela; hau da, haiek guztiak konkistako lurrak ziren, eta han borroka odoltsuak izan ziren, eta sendagairik gabeko kalteak eragin. Izan ere, dokumental polit haiei ikuspegi dekolonialaren trapua gainetik pasatzen badiegu, lautada handi haietan, lehorte tragiko haren azpitik, beste min batzuekin egingo ditugu topo (bidegurutze batzuetan, jende bat ikusi ere ez da egiten; behin eta berriz pasatzen dira autoak Amerikako indigenen gainetik).

30eko hamarkadan Estatu Batuetan nekazari eta langile jendeak jasandako krisi ekonomiko eta ekologiko latz hura kolonialismo basatiaren ondorio ere izan zen. Landa-lur haiek konkistaren harrapakina ziren, eta hango nekazaritza ekonomia kapitalista berriaren esku jarri zuten, intentsiboki ustia zitezen. Han bizi ziren gizon-emakume talde natibo guztiak mendean hartu ziren era berean, bufalo-talde ia guztiekin bukatu zuten, eta laborantza jasangarria erabiltzeko aukerei bidea itxi.

Omnia sunt comnunia

2015ean, Pablo Carmonak eta Guillermo Zapatak, Mas Madrideko zinegotzi gisa kargu hartzeko, hurrengo formula hau erabili zuten: «Sí, prometo. Omnia sunt comnunia». Esaldia latinez dago, eta esan nahi du guztia guztiena dela, gutxi gorabehera. XXI. mendeko ezkertiar batzuentzat, goiburu edo ikurritz moduko bat bihurtu da esaldia. Eta, seguru asko, lema horri oihartzun egiten dio Espainiako ezker konfederalak Katalunian hartu duen izenak: Comuns.

Lur komunalen amaiera kapitalismoaren garapenarekin dagoela lotuta. Guztienak ziren lurrak dirua zeukatenen eskuetara pasa ziren.

Lelo horren arrakastaren zati bat Europako ezkertiarrek lur komunalei buruzko azterketez erakutsi duten interesarekin lotuta dagoela esango nuke, baita lur komunalek berregituraketa ekonomikoa errazteko izan dezaketen potentzialarekin ere. Iturria historikoa da. Ingalaterrako historialari batzuek diote lur komunalen amaiera kapitalismoaren garapenarekin dagoela lotuta. Guztienak ziren lurrak dirua zeukatenen eskuetara pasa ziren. Ideia hori gogoan, Europako beste leku batzuetan tankerako irakurketak egiten saiatu dira. Ikuspuntu historiko hori zabaltzen laguntzen duten liburuen artean dauzkagu, adibidez, Estatu Batuetako Peter Linebaughen The Magna Carta Manifesto. Liberties and Commons for All (2009), eta 2013an plazaraturiko Manifiesto de la Carta Magna, Traficantes de Sueños argitaletxe madrildarrekoen hitzetan, «prokomuna konstituzio politikoari buruzko eztabaidaren erdigunean berriro kokatzeko liburua».

Gaiari buruz hitz egiten du Roxanne Dunbar-Ortizek nire liburu gogoenetako batean, An Indigenous Peoples’ History of the United States (La historia indígena de Estados Unidos, Estatu Batuetako historia indigena, Capitán Swingek argitaratua 2018an), eta, dioskuna entzun eta gero, konturatzen gara kultura hegemonikoetako ezkerrak intersekzionalitateari buruz egiteke daukan lana handia dela. Agian interesatzen ez zaiolako.

Errugabetasuneranzko karreraren bertsio sofistikatuagoa, kolonialismoa betikotzen laguntzen duena, gizarte mugimenduen teorian 1990eko hamarkadan hasi zen garatzen. [...] xxi. mende hasierako moda akademikoa da, eta Erdi Aroko ‘komunen’ kontzeptu europarra berpiztu nahi du, mugimendu sozial garaikideentzako helburu gisa. Ondasun komunei buruzko idazki gehienek ia ez dute aipatzen zein izango den herri indigenen patua lur guztiak partekatzeko proposamenari dagokionez. Kanadako bi akademikok eta aktibistak, Nandita Sharmak eta Cynthia Wrightek, adibidez, ez dute aukerarik galtzen indigenen lurren eta subiranotasunaren erreklamazioei uko egiteko orduan, eta ‘elitismo xenofoboa’ deitzen diete.
Lorraine Le Camp [adibidez, oso kritikoa da], eta akademikook aldezten duten Ipar Amerikako herri indigenen ezabaketa mota horri ‘terranulismoa’ deitzen dio. Terranulismoak lur konkistatuari terra nullis –inorenak ez diren lurrak– esaten zion aurkikuntzaren doktrinari egiten dio erreferentzia. Historia mota horretan inork ez du errurik.

Erruduntasunaren inguruan, James Baldwin pentsalari afroamerikarrak ere esan zuen zerbait:

Badakit ehunka mila bizitza suntsitu dituztela eta suntsitzen jarraitzen dutela, eta haiek [zuriek] ez dakite, ez dute jakin nahi. Suntsipenari eta heriotzari dagokienez, indartsuak eta filosofikoak izan behar dugu, hori baita gizateriaren gehiengoari hobekien eman zaiona gizakia gizaki denetik. Hala ere, ez da onargarria suntsiketaren egileak ere errugabeak izatea. Errugabetasuna da krimena.

Zein hurbilekoa egiten zaidan inork errurik ez duen kontu hori... Horrela izan zen. Hori gertatu zen, eta kitto. Gauzak gertatzen dira baina ez gara errua banatzen hasiko, ezta? Jakina, nola hasiko gara inori errua botatzen? Noiz bukatuko dugu, orduan? Hori ez da inoiz bukatzen, neska, ezin gara horrela ibili.

Inori errurik bota nahi ez badiozu, beharbada, errudunen aldean zaudelako da. Esaiozu, bestela, Espainiako trantsizioa burutu zutenei.

 

*      *     *

 

Ohar hauek nire bidegurutzetik idatzi ditut, autoak pasatzen ikusiz, nire aurka zein doazen identifikatzen saiatuz, eta ez da erraza. Eta handik galdetzen diot neure buruari, zein txorirena ote da Estatu Batuetako ezkertiar zurien txanoetako luma? Eta Espainiako ezkertiarren txanoetako luma? Eta gurea?