Larunbata, Igandea, 2020ko uztailak 04
Gora joan

Glokalia

Alba Garmendia Castaños
Alba Garmendia Castaños

Nirekin hamar bizilagun eta denera lau baserri zituen auzo batera jaio nintzen. Eskola Txiki batean hasi nintzen mundua ezagutzen. Eta beharbada horregatik dut gustukoago jende apal eta umila. Ttikitik idatziko dut hemen ere. Niretik baino gehiago, beste txiki-handi batzuen ahotsetik. Tartean, totalitario izateko joera hartu didan tesiak ihes egingo dit testuetara. Onartzen dut filosofiaz eta utopiaz ere arituko naizela; bidelagun atseginak dira, mundua eraldatzen jarraitzeko.

Eskerrak jaio ginen!

Amildegiaren efektua du gorputzak batzuetan: erakarri egiten du, eta aldaratu. Onintza Enbeitak Berria-ko Bira atalean esan zuen jada badakiguna: «balio estetiko soiletara kondenatu dugu eta zigortu egiten dugu [gorputza]. Ez zaigu gustatzen. [...] [B]eti badugu zerbait geure gorputzaren kontra» (2020-01-19). Imitaziozko urrez apaindutako kartzela, ordea, hori baino gehiago da eta esan gabe zenbat gauza adierazten dituen gogorarazten zigun; kasu gehiago egin beharko geniokeela. Baina urreak erakartzen gaitu, gorputz gordinek eta egiazkoek adina akaso, eta azken horiei hala ere uko.

Bada margolan bat amildegiaren efektu horixe oroitarazten duena: Laino itsasoaren gainean alderrai, Caspar David Friedrich margolari erromantikoarena. Gizon bat bizkarrez arroka batzuen gainean, itsaso haserreari begira. Bere gorputza botako ote du? Edo enbataren handitasunarekin bat egin nahian ote dabil hari so? Itsaslabarrari zerbait ikusiko zion Immanuel Kantek ere, naturaren fenomenoen aurreko halako sentimenduaz idatzi zuen eta. Berak esana da sublimea ez dela soilik atsegin dugun hori, terrorea –edo beldurra, malenkonia, harridura– ere sortzen digun sentimendua baizik. Gorputza ere hori delakoan nago, plazer iturri zein gudu zelai. Amildegiaren aurreko bertigoaren eta transzendentziaren pareko zerbait ez al da orgasmoaren sublimea ere?

Gorputzaren nekeak sublimetik urrun daude gehienetan, ordea. Egia esan, nire eguneroko lanak gorputzik gabea dirudi kasik. Hamar hatz teklatuan eta begi parea testuan, ez gehiago. Nekea ere adimenarena begitantzen zait egunaren amaieran. Gorputza ahazte hori gaitz ohikoa da beharbada ikerketa-mundu hauetan.

Horiek horrela iritsi baitziren ditxosozko Joxe Azurmendi Kongresuaren egunak. Euskal pentsamenduaren muina biltzen zuela zirudien hartan teoriek, abstrakzioek edo filosofiak berak behar lukete protagonista akaso; baina jaramon gutxi egin niela aitortuko dizuet, gorputzak ikusten, entzuten eta sentitzen despistatu bainintzen. Aretoa betetzen zuten entzule (ez hain) anonimoen eta izen-abizendun hizlarien gorputzak, urduritasunak izerditutako eskuak, sabeleko tripa-zorriak, eztarri bateko korapiloa, baten haserre eutsia eta bestearen ahots hautsia... Beharbada haiek ere saiatu ziren soinetik abstraitzen, baina bazegoen testuek ez zioten zerbait gorputz haietan.

Kasualitatez edo ez, baina azkena irakurri ditudan bi liburuek gorputza dakarte azaletara. Gorputz ukatua eta askapenaren bide den gorputza. Idazleen gorputzak deitzen da Eider Rodriguezen lana, eta Laura Mintegiren hitzek parafraseatzen dute aurreko ideia: «Ukatu egiten dut [gorputza]. Urteak dira ez diodala uzten ezta ortutsik ibiltzen ere. Ez dut sentitu nahi gorputzaren bidez ezer. Konturatzen naiz ez dela naturala. Badakit» (48. or.).

Gorputz honetatik dio Elena Olaverenaren azpitituluak eta, honela, Gudu zelaia ezbaian poemak (Zeldak, 54. or.):

Kaiola omen da gorputza
barroteen artetik izpiak igarotzea beharrezko duena
barnea elikatzeko, hura salbu izateko
oholtza gainean preso damu baten tankera hartzean lurrean ez pausatzeko
hankak dardarka dauden aldi berean arkitektura oso
baten kontzientziaz
organo guztien arteko komunikazioa bermatzeko
tente eta erne muga batzuen baitan jardun ahal izateko.

Kaiola da gorputza
baina askapena ere, bitartekaria noizbehinka
kontrolpean dugun oro alde batera uzteko
forma landuz, haragia modelatuz, rolak uztartuz
usainak burdinatik burdinara lekualdatuz
lurrundutako espazio sargori batean arnastu ahal izateko
haragizko barroteen baitan dagoen ugaztun asmatikoari
eskua luzatzeko.

 

‘Trans’ aurrizkiak zerbaitez haraindi eta zerbaiten barrena esan nahi du. Atlantikoa zeharkatzen du transatlantikoak; ezagutzen ditugun mugetatik haratago dagoena da transzendentzia. Transhumanismoak, gizakia teknologikoki hobetuz, gizatasuna bera gaindituko duen izaki bat bilatzen du; ‘cybernetic organism’ bat, cyborg bat.

Francisco Martorell filosofoaren doktorego tesian ideia nagusietako bat da ondorengoa: gure garaian makinak ez dira, modernitatean bezala, gizakiaren kanpoko zerbait. Utopiak eta distopiak postmodernitatean (70eko hamarkadaren erdi paretik gaur egun arte, dio) izan duten eraldaketa aztertu zuen 2015ean argitaratutako tesian. Utopia modernoaren heroia sistema politikoaren kontra ari den iraultzailea bada, postmodernoarena naturaren kontra dabilen cyborga da. Berdintasuna bilatzen bazuen lehenak, hilezkortasuna, bigarrenak. Gorputz soziala eraldatu nahi zen lehen; orain, biologikoa (Martorell, Transformaciones de la utopía y la distopía en la postmodernidad, 352. or.). Hala, gure garaiaren ezaugarria da modernitatean hain argi zegoen gizakiaren eta makinaren arteko bereizketa, naturaren eta artifizioaren artekoa, desegin izana; «teknologia postmodernoak eragindako metafisikaren deribaren sinbolo bihurtzen da cyborga» horrela (529. or.).

Zientzia fikzioak (eta kirurgia estetikoak) gorputzaren mugen distopia asko erakutsi dizkigu, alajaina! Baina inor ez doa ebakuntza-gelara sartu denean baino itxura okerragoarekin aterako den ustean. Izan ere, ordura arte distopikotzat jotzen zen giza gorputzaren hobekuntza teknologikoa desiragarritzat ikusiz joan zen pixkanaka. Protesiak, dena delako errendimendua hobetzeko pilulak, sexua aldatzeko operazioak, taupada-markagailuak, inplanteak... teknologia medikuntzan sartu zenetik bizitza hobetu zaigula ere aitortu beharko dugu.

Martorellek cyborgizazio prozesuan hiru gradu bereizten ditu: (1) Ezagunena: gailu teknologikoz osatutako giza organismo bat da cyborga, bizitza nabarmen luzatua edota bere gaitasunak bereziki garatuak izanagatik giza fisionomia duena oraindik. (2) Desaragitzearen fase erradikalago honetan, garuna baino ez da libratzen. Zahartzen eta hiltzen ari den gorputza albora utzi eta burmuinak soilik bizirik irauteko moduko teknologia bilatzen da. (3) Hirugarren mailan, garuna bera ere ordezkagarria da. Buruko prozesuak «egoera funtzionalak dira eta, beraz, egiten dituzten funtzioek ezaugarritzen dituzte, ez bere euskarriak» (408. or.); gure garunaren segurtasun-kopiaren moduko zerbait egiten da orduan, euskarria hiltzen denean edukiak hilezkor iraun dezan. (Bai, niri ere pasa zait burutik Joxe Azurmendi cyborg baten fantasia.)

Gorputza ahaztu nahi izatea ez da, ez, akademiara mugatzen. Baina ezta literaturara ere, fikziotik gero eta gehiago duela dirudien zientzian esperimentuak egon bai baitaude. Jakin-minez bazaudete, Kevin Warwicken cyborg proiektuaz galde diezaiokezue Interneti.

Xelebrekeriak aparte, gizatasunaren muin-muineko zerbaiti heltzen dio kontu honek, zeri esaten ondo asmatzen ez badugu ere. Betierekotasun desiratuari eta heriotza izugarriari erantzuten diola esango du baten batek; zahartzen eta galtzen ikusten den gorputza duin (?) mantendu nahiari, besteren batek; edo bizi ditugun garaien isla dela uste izango da, besterik gabe? Zibernetikaren, adimen artifizialaren, ingeniaritza genetikoaren, nanoteknologiaren... garaiotan, garapenak liluratuta, gorputza bera ere muga biologikoetatik askatu eta abatar bihurtu (nahi) baitugu. Pausorik deserosoenak sare sozialaren hormaren atzetik eman ostean, ordea, goza dezala hezur-haragizko gorputzak. Eta amildegiaren aurrean gaude berriro.Ernst Bloch (Egilea: Jacquelinekato)

Gaixotasunak eta heriotzak hor diraute, hala ere. Aurre hartu nahian edo onartu nahian, baina haiekin borrokan jarraitzen dugu. Heriotza utopiaren ukapena bera dela esan zuen Ernst Blochek –utopiaren filosoforik ezagunenetakoak–, baina, azkenean, halabeharrez onartu besterik ez daukagula:

Etorkizunean askoz ere errazago hilko da gizakia, bere bizitza ez da indarkeriaz laburtuko eta klase zapaltzaileak sortutako bizi-larritasuna desagertu egingo da. [...] Hala ere, atzeratuagatik ere, heriotza naturalak zutik iraungo du, ezein askapen sozialek aldatu ezin duen horren modura. Pobrezia eta bizitzarekiko kezka desagertutakoan, heriotzarekiko egonezina gogortasun berdingabeaz ageri zaigu (Martorelli jasotako Blochen aipua, 368. or.).

Jaiotzen garen bezala hiltzen gara, bakarrik. Bitartean dago utopia. Bizi garen bezala amesten dugula esan zuen beste hark ordea, bakarrik. Baina sinetsi nahi dut bakardade existentzialak ez duela indibidualtasun soziala esan nahi, eta hortxe dago utopia postmoderno transhumanista horien okerra, Martorellen ustez: apolitiko diren ustean, indibidualismoaren eta kapitalismoaren apologia egiten dutela. Alegia, punta-puntako teknologiaren bidez natura bera desagerraraztea ez da zibilizazio bidezkoago bat lortzeko egiten, hilezkortasun indibidualera iristeko baizik (527. or.). Bestela esanda, «[b]adirudi behinola saihestezin zena (heriotza) kontingentzia bihurtu dela, eta kontingentea zena (produkzio-modu kapitalista), berriz, saihestezin» (360. or.).

Guztiz bestelakoa eman lezake Manjula Padmanabhan artistari duela pare bat urte Tarragonan entzun nionak, funtsean Blochekin bat etorriko litzatekeela esango nukeen arren. Ikerketa utopikoen elkarteak antolatutako kongresuaren irekiera aprobetxatu zuen bere utopiaren bost zutabeak motz azaltzeko. Horietako batek ezinbestean eman zidan atentzioa: heriotzak. Heriotzarekin eroso egoten ikasi behar dugula esan zuen, bizitzak bukaera bat izatea pribilegio bat dela, denbora kontuz erabiltzea eskatzen diguna. «Heriotzari eskertuak egon beharko genuke». Tonu kaustikoagoan zuen aldarri heriotza duina Joan Mari Irigoienek Gabonen bezperan: zer moduz zegoen galdetu zion kazetariak, «hilzorian, bestela ondo», erantzun zuen (Berria, 2019-12-20). Ezintasun izateari uztea nahi badugu, heriotzaren ezinbestekotasuna eta haren aurreko ezinegona iruditeria utopikoan sartu beharko ditugu.

Cyborgak kontzebitu aurretik ere hiltzen zen jendea. Baziren gizatasuna gainditzearen eta hilezkortasunaren ametsak; gorputzaren nekabidearen amesgaiztoak. Galdera zaharberritua da, zerk egiten gaituen nor: gorputzak edo garunak, edo biek, eta teknologiak? Norberak bere zeldak ditu, bestalde; bere beldurrak eta minak, gorputzarenak eta gogoarenak. Eta bere askabideak, onarpenak eta ukazioak eta plazerak... Badu amildegiaren efektua gorputzak.

Bizilagunarenean, aldarri errepikakorra omen dute bizitza: «eskerrak jaio ginen!». Esandako guztien ondoren, eskerrak hiltzen garen ere. Zer da sublimea, bestela?