Astelehena, 2020ko maiatzak 25
Gora joan

Glokalia

Alba Garmendia Cataños
Alba Garmendia Cataños

Nirekin hamar bizilagun eta denera lau baserri zituen auzo batera jaio nintzen. Eskola Txiki batean hasi nintzen mundua ezagutzen. Eta beharbada horregatik dut gustukoago jende apal eta umila. Ttikitik idatziko dut hemen ere. Niretik baino gehiago, beste txiki-handi batzuen ahotsetik. Tartean, totalitario izateko joera hartu didan tesiak ihes egingo dit testuetara. Onartzen dut filosofiaz eta utopiaz ere arituko naizela; bidelagun atseginak dira, mundua eraldatzen jarraitzeko.

Egunen gurpilean

Erantzunbeharraz

Filosofia Fakultatean ostegunero Mintegi Irekia egiten da. Astero hizlari bat etortzen da filosofiaz edo filosofia inguratzen duen gairen bati buruz hitz egitera, eta astero biltzen da entzule taldetxo interesatua. Ohiko galde-erantzunen ondoren, solasaldiak fakultateko tabernan jarraitzen du, etxeko zenbaitekin batera gonbidatzen baitute hizlaria bazkari-legea egitera.

Lehengo batean liburu aurkezpen bat egin zen; Fito Rodriguezek ‘Fake News’ ez dira atzo goizekoak liburua aurkeztu zuen, orri gutxi baina kontu asko biltzen dituen saiakeratxoa. Fake news delakoa nahita sortzen den berri faltsu bat da, egiazkoaren itxura ematen zaiona hartzailea engainatzeko edo manipulatzeko helburuarekin. Dakigunez, ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Trump fenomenoaren eta fake news-en loturaz hitz egin zuen Mikel Reparazek elkarrizketa labur batean: «Berak [Trumpek] sortu du albiste faltsuen unibertsoa, eta oso emaitza onak eman dizkio AEBetan. Europako alderdi askok errezeta hori hartu dute, eta gezurra da osagai nagusia» (Berria, 2019-04-30).

Politikaren jokalekuan gezur berariazko eta demagogikoa ere ez da atzo goizekoa (horrek sortu beharko ligukeen asaldura beste baterako utziko dut). Aurreko hartan arduratu ninduena izan zen Rodriguezek fake news-ei egozten zien izaera performatiboa. Gezurra egia bihurtzen dutela, alegia. Pigmalion efektuaren bidez azaldu zuen. Besteenganako ditugun aurreiritzi edo usteek euren errendimenduan eragina dutela esatera dator teoria; errepikatzearen errepikatzeaz gezurra sinetsi eta egia bihurtzen dugula esateko beste modu bat da. Hausnarketa deserosoa da orduan pentsatzea noraino garen albiste faltsuen egikaritzearen erantzule.

Erantzule, bitxia hitza. Bi adieraduna, Euskaltzaindian: «1. Erantzuten duen pertsona». «2. Zerbaitek eragindako ondorioak bere gain hartu behar dituen pertsona». Lehen begiratuan kulpari erreferentziarik egiten ez bazaio ere, ondorioen kargu egiteak lozorroan baina beti adi dugun kristaua esnarazten digu nonbait. Hala, hiztegi berari erru hitza definitzeko eskatuta, «hutsegite baten erantzukizuna» diosku. Hanka-sartzea nork egin duen ez dakigu, baina, ardura eta kulpa pertsonalki sentitzen ditugun neurrian, norberak egina balitz bezala epaitzen dugu. Trump AEBetako presidente izaten noraino lagundu dugu? (Trump urrutiegi sentitzen badugu, etxetik gertuago ere baditugu antzeko adibideak). Botorik izan ez dugun arren (botorik eman ez arren), bere nabarmenkeriak bolo-bolo zabaltzeak nolako mesedea egin dio?

Batere onik egiten ez diguna damu eta kulpetan itotzea da. Hori horrela, erantzukizunaren eta erantzunbeharraren arteko bereizketarekin amaitu nahi nuke. Hiztegiak esanahi bera egozten badie ere («erantzule izatea; hortik datorren eginbidea»), Joxe Azurmendik sakontasun gehixeago ematen die Barkamena, kondena, tortura liburuan, Karl Jaspers-en hausnarketak euskarara ekartzerakoan. Erantzunbeharra, orduan,

... erantzukizun zibila da, berme edo abala, garantia, fidantza; ez zaio egintzaren egileari erreferitzen, egintzaren ondorioei baizik; eta subjektu egilearen erruaz ala gabe, subjektu erantzunbeharrekoa berdin-berdin obligatzen du (29. or.).

Edo: fake news-a nork sortu edo zabaldu duen alde batera utzita, asmakuntza egia bihurtu bada ere, horren kulpak banatzen jarri gabe, haren ondorioei erantzun beharraren obligazioa daukagu. Horrek ez du esan nahi ardura pertsonalik ez dagoenik, norbere kontzientzia aztertu behar ez denik, kulparik ez dagoenik. Baina hauteskunde batzuen emaitzaren erruduna (auto)zigortzen aritu baino, indarrak haiei erantzuten jartzean datza.

(Erantzun)beharrean

Erantzunbeharra arduraz hartu duten bi dira Marina Garcés eta Antonio Casado. Fito Rodriguezen liburu aurkezpena bukatu eta segidan beste bi izan genituen, oraingoan Carlos Santamaria Zentroko liburutegiko Txillardegi aretoan. Aretoaren izaerak merezi du aipamentxoa ere. Paretik pasatzerakoan, hutsik dagoela dirudien gela bat da. Erakusketaren bat dago (ia) beti kristalezko ate gardenetatik bestaldera. Tripa-zorria esnatzen duen hamaiketakoa usaintzen da noizbehinka, kontuak esateko aitzakia ematen duena, gainera. Beste batzuetan hitzaldiak izaten dira, edo talde txikitan hitz egiteko bildu den jendea. Beti ere unibertsitateari akademiaren tribuna kendu eta gizartearekin parekatzea bilatzen da.

Baina esaten ari nintzen Humanidades en acción eta Cultura dual liburuak aurkeztu zirela, Garcések eta Casadok editatuak, hurrenez hurren (EHU telebistan ikusgai dago solasaldia, nahi duenarentzat). Lehena proiektu zabalago baten zati bat da. ‘Aula Oberta’ Bartzelonako Institut d’Humanitats-ek sortutako topaleku bat da; ikertzaileak, artistak, aktibistak, idazleak eta abar elkartzen dira bertan, egiten dabiltzana kontatzeko eta hari buruz hausnartzeko. Webgunean diotenez, humanitateak «ezagutzara eta sormenera gerturatzeko modu bat» direla uste dute, baita ezagutza eta sormen horien «ondorio sozial, politiko eta humanoetara» gerturatzeko modua ere. Helburua? «Mugimenduan den mapa bat bistaratu eta eraldaketa bultzatzea»; kritika erabiliegietan edo egin beharrekoaren proiektu handiegietan galdu gabe, jada egiten ari direna partekatzea, baita huts egin duena ere. Aula Obertan izandako hogei parte-hartze jaso dira liburuan.

Bigarren liburuak ere unibertsitatearen eta gizartearen arteko loturan jartzen du arreta. Gizarte zabalarekin duen harremanaz ez ezik, zehazkiago lan munduarekin eta kulturarekin duenaz ere mintzo dira hogeitik gora kolaboratzaile. Unibertsitateak batzuetan eskizofrenia moduko bat bizi baitu: hierarkien sustatzaile da askotan, edo kalitate adierazleen esklabo, baina subertsiorako gune ere bada, jakin-mina eta ardura soziala dituztenen topagune. Identitate krisi horri erantzutera etorri da liburua, Casadoren hitzetan, ikerketa eta irakaskuntza prestigiotsuen ondoan unibertsitatearen hirugarren funtzioa –funtzio kulturalarena edo hedakuntzarena– hankamotz dagoela eta. Nola gerturatu herrira unibertsitatean sortutako jakintza? Nola luzatu elkarrizketarako gonbita, berdinetik berdinera?

Askotan entzuten da, bestalde, unibertsitatea dela Erdi Aroko instituzioetatik gutxien aldatu dena. Badirudi aldaketak azkarrago gertatzen direla kanpoan, eta eskola magistralek ‘komenturatutako’, itxitako, jakintza ematen dutela. Solasaldian gure mendeko arazoez ere mintzatu ziren, tartean, unibertsitate neoliberalaz: ikaslea bezero bihurtu dela; eta bezeroa gaintituludun langabe; burokrazia neurrigabe eta zentzugabea eguneroko ogia egin zaigula; argitalpena helburu bihurtu dela, eta ez bertan esaten dena eztabaidatzeko aitzakia; munduan humanitateetan idazten diren artikuluen %90 ez dituela inork irakurtzen. Literalki, inork ez. Eta ez dira fake news-ak.

Azaluts

«Nola esan ezetz, uko egin gabe». Hori izan zen Garcésen erantzuna edo, akaso, hausnarketa. Egoera bikain aztertzeko adina jakintza badugula, baina, hala ere, askotan, erantzuteko ahalmenik gabe gaudela gogorarazi zigun. Aldizkariak artikuluz asetzea bainoago, espazio hutsak sor ditzakegu esan, entzun eta irakurri nahi dugunaren bila aritzeko.

Ez baitira hutsalak Mintegi Irekiko hizlaria bazkaltzera gonbidatzea, Txillardegi aretoaren izaera eta hango lunch-ak, Aula Obertaren izana. Gehiago ere badira, kuxkuxean aritu nahi baduzue aipatuetakoetatik gertu daude, Bartzelonan bertan, Espai en Blanc, Barcelona Pensa jaialdia edo Ciutat Oberta bienala. Gurean, filosofia kalera ateratzeko helburuarekin, Pentsatu! jaialdia egin da; gaztetxeek hamarkadak daramatzate espazio berberari imajinazioak utzi besteko erabilerak berrasmatzen; udako kurtso eta jardunaldiak aukera ezagun egin dira jakintza gizarteratzeko eta eztabai beharrezkorako. Gehiagoren bila jar gaitezke edota berriak sor ditzakegu.

Kontu horietaz informazioa biltzen nenbilela, ezagutzen ez nuen hitz batekin topo egin nuen: azaluts. Esanahia bilatzerako, emana nion nirea: espazio ireki baten antzeko zerbait imajinatu nuen, azala zuena (mugatua, zedarritua), baina hutsa (barnean edozer har zezakeena, irekia). Hiztegiak atzekoz aurrera jarri zidan asmo oneko asmamena, ordea; «itxurazalea, hipokrita» omen baita azalutsa. Aukeran, nahiago dut nirea. Irudimenari mugak jarri gabe eta inozentzia hutsez sortzea ere gauza ederra da!

Sormenerako lekua uztea, entzutera joan aurretik zer esana izan daitekeela pentsatzea, espero ez denari lekua egitea, harridura eta irudimena erdigunean jartzea... uko egin gabe ezetz esateko modu bat dira. Espazio hertsagarriak elkargune izateko hustea bezalaxe, baita zerekin bete erabaki aurretik ere. Mintegi Irekiko beste saio batean, Julián Pachok galdetu zigun noraino garen pentsatzen dugunaren erantzule. Ez dago sobera galdetzea zein neurritan eragiten digun inguruak pentsamenduan; testuinguru hurbilak zein jaio garen maila sozioekonomikoak, hizkuntzak, kulturak, herriak... Irudimenak, agian, ez du ezer berririk sortzen. Pentsatu duzue inoiz inguruko baldintzaren bat(zuk) bestelakoak izan balira noraino aldatuko litzaizkigukeen gure usterik eta sinesmenik oinarrizkoenak? Jakin dakiguna ere ez al da zirkunstantzia asko kateatzearen ondorioa besterik? Eta aukeratu gabeko egoera baten ondorio bagara, erantzukizunik ere... Determinismotik ihesi, ordea, irudimenaren eta erantzunbeharraren bueltan aritu ziren hiru liburu aurkezleak. ‘Azalutsaren’ hitz-jokoa hori baino ez da, hitz-joko besterik gabeko bat; erantzunbehar irudimentsuaren potentzialaren oroigarri ere izan dadila.