Asteartea, 2024ko apirilak 23
Gora joan

Glokalia

Alba Garmendia Castaños
Alba Garmendia Castaños

Nirekin hamar bizilagun eta denera lau baserri zituen auzo batera jaio nintzen. Eskola Txiki batean hasi nintzen mundua ezagutzen. Eta beharbada horregatik dut gustukoago jende apal eta umila. Ttikitik idatziko dut hemen ere. Niretik baino gehiago, beste txiki-handi batzuen ahotsetik. Tartean, totalitario izateko joera hartu didan tesiak ihes egingo dit testuetara. Onartzen dut filosofiaz eta utopiaz ere arituko naizela; bidelagun atseginak dira, mundua eraldatzen jarraitzeko.

Hiru ohar distopiaz

Pandemia eta distopia

Urtearen lehen herena pasatzerako, sumatzen genuen 2020ko hitzik esanguratsuenen artean egongo zela ‘distopia’. Zer den esateko eskatuz gero, lanak izango genituzke definitzen, baina loturaren bat ikusi genien pandemiari –edo, hobe: haren kudeaketari– eta distopiari.

Zenbaki honetara ekarri den udako Jakin Jardunaldiak, hain zuzen ere, Pandemiak, distopiak eta mundu berriak zioen. Eta, egia esan, faltan bota nituen azkenak. Pandemiak eta distopiek, berriz, presenteago ziruditen. Urtearen azken herenean sartu berritan ere nonahi ikusten ditut oraindik: albistegietan, telesailetan eta pelikuletan, lagunarteko elkarrizketetan... –albisteak fikzioarekin nahasteko tentazioari eutsi ezin diogunetan, bereziki–. Horregatixe ekarri ditut, oraingo honetan, distopiaren kontzeptua argitzeko eta pandemiatik bereizteko hiru ohar.

Bat: apokalipsia eta distopia ez dira gauza bera

Bereizketa sinple bat, hasteko: distopia ez da apokalipsia, munduaren amaiera edo azken judizio sekularizatua.

Apirilaren azkenetan azpimarratu zituen desberdintasunok Francisco Martorellek elDiario.es-en (‘¿Estamos viviendo realmente una distopía?’): apokalipsiaren generoak egungo zibilizazioa desegiten duen zerbait kontatzen du (hondamendi ekologikoak edo nuklearrak, birus hilgarriak, estralurtarren erasoak, zonbienak, asteroideak, roboten matxinadak...); postapokalipsiari buruzko kontakizunek, berriz, apokalipsiaren ostean bizirik iraun ahal izateko egin beharreko gerra basatiaz dihardute.

Pandemia-egoera honi irakurketa apokaliptikoa eginez gero, esan beharko genuke gure gizartearen amaiera ekarriko duela birusak. Hau da, zibilizazio egiten gaituzten ezaugarriak galduko ditugu, dela gizakia desagertuko delako, dela bizirik irauten dutenek bizitzeko modu berriak asmatuko dituztelako. Ontzat emanda ditugun gizarte-antolaketa, kultura, mundu-ikuskera, sinesmen, lege... guztiak borratuko dira. Berriak sor litezke, demagun, txertoa asmatu osteko munduan. Gizarte postapokaliptikoa izango litzateke hori: bizirik atera direnek, hala iraun dezaten, egin beharreko borroka luzearen mundua. Edo mundua desegin zitekeen guztiz, eta ez litzateke gizarte postapokaliptikorik izango orduan.

Distopia beste gauza da, ordea. Distopiak gaur egungoa baino okerragoa den gizarte bat irudikatzen du, ez munduaren azkena. Lyman T. Sargenten definizioak dio zehaztasun handi samarrez deskribatutako gizartea dela distopia, ez dela existitzen eta irakurlea bizi den gizartea baino okerragoa den bat irudikatu nahi izaten duela idazleak (‘The Three Faces of Utopianism Revisited’). Hau da, gaurkoa baino okerragoa den eta existitzen ez den gizarte baten deskribapena da distopia.

Hasteko, beraz, ez da oso erraza 2020a distopia dela arrazoitzea. Zientzia fikzioak bereak ditu arrazoimenari ihes egiten diotela diruditen itzulipurdiak, denboraren eta espazioaren legeak antzaldatzen dituztenak; baina esango nuke gehitxo esatea dela gaurkoa baino okerragoa den eta existitzen ez den gizartea dela gurea.

Hala eta guztiz ere, azken hilabeteetako egoerari distopiarik klasikoenen antza hartu diogu. Orwell, Huxley eta Bradbury hirukote ezaguna hartuz gero, esate baterako, itxialdi-hasiera hura eleberri distopikoetako ispiluan ikus genezakeen: gizarte hiperordenatuak, estatu-kontrol sinesgaitza, pentsamendu propiorik gabeko esaneko masak, diziplina eta araua akritikotasunez onartzen zituzten biztanleak... Nonbaitetik atera ziren pandemia-egoeraren eta distopiaren konparazioak.

Boteprontoan etorritako ideia da, baina, agian, bat-bateko aldaketa erradikalek eman diote kutsu distopikoa errealitateari. Gauetik egunera ezezaguna zen gizarte batean aurkitu genituen gure buruak, ohiz kanpoko arauak zituena eta portaera berriak eskatzen zizkiguna. Esango nuke aldaketa leunagoa izan balitz ez genukeela distopiak eskatzen duen distantziatik irakurriko errealitatea; eguneroko mespretxu txiki-handiek ondutako harremanean, kolpeak, indarkeria baino, maitasuna esan nahi duen moduan. Amesgaizto errealegi batean bezala ikusi ginelako irudituko zitzaigun, agian, distopia deituta irreal izaten jarraituko zuela edo...

Distopiaren eta errealitatearen arteko loturan murgildu aurretik, ordea, argi gera dadila lehen ideia: distopia ez da apokalipsia. Ezagutzen duguna baino okerragoa den munduak (distopia) ez du haren amaiera (apokalipsia) esan nahi.

Bi: distopia gaurkotasunaren kritika da, baina gaur ez da distopia

Ñabardura bat, jarraian, esan berri denari: distopia idazleak «irakurlea bizi den gizartea baino okerragoa den bat irudikatu nahi izaten du»; hau da, ez du unean uneko gizartea bera deskribatzen, haren hausnarketaren batetik abiatuz hura baino okerragoa den bat baizik. Distopiak, beraz, ‘gaurko’ gizarteari idazten dio, gaur ez izateak ahalbidetzen dion distantziatik.

Horrexegatik, hain zuzen ere –gaur ez delako eta existitzen ez delako–, irudimenak ahalbidetu besteko askatasunez aritu daiteke distopia gaurkotasunaz. Izan ere, beste denbora edota espazio batean kokatu ohi dira kontakizunok, eta irudimenezko gizarte arrarotuak eta ez-desiragarriak deskribatzen dituzte.

Asmamenaren mugen bilaketa ez ezik, ordea, distopia egileak bere gizartearen analisia egiten duela onartu ohi da; hura izatera irits litekeena eman nahi duela aditzera-edo, abisu moduko bat balitz bezala. Distopiaren funtzioetako bat izaten da kritika.

Gauzak horrela, distopiak gaurkoa eta hemengoa izan zitekeen gizarte bitxi bat erakusten du, hain justu, gaurkoa eta hemengoa kritikatzeko. Egia da distopietan desiragarriak ez diren gizarte arraroak deskribatzen zaizkigula –ezagutu ote dugu aurtengoa baino amesgaizto estrainioagorik...?!–. Baina, gaurkotasunari idatzita ere, existitzen ez diren gizarteak dira distopikoak. Distopiak, beraz, errealitateari buruz hausnartzeko tresna bat dira, oraina distantziatik irakurtzeko modu bat, eta ez oraina bera.

Bi puntu bat: kritikak ez du iraultza esan nahi, derrigorrean

Kritika eta alternatiba ez dira gauza bera, noski. Beste modu batean esanda, gaurko munduaren kritikak ez du beste mundu baten alternatiba proposatzen. Askotan esaten da, esan ere, distopiek immobilismoa dakartela: aldaketak okerrera egitea esan nahi badu, konforma gaitezen gaurko mundu inperfektu baina ez-hain-distopikoarekin. Ez gaitezen gehiegi urrundu normaltasun berritik, 0 fase zaharberritu bat izango bada ondorioa.

Baina distopia batzuek erakusten dute handik ateratzeko bidea. Tom Moylanek (Scraps of the Untainted Sky) «distopia kritiko» deitutako horietan, adibidez, idazleak, gizarte distopikoa erakusteaz gain, iheserako zirrikitua uzten dio protagonistari. 1980ko eta 90eko distopia batzuen kasuan, dio, hamarkada kontserbadorearen kritika ez ezik alternatiba feminista, antikapitalista, sozialista eta ekologikoak ere erakusten ziren. Utopia izatera iritsi gabe ere, distopia kritikoak distopiatik harago mundu berriak eraiki daitezkeela erakusten du. «Enklabe utopikoak» zituen distopia zela esan zuen Sargentek (lehen aipatutako artikulu berean).

Itxialdi betean ere sortu ziren askotariko zaintza-sareak, esperantza bizirik mantentzeko oxigeno burbuilatxoak balira bezala. Bakarrik bizi ziren adinekoen osasuna zaintzeko telefono- eta bideo-deiak, zaurgarrienei erosketak etxera eramateko boluntarioak, inguruko baserritarren produktuak nola edo hala saltzeko taldeak, komunitate-izaera guztiz gal ez zedin auzoetan egindako kultur ekitaldi inprobisatuak... Egoera distopiko itxurakotik ihes egiteko enklabe utopikoen antza izan zezaketen.

Ohar bat, hala ere: distopia kritikoetan enklabeak egonagatik, distopikoak izaten jarraitzen dute gizarte horiek. Zaintza-sareak gorabehera, ez dirudi martxotik hona gure politika ere gehiegi aldatu denik...

Beste modu batean esateko: distopiaren kritikak oraina betikotu dezake, beldurrak geldiarazita, immobilismora bagaramatza; eta ekintzara ere eraman gaitzake, distopiaren ispiluan ikusitakoa onartezin begitantzen bazaigu.

Hiru: distopia eta utopia dirudiena baino gertuago daude

Sasiparadoxa bat, oharrekin bukatzeko: distopia eta utopia elkarrekin joan ohi dira.

Tomas Morok generoari izena eman zionetik gero, ‘utopia’ hitz-joko bat da. Existitzen ez zen aurrizki bat sortu zuen Morok (‘u’), grezierazko ‘eu’ (on) eta ‘ou’ (ez) aurrizkiak bezala ahoskatzen zena. ‘Topos’ (leku) hitzari josita, utopia leku ona eta ez-lekua bihurtu zen, biak batean. Hitz-joko bat, alegia, leku onaren existentzia dudan jartzen zuena.

Hala, esku-eskutik doaz hasieratik utopiaren desiragarritasuna (leku ona) eta ezintasuna (ez-lekua). Tentsio horren ondorioz iritsi ziren distopiak gero: ustez desiragarri den horrek izugarrikeriarik handienak ekar ditzakeela salatzetik.

Baina distopia askoren atzean utopia ezkutu bat egoten da. XX. mendeko distopia askok, adibidez, landa-giroko utopiak gordetzen zituzten (in)kontzientean. Huxleyren Bai mundu berria distopiak, kasurako, hasiera batean zoriontsua dirudien mundua erakusten du: erreprodukzio artifizialaren bidez jaiotzen dira bertako biztanleak eta, gizartean dagokien zereginaren arabera, klase sozial batean edo bestean egotea egokitzen zaie. Genetikoki horretara determinatuta daudenez gero, ordea, kontent da bakoitza gizarte mailakatuan duen lekuarekin. Ezin hobeki ordenatutako gizarte desiragarria dirudi.

Istorioa korapilatzen hasten da protagonistak erreserba naturala bisitatu eta bertan bizi den basatia ezagutzen duenean. Dudan jartzen hasten da, orduan, gizarte utopiko razionalizatu, teknologikoki aurreratu, ordenatu, hiritartu eta ustez zoriontsua hala ote den.

Distopiaren atzeko utopia horretan, naturazko egoera idilikoren batera itzuli nahia gorde daiteke. Edo, zoriontsu izateko estatu-manipulazioa behar duen gizartearen ordez, gizakiaren askatasuna eta onberatasuna lehenesten dituen mundu idealaren desira azpimarra dezake. Aurrerapen teknologikoek utopia posible egiten dutela sinetsi beharrean, mundurik zoriontsuena naturaren legeen araberakoa dela pentsatzera eraman dezake bat.

Finean, utopiak eta distopiak ez dute elkar ukatzen. Malguki baten mutur banatan baleude bezala, elkarrengandik gerturatu eta urrundu egiten dira, irakurleak arreta non jartzen duen.

Eta zer?

Laburbilduz, distopia ez da munduaren amaiera, ezta mundua bera ere. Distopia gizartea kritikoki eta distantziatik irakurtzeko tresna bat da eta, utopiatik gertu egonik, gizarte alternatibo eta desiragarri baten zantzuak ere eman ditzake aditzera.

Distopia (edo pandemia-egoeraren irakurketarik distopikoena) apokalipsitik eta errealitatetik desberdintzearen garrantzia orainaren eta etorkizunaren arteko harremanean jarriko nuke. Distopia balizko gizarte bat da, ez gaurkoa eta ezta, seguruenik, biharkoa ere. Hau da, distopiak ez du denbora geratzen, ez du mundua bukatzen, ez du etorkizuna determinatzen... Gaurko egoeratik abiatuz baina hartatik bereiziz gizarte ez-desiragarria erakusterakoan, hain zuzen ere, hor egon gintezkeela azpimarratzen du; hor gaudenik, ez. Distopiak, berriro diot, utopia gorde dezake. Baina, hain ezkutuan daukagu gurea, ezen irudimenak pandemia apokaliptikoak baino ez dizkigun erakusten.