Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan

Ekonomia

Joseba Barandiaran
Joseba Barandiaran

Prentsa nahiz zenbaki bidezko ekonomia behatzaile, ekonomialari tituluaz harago. Finantza alorreko ikasketak eta esperientzia oinarri, norbere mugak muga, gauzak modu sinplean azaldu eta ulertu zale. Betaurreko jakin batzuk ditugun jakitun, ezkerrera nahi baina eskuina sarri tiraka.

Politika ekonomian (eta alderantziz)

2014-12-03

Bistakoa da ekonomiak eta politikak duten lotura argia. Erabaki politiko askok ondorio ekonomikoak dituzte eta, kontrara, erabaki ekonomikoek (izan norbanako edo kolektiboek) eragina dute familiengan (‘demos’ edo herriarengan, finean), enpresengan nahiz gobernuengan. Jarduera ekonomikoa estatu eta lege jakin batzuen kontestuan burutzen da eta elkarreragina bistakoa da.

Hazkunde edo garapen ekonomikoa sistema politiko ezberdinekin (ez halabeharrez demokratikoekin) lor daitekeela ere bistakoa da. Txina, Korea edo frankismoa bera izan daitezke horren adibide, nahiz eta garapen horren hedadura geografikoan ere ezberdintasun nabariak izan daitezkeen. Orokorrean, ordea, garapen ereduek kultura ekonomiko eta balio sozial jakin batzuk ere barne hartzen dituzte, azpiegitura sozial, teknologiko eta produktiboetan ere islatzen direnak.

Euskal Herriaren kasuan, bistakoa da Frantziako ereduak Iparraldean eta Espainiakoak Hegoaldean izan duten eta duten eragina. Zentzu horretan, ongizatean eragiten duten hainbat aldagai ere modu ezberdinean partekatzen ditugu mugaz alde batera eta bestera: erakundeen kalitatea (justiziaren nolakotasuna, erakundeen ustelkeria edota eroskeria), enpresak martxan jartzeko izapide eta epeak, hezkuntza, familia politika, hizkuntza edo kultur politikak...

Nolanahi den, agerikoa da egungo krisi ekonomikoak mugaz bi aldera eragin duen tentsioa. Azken hamarkadetako gainontzeko krisietan ez bezala, errenta maila altuko herrialdeak nabarmen ukitu ditu atzeraldiak, finantza alorrean hasi baina arlo errealera hedatu delarik, aldakuntza teknologiko eta globalizazio bete-betean. Frantziako estatuak hazkunde, defizit eta langabezi arazo latzak ditu; Europan gidari edo erdigune teknologiko, ekonomiko edo politiko izateko puntu asko galdu ditu azken urteotan eta krisi politikoak jota dago, ekonomikoak bezain. Estatuaren periferian kokatu eta tamainaz oso txikia den Iparraldeak deus gutti lezake hor. Attendez: nola turistak, hala Parisko erabakiak. Baina Parisek ez du, oraingoz, erabakimen handirik erakusten.

Espainiaren kasuan, berriz, defizit, zor eta langabezia arazoak are larriagoak dira. Epe laburreko eta unean uneko hobekuntza txikiez harago, Kataluniak bistaratutako lurraldetasunaren arazoa, langabezia tasa endemikoa, eskola porrot ikaragarria eta, berrikitan zabaldu denez, ustelkeria hedatuaren zama du gainean. Edabe horretatik edan du Hegoaldeko ekonomiak ere eta, gutxi edo gehiago, adreilu eta garraio azpiegitura gaindosiarekin bateratzen ditu administrazio publiko hipertrofiatua, lanbide heziketa azpigaratua duen hezkuntza sistema eta hein handi batean frankismotik eratorriak diren bestelako hainbat egitura eta ohitura sozioekonomiko.

Kontestu horretan (ELA sindikatuari irakurri baina Eustati dagozkion datuekin), EAEko aberastasunaren banaketari erreparatuta: 2000. urtean BPGaren %51 jasotzetik, 2012an %46,4 jasotzera pasa dira lan errentak. Lehenagoko joera berretsi egin da krisian, banku erreskate, zorpetze publiko eta interes ordainketen handitze, zeharkako zergen igoera baina, batez ere, langabeziaren igoerak eraginda. Eta, nagusiki, Europan bistarazi den ekonomiak, batik bat finantzieroak, politikari gaina hartu izanaren ondorio da. Moneta politika bateratua izan bai, baina banku, zerga eta lan arloko araudi batasunik ezak kinka larrian jarri ditu Europako zenbait herrialde. Batik bat Espainiaren gisako periferiakoak, baina baita, hein batean, Frantzia bera ere.

Hori guzti hori salatuz, edota islatuz, gertatu da Espainian Podemos fenomeno politikoaren agerpena, gurean ere ikusi «Ahal(ko) dugu(na)». Eta eltzea sutan probatzen denez, politikak berriro ekonomiari gain hartu ote diezaiokeen frogatzeko aukera eman dezakeena. Nahiz eta zaila dirudien horrelakorik gertatzea, eltzea moneta batasunetik pitzatzen ez den bitartean, bederen.

Beste muturrean, bere burua Lehiakortasunerako Kontseilu izendatuak España 2018 plana plazaratu du, lau urtean langabezia Europako estandarretan finkatzea posible (eta ia erraza) dela esanez, lobby gisa eta enpresa handi eta soldata are handiagoen talaiatik. Sututa daudenei gasolina jaurtitzea dirudite proposamenok, eta jada hauteskunde inkestetan isla duen batzuen haserrea besteen kezka bihurtzen ari da. Ustelkeria ari baitu azken aldian inguruotan.

Maila akademikoan ustelkeriaren eragina zein den aztertu du hainbat lanek. Mushfiq Swaleheen ‘Economic growth with endogenous corruption: an empirical study’ izan liteke sendoenetako bat, epe luze bateko panel gisako datuak erabilita. Ondorioa: ustelkeriak badu eragina ekonomia per capita errentaren hazkunde tasan, baina berori ez da lineala.

Ildo berekoak lirateke, baina, erakundeen euren garrantzian zentratuago, Niall Fergusonen The Great Degeneration. How Institutions Decay and Economies Die edota Daron Acemoglu eta James Robinsonen Why Nations Fail. The Origins of Power, Prosperity, and Poverty. Azken horrek ezberdintzen ditu «erakunde inklusiboak» eta «erakunde ustiatzaile edo zurrupatzaileak»: lehenak aberastasuna sortzeko antolatzen dira, inbertsioa sustatu eta giza kapitala zein kapital teknologiko nahiz fisikoa pilatzeko ahalmena dute; bigarrenak, berriz, talde sozial jakin bat(zu)en mesedetan antolatzen dira, aberastasunaren banaketa ezberdina eraginez. Egiatan, zuri eta beltzak baino grisak izango dira ugariago errealitatean eta baita denboran ere. Hori zenbakitara ekarri nahian sortu zen, berbarako, legeen errespetua neurtzen saiatzen den World Justice Project Rule of Law Index (http://worldjusticeproject.org/rule-of-law-index), Twitterren txio @TheWJP egiten duena.

Gure txikian, lidergo eta egitura politiko nazional sendorik ezean, ez dugu horrelako ikerketetan ateratzerik ere. Beraz, behetik gorako herri mugimenduen indar eta gaitasunean dago, egotekotan, biharko euskal ekonomiaren gakoetako bat, ‘euskal’ horri gagozkiolarik, ‘ekonomiari’ bainoago. Tokiko monetek, gertuko nekazarien kontsumo taldeek, kooperatibek (batik bat txikiak eta hezkuntzakoak barne), hezkuntzako praktika (behar denean intsumitue)k eta borondatezko lankidetza eta barne-elkartasunak garrantzi handia izan dezakete, Errigora ekimena gogoan, herriak gora egin dezan. Ekonomian eragin dezaketen gure politikak lirateke, behetik gorakoak edota behetik beherakoak. Gure eguneroko jokamoldeetan ikuspuntu ekologikoa barneratzea da, berbarako, aurrera begira oso eraginkorra izan litekeen beste lan ildo bat, batik bat erregai fosiletan oinarritutako kontsumoari muzin egiten zaion neurrian. Zentzu horretan, Gipuzkoan ‘zaborraren gerra’ hitzetik hortzera ibili den legegintzaldi amaiera honetan, giltzarria da gizarte sentsibilizazio eta jokamoldeak zaborren gaian aldatu ote diren, edo ez. Itxura batean, gainontzeko herrialdeak baino aurreratuago ageri baita Gipuzkoa, zabor bilketa sistema edozein delarik ere.