Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan

Ekonomia

Joseba Barandiaran
Joseba Barandiaran

Prentsa nahiz zenbaki bidezko ekonomia behatzaile, ekonomialari tituluaz harago. Finantza alorreko ikasketak eta esperientzia oinarri, norbere mugak muga, gauzak modu sinplean azaldu eta ulertu zale. Betaurreko jakin batzuk ditugun jakitun, ezkerrera nahi baina eskuina sarri tiraka.

Epe luzeko langabezia

2014-06-23

Ikerlan ekonomikoek nekez izaten dute islarik eguneroko prentsan. Espainiako alderdi sozialistaren think tank-arekin lotura zuelako iritsi zen prentsara –eta, hala ere, oihartzun handirik gabe pasa–, Sara de la Rica eta Brindusa Anghel ekonomialarien epe luzeko langabeziari (ELL) buruzko lana (www.falternativas.org/laboratorio/documentos/documentos-de-trabajo/los-parados-de-larga-duracion-en-espana-en-la-crisis-actual). Langabezia den arazo gordinean atalik gordinena da ELL, urtebetetik gora lan bila eta langabezian daraman jendearen kasua. Langabezia hirukoiztu duen krisi honetan, Espainian ELL zazpikoiztu egin da; merezi du fenomeno horren azterketa xeheagoa, hartu beharreko neurriak egoki hausnartze aldera.

Generoak zeresan handia du Europako ELLn: gizonezkoen langabeziaren %45 da ELL; aldiz, emakumezkoenaren %60 da epe luzekoa. Adinak ere badu garrantzia: 50-65 urte aldiko langabeen %55 ELL dira; 25-49 urte aldiko langabeetan %45 dira ELL eta 25 urtez azpikoen %35. Hezkuntzari gagozkiolarik, Espainiako datuetan, ELLen artean bosten batek oinarrizko ikasketak edo txikiagoak ditu, ehuneko berberak unibertsitate edo goi mailako Lanbide Heziketakoek edo goragokoek, eta, gainontzekoek, hiru bostenek, bigarren mailako ikasketak dituzte. 2013ko Espainiako datuetan, ELLren iraupenaren gaineko datuak ere gordin askoak dira: bosten batek lau urtetik gora darama lanik gabe, eta bi bostenek bi eta lau urte artean. Horratx, deskribapena.

Teknika ekonometrikoak erabiliz, De la Rica eta Anghelek Espainiarako aztertu duten lehen kontua da langabetuen artean ELL izateko probabilitatean zenbatean eragiten duen faktore bakoitzak, gainontzeko faktoreak berberak izanik: (2007an esanguratsua ez zen) genero faktorean, kasu, 2013an emakume izateak %27 handitzen du ELL pairatzeko probabilitatea, adin, hezkuntza eta jardun sektore bereko gizonezkoekiko; 45 urtez gorakoek %50 probabilitate gehiago dute ELL pairatzeko 30 urtez azpikoek baino (eta %30 gehiago, 30-45 urte aldikoek baino); unibertsitate mailako heziketa izateak %70 murrizten du ELL izateko probabilitatea oinarrizko hezkuntza dutenekiko, eta %36 bigarren mailako hezkuntza dutenekiko. Eta eraikuntza sektorean jardundakoek %72 probabilitate handiagoa dute gainontzeko sektoreetakoek baino ELL izateko (kasu guztietan, gainontzeko ezaugarriak berberak izanik).

Bigarren kontu bat ere aztertzen dute bi ekonomialariek. Alegia, ELL izatetik landun izatera pasa direnen ezaugarriak. 2007ko lehen hiruhilekoan ELL izan eta hurrengo hiruhilekoan lana topatu zutenak ELL guztien %24 ziren. Aldiz, 2013ko lehen hiruhilekoan ELL izan eta hurrengo hiruhilekoan lana topatu zutenak %9 baino ez ziren. Trantsizio hori bizi izan duten bi gizatalde horien ezaugarriak alderatzerakoan, ondorio argiak ateratzen dira: 25 urtez azpikoak eta 45 urtez gorakoak azpiordezkatuta daude lana topatzen dutenengan, krisiaren aurretik eta ondoren. Hezkuntzak lana lortzea errazten du, eta 2013an gehiago 2007an baino: lana lortzen duten ELLen artean gainordezkatuta daude unibertsitate mailako ikasketadunak (%32 probabilitate txikiagoa du oinarrizko ikasketadunak lana lortzeko beste ikasketa mailekiko, gainontzeko guztia berdin). Eta, bai, emakumeak ELLtik ateratzeko %26 probabilitate txikiagoa du, ezaugarri bereko gizonak baino.

Baina beste aldagai batek eraman zuen artikulua prentsa ekonomikoaren zenbait lerroburutara: langabezi sari edo laguntzaren bat jasotzeak %85 gutxitzen du ELLtik landun izatera pasatzeko probabilitatea. 2013ko bigarren hiruhilekoan lana topatu zuten ELL guztien artean %5 baino ez ziren langabezi laguntza jasotzen ari.

Finean, egileek hiru ondorio ateratzen dituzte: baga, 25 urtez azpiko oinarrizko ikasketadun eta lehen eraikuntzako lanpostuen aterabidea zutenak hezkuntzara bideratu, euren giza kapitala hobetzeko. Biga, 45 urtez gorakoentzat prestakuntza eta laneratze plan berezituak egin, aparteko zailtasunak izango baitituzte lan mundura itzultzeko. Eta, hirugarrenik, langabezi laguntzen eskema berrikusi, laneratzeko pizgarriak manten daitezen. Alegia, ELLek lan eskaintza egokiak jaso ditzaten eta, ondoren, onar ditzaten (hau da, lanean egotea beti izan dadin hobe langabezi laguntza jasotzen jarraitzea baino).

Alderdi sozialistaren inguruan sortutako analisia izaki, zer pentsa eman lezake, ez baita eskuin politikoko indarrek eginen luketen analisi batetik askorik aldentzen. Langabezi laguntzen beharrezkotasuna zalantzan jarri ez arren, ekonomia politikako proposamen zehatz arrazoituak faltan ditu ikerketa liburuak.