Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Volkswagenen gezur sistemikoak

2015-12-21

Azken urteotan Toyota enpresari ibilgailuen salmenten munduko lidergoa kendu ondoren, Volkswagen enpresak etorkizun oparoa izanen zuela espero zen. Aldiz, ikerketa talde estatubatuar batek aurkitu duena inor gutxik susmatuko zuen, Volkswagen ibilgailu eredu batzuetan gehiegizko isurketak ezkutatzeko trikimailu informatikoa jartzearena, alegia.

Gainera, duela zenbait hilabete, estatu espainolean enpresa aleman horixe izan zen legez kanpoko itun bat salatu zuena: ibilgailu marka ezagunen kontzesionarioen arteko akordio bat gutxieneko salneurriak finkatzeko, hain zuzen. Milioika euro isunetan ordaindu behar izan dituzte enpresa guztiek, Volkswagenek izan ezik, salaketa egiteagatik. Orain, errua onartu eta kalteak apaltzeko estrategia martxan jarri du enpresa transnazionalak, egin beharreko inbertsioak eta arriskuan liratekeen lanpostuak izanik protagonistak, noski. Amerikako Estatu Batuetan, baina, prozedura penala irekitzeaz hausnartzen ari omen dira hango agintariak, eta horretarako, ziurrenik, General Motors edo Ford enpresen presio politikoak ez dira faltako.

Hala ere, zalaparta mediatikoaz haratago, ezin ukatu antzekorik gertatzea espero zitekeela, jasaten ari garen iruzur erraldoiez beteriko kapitalismoan, behintzat. Izan ere, merkatuetako jardueretan amaigabea da gertaera asaldagarrien zerrenda. Hasi miseriazko soldata eta lan baldintzekin, azkeneko iruzur finantzarioetara, elikagai eta sendagaien arazoak ahaztu gabe. Munduan zehar, hamaika kasutan eta egunoro, pertsonen osasun mental eta fisikoa merkatuaren zerbitzura jartzearen ondorio larriak ‘arestiko kalteak’ dira botere ekonomiko eta politiko nagusien arteko gupidarik gabeko lehia globalizatuan. Volkswagen enpresaren azken gezurra ingurumenari dagokio, eta hura babesteko legediari, azkenik, gure osasunari ere bai. Ildo horretan, afera osoa kontu handiz kudeatu beharko dute, ibilgailu guztien isurketa toxikoen inguruko gehiegizko argibideak iritzi publikoari ez iristeko. Zentzu horretan, enpresa horren gezurra sistemikoa da, haren ondorioak jarduera adar osoari dagozkio, marka guztiak batuta.

Gezur sistemiko bat, iritzi publikoari helarazita, boteretsua izan daiteke, kontsumo nahi, eredu eta legediak aldatuko dituzten mugimenduak sortuz eta indartuz. Ibilgailuak ekoizten dituzten enpresek ez dute nahi haien jarduera guztiak era garden eta sakon batean aditu talde benetan independente batek aztertzea. Ez dago informazio perfekturik, enpresetako sekretuak baizik. Eta gardentasun ezaren ondoren, gezurra, iruzurra eta delituak. Noiz arte?