Larunbata, Igandea, 2017ko irailak 23
Gora joan

Trump presidentearen enbidoak

2017-03-10

Slim mexikarraren hitzak bat datoz Trump jaunak hartutako lehen erabakiekin, executive actions zehazki. «Negotiator», ez «Terminator», bezala deskribatu zuen mexikarrak Amerikako Estatu Batuetako presidente berria. Izan ere, eragin txikiko baina oihartzun handiko neurri polemikoak dira Mexikoko hormaren, Asiako itun komertzialaren eta errefuxiatuen ingurukoak. Dagoeneko, azken neurri horren aplikazioa partzialki ezabatu du epaile federal batek, fiskal federal batzuek agindu horren aurkako sinadurak bildu dituzten bitartean. Gainera, Obamak izendatutako eta oraindik jardueran zegoen Justizia Idazkaria, Sally Yates Attorney General-a, errefuxiatuen aginduari muzin egitera publikoki deitu ostean bota egin du Trumpek, berak proposatutako ordezkoak, Jeff Sessions-ek, Kongresuaren onarpena jaso baino lehen.

Trumpen presidentetzaren hasiera zalapartsu bezain hiperaktiboak protesta andana eragin du, Amerikako Estatu Batuetan bereziki. Ildo honetan, paradoxala litzateke protestaldien emaitza Trumpek hain gogorki kritikatu dituen politikarien mesederako izatea, jendearen mobilizazioen alde agertzen ari direnen kasuan, behintzat. Herri horren antolaketa politikoa dela eta, checks and balances, kontrolak eta orekatzeak, erabaki politikoak Senatu edo Ganberan onartu behar dituzte, kasu bakoitzean beharrezkoa den dirua esleituz. Beraz, hormaren eraikuntzarako dolar publikoak bideratu arte, larri ibiliko dira obrak hasteko. Asiako itun komertzialarena (TTP) ere Senatuan gehiengo kualifikatuz onetsi beharko dutenez, Trump presidentearen benetako gaitasun politikoa urtarrilaren 31tik aurrera agerian geratzen hasi da, Alderdi Errepublikanoaren ordezkari eta senatari guztien botoak bereganatuz, bederen. Ez du lan erraza izanen; jendearen mobilizazioak eta hedabideak aurka dituelarik, ongi baino hobeki daki presidente berriak Washingtongo auzo politikoetan, guztietan, ez dituztela kanpainian zehar haien aurka berak botatakoak ahaztu. Nazioartean juxtu aurkakoa gertatzen ari da: ustekabeko presidente berriaz, hautagai polemikoena izan zenean, Europa aldean entzundakoak ez ziren goxoak, salbuespen gehienak muturreko eskuinen alderdiak izanda, brexit-aren aldeko kontserbatzaileez gain. Bertzaldetik, lehenengo erabakien aurrean, sasimalko eta itxurakeriaren artean agertu da agintari politiko europar ugari, geure Europako Batasunaren errefuxiatuekiko krudeltasun eta debekuak ontzat eman nahian edo.

Orain arte mehatxuak edo zehaztu gabeko egitasmoak bertzerik ez badira ere, ekonomiari dagozkion neurriak –zerga jaitsiera, enpresa arauak sinplifikatzea, mugasarien igoera, azpiegitura lan publikoak, edo militarrak ez diren lanpostu federal berriak etetea, bertzeak bertze–, TTPtik ateratzearekin batera, nahaste-borraste politiko-ekonomiko galanta dira. Hasteko, ‘enpleguak itzultzeko’ lelo horren esanahia argitu beharko luke administrazio berriak, langabezi tasa %5 baino txikiagoa da eta. Pentsatzekoa da Trumpek buruan dituen lanpostuak lantegietakoak direla, hileko 2-3 mila dolarretakoak, eta ez gaur egungo zerbitzuetako orduko 6-7 dolarretakoak. Hau da, ‘berezko’ estatubatuarrek nahi omen dituzten lanak. Industriak eta manufakturak, eskulanak, hobestea ez da ideia berria, baina ez dator bat orain arte jasandako politika neoliberalekin. Batez bertzeko ikuspegi neoliberalarentzat, ekonomian ahalik eta arau eta legedi gutxien ezarri behar da. Ondorioz, estatuak ez ditu sektore pribatuaren ekintzak erabaki behar. Gainera, mundu neoliberalean ezin da politikoki ezer behartu ekonomian, sektore pribatuan ihesbideak (loopholes), legeen akatsak, hutsuneak, beti bilatuko dituzte eta.

Ulertzekoa da AEBetako automobilgintzan izaten ari den urduritasuna: enpresa erraldoi horien estrategiak ezin dira egun batetik bertzera aldatu, gastu asko izan gabe, noski. Ikustekoa da egin behar duten negoziaketaren ondoren zortzi urterako plangintza berri bat benetan ezarriko den edo ez. Bizkitartean, haiek bezalako enpresa anitzetan ihesbideren bat bilatzen ari direla ziurta genezake.