Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Munduan malerusik!

2016-11-23

Brasilgo ekonomia atzeraldian hondoratzen ari den bitartean, Rousseff lehendakari ohiaren aurkako prozedura hasi zuen diputatua bota egin dute ustelkeria salaketen artean. Temer lehendakari berria, enpresa transnazionalekin harremanetan, herri indigenen eskubideak zapaltzeko prest omen dago, hainbertze elkarte eta mugimendu sozialen esanetan. Gastu sozialaren zati bat ere kentzera doala pentsatu dute, aurrekontu publikoaren defizitaren aurkako politika indartzeko. Lularen aurkako salaketa, luxuzko apartamentu batean egindako lanen kontura, aurrera doa epaiketaren bidean. Olinpiar Jokoetako ahaleginaren ostean, gerria estutzeko politika gogorra eskatu dute merkatuek, moneta brasildarraren balioak dibisa merkatuetan herena galdu eta gero. Kenbaluazioari esker esportazioak berpiztu dira, baliabide natural preziatuen ustiaketa azkartuz, jasangarritasun ekologikoaren eta herri indigenen aurkako mehatxuak areagotuz. Lehendakari berriak, aspalditik ustelkeria kasu batean nahasturik izateaz gain, gehiengo politiko egonkor bat lortzeko zailtasun asko izanen duela diote, Rousseffen aurkako kanpainan elkartutako aliatuak ez omen daudelako bertze gauza askotan ados. Bertzaldetik, hauteskundeak aurreratzeko Rousseffen proposamenak ez du aukera askorik, diputatu eta senatarien haren aurkako gehiengoa ikusita. Joan den udan, Txinan antolatutako G-20 taldearen bileran, lehendakari berriaren atzerrian egindako lehenengo agerpenean, inbertsio berriak bilatzen ibili zen murrizketa eta desarautze ekonomikoak iragartzen.

Venezuelako herritik datozkigun albisteak ere nahaste borraste ikaragarriak dira. Gure garaian ikasi genituen ‘jendarte dualak’ izendatzen zirenak, bi mundu fisikoki elkartu baina ekonomikoki inkomunikatuak, parez pare daudenak; muturreko desberdintasun ekonomikoak tartean, bizimoduak, kultura eta ohiturak, etxebizitzen kokapenak, eskola eta ikastetxeak, bizitzen alde guztiak hierarkikoki banaturik daude, klase sozialen arteko hesiak altxatuz higikortasun soziala ezabatzeraino. Bi unibertso hertsi eta isolaturen arketipoek, Maduro lehendakariak eta Capriles oposizio buruak, edo buruetako batek, elkarrekin mintzatzea beharrezko bezain zaila dela otu zaigu. Orain arte, lehendakaritza bolibartarraren eta oposizioak kontrolatzen duen parlamentuaren arteko harremanak liskar hutsak izan dira. Erreferendumarena oposizioaren helburu bakarra dela dirudi, administrazio publikoaren eta ekonomia osoaren funtzionamenduaren kaltetan. Venezuelarako burgesia compradora-k eta gaizki izendatutako klase ertainak nahi dutena eta Maduro sostengatzen dutenek nahi dutena ez dira aurrez aurre eztabaidatzen. Politikari zuri eta aberatsek joan den mendean hamarkada luzeetan zehar agintean egon ondoren utzitako egoera ikusita, ulergarria da bolibartarren boterearen defentsa sutsua. Hala ere, botere jardueren gardentasun eta zintzotasunaren inguruko zalantzak mamitzen direnean, ustelkeria ekonomikotik alegiazko gehiegikeria polizial eta judizialetara, benetako gobernu demokratiko eta aurrerakoiaren helburu eta bitarteko herrikoietara jotzea premiazkoa da. Boterearen aldetik erantzun argi eta eraginkorrik gabe, baketsua beti, Venezuelako bolibartar iraultza Nikaragua edo Brasilgoa bezalako erregimena bilaka daitekeelakoan gaude.

Azken egunotan Sirian gertatzen ari denari Gerra Hotzaren garaien zaporea dario. Errusia eta Amerikako Estatu Batuen arteko tirabiretan, gainerako herrietako pertsonak hiltzen ari dira. Iraupen motzeko su etenak ezartzeko akordioa bertan behera geratu ondoren, ikustekoa da Siriako armada ofiziala, Errusiaren hegazkinen laguntzaz, eta AEBek armatu eta finantzatutako ‘errebeldeak’ bake konponketa batera irits daitezkeen, muturreko indar islamistei aurre egiten ari zaizkien bitartean. Erabiltzen ari diren hizkuntza diplomatikoari kasu eginez gero, ezkor izateko arrazoi gehiegi daude, Alepo, Homs eta gainerako martirizatutako hirietako biztanleen zoritxarrerako.