Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Hego Euskal Herriko ekonomiaren ezezagunak

2016-05-26

Berriki iragarri diren estatu espainoleko autonomien kontuen kariaz, Nafarroako Gobernuaren defizitari buruzko eztabaida errepikatu da. Izan ere, nafarrek kalkulatutakoa baino defizit handiago atera zaio estatuari. Hamaika arrazoi daude kalkulu horiek ezberdinak izateko. Estatuak Nafarroa Garaian benetan egin dituen gastuak zehaztea ez da horren erraza, oroit dezagun Barne Produktu Gordinaren datuak hiruzpalau urtetan zehar findu behar dituztela behin betikoak izan daitezen. Bertzaldetik, Barcina andrearen gobernuaren garaian ikusi genuen moduan, BEZaren kopurua kalkulatzean sor daitezkeen gorabeherak ez dira txikiak izaten. Ondorioz, bi administrazio publiko horien arteko komunikazioa eta koordinazioa beharrezkoak dira, karrerako funtzionarioek bideraturik bada hobe, baina afera politiko-ekonomikoa dela ahaztu gabe. Desadostasun kontable horiek egungo erregimen politikoaren agorpenaren adierazle ere badira. 1978ko Espainiako Konstituzioaren mugak ageriago geratzen ari diren hauetan, gutxik ukatuko du hiru probintzietako Estatutua eta Nafarroa Garaiko foru erregimena erabat desegokiak direla. Bertoko parlamentuetan onartutako hainbertze legeri gobernu zentralak jarritako helegiteak lekuko. Izan ere, suhiltzaile, irakasle edota osasun zerbitzuetako langileei, lur azpiko gasaren ustiakuntzari (fracking), Bardeetako eremu militarrari edo Esako urtegiari buruzko gure erabakiak behin eta berriro hutsaren hurrengo bilakatzen ari dira Madrilgo Constitucional eta Supremo-ko epaimahaikideen eskuetatik igaro ondoren.

Esparru ekonomiko pribatuan, hoberik ez dugu aurkitu. Egia da Gasteizko Mercedes lantokian lanpostu berrien inguruan hitzarmen bat lortu dutela, edota Volkswagen enpresak Iruñeko Landabengo lantokian bigarren eredu bat ekoizteko inbertsioak iragarri dituela; baina Zumarragan ArcelorMittal enpresarako zuzenean lan egiten duten langileen egoera kolokan dago, lantokia ixtera doala enpresak iragarri eta gero. Ez da kasu bakarra. Eraispen industriala gelditu arte ezin ekonomia eta enplegua indartu, eta, horretarako, administrazio publiko indartsu eta eraginkorra ezinbertzekoa da, bertoko eragile ekonomikoekin harreman zuzen, garden eta demokratikoak garatuko lituzkeena, hain zuzen. Madril, Paris edo Bordeletik agindutakoak bete behar ditugun bitartean, enpresa transnazionalekin negoziatzea are zailago izanen delakoan gaude. Bizkitartean, enplegua sortzeko lanaldiaren murrizketa jorratu behar dugulakoan gaude, beti ere irizpide sozial eta ekologikoak aplikatuz.