Larunbata, Igandea, 2017ko azaroak 18
Gora joan

Hego Amerikan atzera ote?

2016-05-31

Maduro presidentearen krisialdiaren kudeaketa txarraz gain, badira Venezuelako egoera azaltzeko bertzelako zioak, hura bezain politikoak. Petrolioaren gehiegizko ekoizpenak –edo gutxiegizko eskariak– guztiok ustekabean harrapatu gintuen, haren salneurriaren beherakada egoera ekonomiko orokorraren apaltasunaren ondorio izanda. Gainera, herri horien guztien burgesia compradora, Samir Amin ekonomialariaren hitzetan, ez da munduko demokratikoena, ezta urrundik ere. Beraz, Venezuelaz gain, Argentina, Peru, Kolonbia edo Brasil bezalako herrietan ohikoak dira oligarken adierazpen sutsu eta parafaxistak eta ekimen eskuindarrak. Kolonbian jorratzen ari diren bake prozesua oztopatzen ari diren bitartean, Macrik zuzendutako Argentina mugimendu bolibartarretik aldentzen ari da. Perun, Fujimoriren alaba kontserbadoreak lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren txandan garaipena lortzeko aukera asko ditu, ezker politikoak botoak haren arerioari, ekonomia ministro ohiari, ematen badizkio ere. Rousseff Brasilgo lehendakariaren aurkako kanpaina basatia, haren lehendakariordearen parte hartze aktiboarekin, Lula ere ukitzen ari da, ustelkeria ekonomikoaren akusazio larrien artean. Aldaketa politiko horiek aurrera egitean, herri horietan guztietan politika ekonomikoaren esparruan aldaketa eskuindarrak espero daitezke, egitasmo bolibartar eta jende xumearen kalterako. Ikusten ari garenez, ezin gainetik kendu Amerikako Estatu Batuetako interes politiko ekonomikoen eragina, iraganean ‘atzeko patiotzat’ zuten lurraldean.