Larunbata, Igandea, 2017ko azaroak 18
Gora joan

Hauteskundeak eta erreferendumak

2016-07-26

Austria, Mexiko, Peru eta Italian izan diren hauteskundeetan ezin ukatu batek baino gehiagok sorpresa ederrik jaso duenik. Azken orduko, postaz bidalitako, bozen zenbaketa arte ez zen Austriako presidente berririk hautatu. Muturreko eskuinaren hautagaiak azken txanpan huts egin zuen, ordura arte inork espero ez zuen garaipena boto puska batetik galduz. Egiatan, oraindik afera ez da amaitu, galtzailearen alderdiak helegitea jarri baitu gaizki egindako zenbait zenbaketa-prozeduraren kontura. Postu sinboliko hutsa omen da Austriako presidentetza, baina mugimendu aurrerakoi eta alternatiboentzat bozketan izandako emaitzak albiste txarra direlakoan gaude. Beharbada, herri horretako alderdi politiko tradizionalen porrot galantak ez dira ehuneko ehunean hauteskunde parlamentarioetan errepikatuko, baina hurrengo gehiengo politikoaren eratzea, gobernu bat sustengatzeko modukoa, ultra arriskutsuen eskuetan legoke. Ekonomikoki aldaketa nabarmenik izan gabe ere, eskubide zibilen arloan gerta litekeena kezkatzekoa da.

Italiako tokiko hauteskundeetan ez da erabateko irabazle edo galtzailerik atera; ordu hauetan bigarren bozketa egiteke dago, eta, independente ugari denez, zaila da erratea eskuin edo ezkerraren gehiengorik dagoen. Berriki izan den lehenengo bozketaldian, Berlusconiren alderdiaren gainbehera eta Grillo komikoak zuzentzen duen Bortz Izar alderdiaren sendotzea izan dira gertakizun deigarrienak, Renzi lehen ministroaren alderdiaren emaitza epelez gain.

Urrutira begira, Perun ustekabe potoloena gertatu da: Kuczynski Ekonomia ministro ohiak irabazi omen du, Fujimori presidente ohiaren alaba azken hamar egunera arte inkestetan bozemaileen maitatuena izan bazen ere. Hala ere, bi hautagaiek lortu dituzten boz kopuruak arras parekatuak direlako, helegite asko jarri omen dituzte, behin betiko emaitzen iragarpena atzeratuz. Hautatutakoa edozein izanda ere, hain zatiturik dagoen biztanleriaren elkarbizitza baketsua ziurtatzea ez da lan erraza izanen, Kuczynski presidentearentzat bereziki, Fujimoriren aldekoek hango Kongresuan erabateko gehiengoa dute eta.

Etxetik hurbilago, Suitzako erreferendumean, bozemaileen laurdenak baino gehiagok oinarrizko eta guztientzako diru sarrera (batez bertzeko soldataren heren bat) banatzeari baietz erran diote. Ez da onartu proposamena, baina tradizionalki kontserbadore eta itxia izan den herri txiki horretan zerbait aldatzen ari delakoan gaude.