Larunbata, Igandea, 2017ko azaroak 18
Gora joan

Gobernurik gabeko ekonomiatik Estatu (Neo)Liberalerantz

2016-11-14

Estatu espainoleko gobernu berria itxaroten ari garen hauetan, politikari eta kazetari-politologoen zirkuluetan behin betiko gobernurik ez izatearen kalteak aipatzen ari dira. Rajoy jaunaren kasuan, berak gobernuburu izan nahi duelako ulergarria da antzeko gogoeta egitea; baina herri bateko hazkunde ekonomikoaren gorabeherak inguruko herrien egoera ekonomikoarekin lotuta daudela ongi baino hobeki dakite ekonomia pixka bat ezagutzen dutenek. Nazioarteko Diru Funtsak PPren gobernuak burututako egiturazko erreformak ere goraipatu ditu. Izan ere, estatuaren garrantzi ekonomikoa murriztearen ondorioz, ekonomiaren funtzionamendua aldatzeko lehen baino indar gutxiago dute aurrekontu publikoek, nahiz eta jarduera adar batzuetan, Hezkuntza, Osasun Zerbitzu edo Lan Publikoetan, haien eragin kualitatiboa ukaezina izan.

Hala ere, aditu batzuek diotenari jarraikiz, pentsatzekoa da gobernua osatu ondorengo egoera liluragarria izanen litzatekeela, erabakitzeke dauden neurri ekonomiko berriak hil ala bizikoak bailiran. Belgikan gertatutakoa oroitu bertzerik ez dugu egin behar, oso susmagarriak diren instituzioen aldeko iritzi neoliberal horien zuzentasuna zalantzan jartzeko. Kezkati daude jarduneko gobernuak ezin duelako neurri neoliberal gehiagorik ezarri, hain zuzen. Desarautze eta askatze ekonomiko neoliberalak, estatuaren botere ekonomikoa ahultzen duten berberak, botere politikotik gauzatu behar dituzte politikari neoliberalek. Horregatik, gobernua beharrezkoa da haientzat; baina, aldi berean, estatua eta politika etengabe gutxiesten ari dira haien pribatizazio politikak, boteretsuentzako zergen jaitsierak eta enpresa handienentzako abantailak ezartzeko, beti ere iritzi publikoaren onespen edota pasibotasunaren artean. Herri kapitalista nagusietan azken hamarkadetan izandako desberdintasun ekonomikoen igoera lekuko.

Juncker Europako Batzordearen buruak Europa-gotorlekuaren osagai berriak aurkeztu zituen Europar Parlamentuan ‘Batasunaren egoerari’ buruz emandako adierazpen formalean. Haren hitzaldian, Estatu Jendarmearen mamua berpizteko bi txinparta: immigrazioaren kontrol polizial jarraituagoa, Europako Batasunean sartzeko baimenak bidaia egin aurretik eskatu behar izateraino; eta Europako Batasunaren armada propioa eratzeko deia, ekintza armatuak erabaki eta berehala burutu ahal izateko.

Juncker Plan deritzen inbertsioak finantzatzeko funtsarena kontuan hartuta ere, badirudi historian atzera doala Europako Batasuna, herri askoren hauteskundeetan ideia xenofobo, arrazista, homofobo eta matxistak (Trump jaunari entzun dizkiogunen antzeko edo gaiztoagoak) babesten dituzten hautagaitzak nahikoa emaitza onak lortzen ari baitira. Beldurtzekoa da botere politikoa eskuraturik zer egin dezaketen. Erresuma Batuan, Brexit xelebrearen inguruko antzerki absurdoa kenduta, gobernu berriaren hezkuntza politikaren lehenbiziko proposamenek txarrena pentsatzera garamatzate.