Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Gerrak

2015-10-27

Gerra da Siria, Libia, Afganistan edo Iraketik EBra etortzen ari diren pertsonak, iheslari eta errefuxiatuak, haien ohiko bizileku eta bizimoduetatik atera dituen zioa. Andaluziako itsasertzean eta Italiako hegoaldeko Lampedusa irlan duela urte gehiegi ezagutu izan ditugunak, orain, Austria, Alemania eta Hungariako mugetan gertatzen ari dira, hildakoak barne. Tragedia garratz horren aurrean, Europako Batasunaren izenean, inolako autokritikarik egin gabe, Merkel edo Rajoy bezalakoek erakutsitako jarrera paternalista eta ezin hipokritagoa, hauteskundeak datoz!, Hungariako gobernu eskuindarrak agerian utzi du.

Lehenik, irudi batzuek hedabideetan zalaparta handia eragin zuten: Hungariako mugako polizia batzuek errefuxiatu talde bati hamaiketakoen poltsak, eman beharrean, jaurti egiten zizkieten. Bigarrenik, aurreko irudiak azkar ordezkatu zituzten Hungariako mugetan eraikitzen ari diren ‘lotsaren’ hesi berriek. Estatu espainolaren hedabideetan ez dugu Melilla eta Ceuta hirien inguruan dauden hesi hilgarrien eta Hungarian jaurtitako hamaiketakoen arteko paralelorik ikusi edo entzun, baina hesiak berdinak dira.

Tragedia eta fartsa elkartzeko, Merkel andrea Bakearen Nobel sariaren hautagaitzat aurkeztu omen dute. Mihi gaiztoek diotenez, Alemaniako enpresarien ekimena omen da, kantzilerrak teknikari eta langile espezializatuen eskasia Siriatik etortzen ari diren langileei esker Alemanian konpontzera zihoazela adierazi ostean, noski!

Mendebaldeko potentziek sorrarazi eta sustengatutako gerra horien ondorioak ez dira kanpotarrentzako soilki. Xenofobia eta arrazismo hutsa, Hungariako gobernuarena ikusgarrienetakoa da baina inondik ere ez bakarra, indartzen ari dira curriculum ezin ‘demokratikoagoa’ duten Europako herrietan, Frantzia, Finlandia eta Herbehereetan, erraterako. «Kanpotarrek lanpostuak kentzen dizkigute» edo «Oso ‘ezberdinak’ (islamikoak, lapurrak, alferrak...) dira, haien herrietara itzul eta gera daitezen!», horiek bezalako mezuak ozenki entzutea, arduradun politikoengandik!, jada ez da asaldurarako kontua, eztabaida zintzo eta ordenatu baten gaia baizik, adierazpen askatasunaren panegirikoa, behin horretan bakarrik, egin ondoren.

Hala ere, muga irekien aldeko filosofiak EBko kapitalismoan kontraesan batzuk sortzen ditu: hurrengo hilabete eta urteetan posible al da bi milioi pertsona behar den moduan hartzea? Nondik atera behar da dirua? Zein izanen lirateke herri eta hirietako auzoetan nabarituko diren aldaketak? Gure inguruko osasun zerbitzuetan orain arte gertatu ez dena, etorkinek zerbitzu ‘gehiegi’ erabiltzea, alegia, bat-batean gertatzen hasiko balitz, nork daki zer ekarriko lukeen? Kapitalismoak ez du erantzunik, erantzun justu eta demokratikorik erran nahi dugu. Sistema ekonomiko gisa, kapitalismoaren antolaketa bortitza da berez. Ez da inoiz kapitalismo leunik izan. Ezinbertzekoak ditu hierarkia, indar eta bortizkeria, kapitalen arteko borrokan denak balio du eta.

Langileak, zioen Marxek, munduko internazionalistenak gara eta izan gara. Hain zuzen, hesirik eta kapitalismorik gabeko mundu batean denok irabaziko genuke, oraingo pribilegiatuok ere bai. Beharbada kontsumo maila txikiagoarekin, baina gotorleku eta gerrarik gabe. Europako gotorlekuaren ideia ez da hala moralki nola politikoki onargarria, ezin da albora begira geratu, hesiak altxatuz ‘ekaitza’ igaro arte. Baina, aldi berean, Europako kapitalismoa ez da gai funtsezko eta jatorrizko arazoak konpontzeko, beharrezko aldaketak bere izaeraren aurkakoak bailirateke: kapitalismoak ez du seppuku-rik egiten. Tamalez, behin baino gehiagotan aipatu dugun legez, zerbait gertatuko delakoan gaude, hedabideetako azaletan jarriko dutena, errefuxiatu eta iheslarien egoera ahaztaraziko duena, bi publizitate-iragarkiren artean, Haitiko lurrikara, Ukrainako gerra, Lampedusa, Ceuta, Melilla, ebola eta hainbat kasutan gertatu den modu berberean: business as usual, berriro.