Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Ezezagun gehiago Hego Amerikan

2015-11-09

Brasilgo ekonomiaren mantsotzea, lehen, eta atzerakada, orain, oso albiste txarra da, inguruan dauden herrientzako bereziki. Hego Amerikako ‘lokomotora’ ekonomikoaren gabeziak azalarazten ari dira Olinpiar Jokoek eskatu dituzten ahalegin produktiboen kariaz. Pobrezia lekualdatuz saiatu omen dira afera konpontzen Rousseff presidentearen gobernu ezberdinak, desberdintasun ekonomiko-sozialak, ustelkeria politiko-ekonomikoa eta suntsiketa ekologikoak, bertzeak bertze, areagotzen eta nagusitzen ari diren aldi berean. Zalantzarik gabe, AEB eta EBtik atzeraldirako eragina pairatzeaz gain, Argentina, Venezuela, Ekuador, Bolivia eta, neurri apalagoan, Txile edo Kuba bezalako herrietan, haien alboko erraldoiaren eztul ekonomikoak nabaritzen ari dira, gehiengo pobreen kalterako. Petrolio eta bertze lehengaien salneurrien jaitsiera kalte egiten ari zaie lehengai horien herri esportatzaileei, inportatzaileek profitatu gabe, Ipar kapitalista eta Txinaren inportazioak ez direlako lehen izaten zirenak.

Venezuelan gertatzen ari dena argitzea oso zaila zaigu. Kubaren eta AEBen gobernuen arteko zorioneko baketzearen ondoren, AEBen gobernuak Venezuela etsaitzat hartzea txarra litzateke Venezuelako jendearentzat, eta orban mehatxugarria Bolibartar Iraultzarako. Hedabide nagusietan nekez bilatuko da Maduro presidentearen gobernuaren politika ekonomikoaren aipurik. Gutxiespenezko iruzkin motz bat nahikoa omen da Chávez presidentearen garaietatik Venezuelako jende xumearen bizitzan izandako eraldaketa positiboa gainetik kentzeko. Ezin ukatu akats ugari, eta ustelkeria, izan badirela, eta ez direla behar den moduan zuzentzen. Azken albiste judizialek, oposizio politikaren buruzagiaren kartzela zigorra barne, ez diote lasaitasunari eta bizikidetzari gehiegi lagundu. Heldu den abenduan egin beharreko hauteskundeak sozialismorako bide bolibartarraren etorkizunerako erabakigarriak izanen dira. Erabateko gehiengorik gabe, bolibartarren negoziazio tartea asko murriztuko litzateke, hango eskuin politikoaren muturreko ideiak ezaguturik.

Zailtasun ekonomikoen erdian, Hego eta Erdialdeko Amerikako ekonomien koordinazio eta bateragarritasuna serioski jorratzea oso erronka polita da, gure ustez. Horretarako, benetako plangintza demokratikoa ezinbertzekoa da, hain zuzen, burujabetasun ekonomikoaren muinean pertsonen eta herrien eskubideak daude eta. Nazioarteko edozein elkarte, erakunde edo itunek eskubide horien defentsarako aritu behar du, errealitate nahasiak eskatzen dituen malgutasun eta zuhurtzia erabiliz. Edozein kasutan ere, energiaren ekoizpen eta hornidurako makrosistema erregionala, pertsona eta salgaien garraio sistema komuna, gutxieneko irizpide ekologiko jasangarriak, moneta zein finantzarako araudi bateragarriak, askoren artean, epe ertain eta luzeko helburuak dituen politika ekonomikoak ziurtasuna ezarriko duelakoan gaude, jende gehienen aldeko ziurtasuna, behinik behin.

Aukera asko dago nazioarteko elkarlan eta koordinazio horiek urte luzez itxoin egin behar izan dezaten, baina borondate politikoa bertzerik ez da behar, ALBA ekimena frogatzen ari den bezala.