Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Europako Batasuna bidegurutzetan

2017-11-08

Alemaniako hauteskundeetako emaitzak ikustean, sorbaldan hotzikara arin bat sentitu genuela aitortu behar dugu. Izan ere, bere burua ultraeskuindartzat duen alderdi bat hirugarren indar politikoa izatea, non eta Alemanian!, bada albistea. SPD alderdi sozialdemokratak, Grosse Koalition deritzoten aliantza zuhurraren eskutik emaitza txarrak izan ondoren, eta arrazoi nahiko alderdikoiak tartean, ezetz erran dio Merkel andrearekin batera berriro gobernatzeari. Merkel andreak bere laugarren agintaldia jarraian ziurtatzeko behar duen sostengua ura eta olioa nahasi eta konbinatzetik atera beharko du, Die Grünen alderdi ekologista eta FDP alderdi liberalaren botoak eskuratzeko, AfD ultraeskuindarraren ahalezko laguntzari uko eginez. Ekologistek betidanik eskatu ohi duten desnuklearizazioa onartu ondoren, Europako Batasunaren zirkuluetan nolabaiteko kezka sortu da (neo)liberal alemanek gobernua sostengatu edo gobernuan parte hartzeko eskatuko dutenaren kariaz, azkenaldi honetan Europako Batasunaren aurkako kritika zorrotzak egiten nabarmendu baitira.

Mendebaleko mugaz bertzaldean, lan legedi berri neoliberal atzerakoiak (les ordonnances) onartu eta ISF (Impôt de solidarité sur la fortune, ondarearen gaineko solidaritate zerga) kendu ondoren (soilki onibar ondarea zergapetzen duen zerga berri bat abian jarri da baina), ‘aberatsen presidente’ bataiatu omen dute Macron presidentea. Barneko mugimendu sozialen eta sindikatuen kritikak uxatu nahian, Macron bankariak, Sorbonako Unibertsitatean emandako hitzaldi batean, Europako Batasuneko Finantza ministro berezi bat eskatu zuen, aurkeztu zuen eurofinantzen erreforma zabal baten egitasmoaren osagai. Gaizki pentsatuz, Macron presidentearen euroasmoari bere garaian Sarkozy presidenteak proposatutako «kapitalismoaren birsortzearen» kutsua dariola erran genezake. Gainera, datozen hilabeteetan Alemaniako suspentse politikoa amaitu bitartean, eta Austriako eta Italiako hauteskundeak izan arte, brexit-aren negoziaketak ahaztu gabe, nahikoa lan dute iada europolitikariek, hasiberri baten hamar urterako amets neoliberal bezain loriatsuan pentsatzen hasteko.

Europako Batzordean, bere aldetik, Amazon enpresari isun ekonomikoa, ordaindu gabeko zergak zirela-eta, ezarri eta gero, Irlandako Estatua auzitara eramanen duela iragarri du, Apple enpresari Batzordeak ezarritako isuna jasotzeko, 13 mila milioi euro ordaindu gabeko zergen kontura, inolako saiakerarik ez egiteagatik. Ingurumari horretan, hamaikagarren aldiz, Europako Batasunaren zerga politikaren erreformaren aldeko ahotsak entzun dira, espresuki, esportaziorako balio erantsiaren gaineko zergaren kudeaketa aipatuz. Auzi kontuek eta erreformen burutzeek Europan eskatu ohi duten denbora kontuan hartuz, lasai asko egon daitezke transnazionaletako akziodunak, beraien interesak ongi zainduta dituzte eta.