Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Erakunde kudeaketa berria: aldaketa lasaiegia Nafarroa Garaian?

2015-11-16

Egia da pertsona guztientzako denbora ez dela uneoro abiadura berdinean igarotzen. Iruñean eta hainbat udaletan ‘aldaketarako’ hautagaitzak botereari heldu osteko une goxoak joanda, Barkos andreak zuzendu behar zuen gobernuaren osaketaren ingurukoak harridura puntu batekin ikusi genituen, Espainia zein Nafarroa Garaiko eskuinek sorrarazitako zalaparta mediatiko lotsagarritik urrun, baina. Dagoeneko, organigramako izendapenez gain, Nafarroako Foru Erkidegoko gobernu berriak zorioneko eta premiazko erabaki batzuk hartu ditu, esparru sozialean nagusiki: lanpostuetarako deialdiak osasun zerbitzuan eta hezkuntzan, eta oinarrizko errentaren programaren finantziazioaren igoera. Hala ere, administrazio foralaren diru sarrerak hazi arte, benetako politika ekonomiko hedakorra aurrera eramatea oso zaila izanen da. Eskuineko eledunek ‘ezer ez’ egitea, ikurrina inposatu baino, leporatu diete, bai foru gobernuari bai Iruñeko Udalari, inolako ekimen zehatzik aipatu gabe! Bere garaian eskuindarrek oposizioaren ‘Ezetzaren koordinakundea’ salatzen zuten moduan, haiek orain ‘Ezerezaren frontea’ eraikitzeko prest omen daude.

Ekonomian aldaketa sendo gutxi sumatu da, txosten ofizialen soldatapeko baikortasuna kendurik, are gutxiago hurbileko jende eta ezagunen zirkuluetan. Alderantziz, dagoeneko nahiko larri ibiltzen ziren lanpostudun askoren baitan egonezina areagotzen ari da, galdutako lan eskubideen ondorioz lan kontratuen hauskortasun hazkorra eta enpresen iraute aleatorioak lagun. Egoera honetan, non, azken hilabeteetako enpleguen hazkunde tasa mantenduta ere, langabezia desagerrarazteko hamar urte beharko liratekeen, ematen du lan denboraren banaketa justuago eta eraginkorrago bat dela eskura dugun aukera ia bakarra. Berriro ere demokrazia kontu bat da: lanpostu eta lanaldiaren inguruko erabakiak enpresa transnazionalen eskuetan utzi beharrean, etorkizuneko gure zeregin sozialak guk geuk hauta ditzakegu.