Asteartea, 2024ko apirilak 23
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

EAJ-PP, 'haute politique' edo pare bat itun merke?

2017-05-22

Ezaguna da jeltzaleek duten negoziaketa politikarako abilezia eta diskrezioa. Gobernu autonomikoa eratzeko behar zuen laguntza Mendia andreak zuzentzen duen PSE-EE alderdiaren aldetik lortu ondoren, erkidegoaren aurrekontu publikoak lotzeko ituna PP alderdiarekin burutu du Urkullu jaunak. Eskuinak kuttun dituen zenbait helbururentzako, familia eta enpresa kontuak nagusiki, eskainitako hogeita bederatzi milioi euro izan omen dira oposizioko gainerako taldeek gogorki kritikatu duten akordioaren funtsa. Ezker parlamentarioek eskatzen duten laguntza sozialen igoeraren kostua kalkulatzea zaila bada ere, ez litzatekeela hain handia izanen uste dugu, 11-15 milioi gehiago. Horregatik, jeltzaleen ezetzaren atzean leudekeen igurikapen edo espektatiba ekonomiko txarrak kezkatu gaitu. Egoera ekonomikoari buruz agintariek diotena egia bada, hau da, hazkunde ekonomikoa berreskuratzen ari bada, eta lanpostuak, eta soldatak, haztera badoaz, orduan zergatik ez izan eskuzabal?

Politikoki Madrili begira egindako keinua bada, penagarria litzateke jende xume anitzen ongizatearekin jolastea, Gipuzkoatik iparraldera eta Castejondik hegoaldera ez doan trenbide xelebrea, eta dagozkion geltoki faraoniko eta lurpekoak, eraikitzeko gastatu nahi dutena ikusita. Ez, ezin da hori izan; ezta PSE-EE alderdia gutxiestea ere, gobernua osatzeko orduan lortu zuenarekin kontent egon arren, orain kritika ozen eta zorrotzak egiteagatik... Filosofikoki, nahiago omen ditu EAJk enpresen aldeko laguntzak behartsuenen aldekoak baino, enpresari txiki eta ertainek ohi duten sen ekonomiko liberalaren ildoan... Beharbada Urkullu jaunak zuzentzen duen gobernuaren azken erabaki politiko-ekonomikoen atzean aurreko arrazoien guztien pixka bat dagoela pentsatuko du baten batek. Izan ere, estatu espainolean, aurrekontu publikoak onartzeko behar dituen botoen bila dabilen PP alderdiarekin tratutan ari omen da EAJ. Horren inguruan, ordu hauetan ezer gutxi jakin bada ere, dagoeneko, Ertzaintzaren lanpostuen legalizazioa lege dekretu baten bitartez ezarri du gobernu espainolak, urtetan zehar haien arteko erlazio politikoak ozpindu dituen desadostasunari amaiera emanez. Ikustekoa da alegiazko negoziaketa horren azken emaitza, baina, Gasteizen gertatutakoaren ondoren, sorpresarako tarte gutxi geratu dela dirudi.

Bertzelako negoziaketak Nafarroa Garaiko gobernuaren eta estatu espainolaren artekoak dira, bi erakundeen arteko Ekonomi Hitzarmena (Convenio Económico) berritzeko egin behar dituztenak. Duela bi urte berritu behar izan zuten, baina aurreko gobernu nafarrak ez zuen ezer egin, jadanik foru administrazioaren barnean aurreko itunaren baldintzak, ordaindu beharreko diru ekarpena eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ordainketak bereziki, susmopean egonda ere. Orain da unea UPN alderdiaren benetako jarrera nafarzalea, ez soilki navarrista, Madrilen frogatzeko. Hipotesi guztietan, alderdi erregionalistak Madrilgo Kongresuan dituen bi botoak gobernu espainiarraren aldekoen artean zenbatu dituzte, Nafarroako ubide eta trenbidearen inbertsioak aurten finantzatzeko konpromisoarekin. Ez litzateke txarra izanen Nafarroa Garaiarentzat nafar ordezkariak, guztiak, ados jartzea estatuarekin negoziatu beharrekoa batasunaren indarrarekin egiteko. Ez dira desadostasunerako gaiak faltako, baina gutxieneko batzuk badira, autonomia fiskalaren aldarrikapena, nafar ekonomiaren pisu zehatza Espainiako ekonomian, edota estatuaren erantzukizuna zenbait kontutan (Esako urtegiaren zabaltzea, Bardeetako Tiro Eremua...), erraterako, oinarrizko plataforma bat eratzeko modukoak direnak. Horien inguruko eztabaida bat, bozketa batekin edo gabe, Iruñeko Parlamentuan argigarria litzatekeelakoan gaude.