Larunbata, Igandea, 2017ko azaroak 18
Gora joan

Askatasunen Europa

2017-05-11

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadore ohiak deitutako erreferendumaren emaitza ustekabekoa izateaz gain, inoiz egin ez den prozesu politiko-juridiko-administratibo berri bat jarri du abian. Egia da Société des Nations, orduko Amerikako Estatu Batuetako Woodrow Wilson presidentearen ametsa, apurtu egin zutela gerraosteko saminek, baina ezin alderatu gaurko Europako Batasunaren kasuarekin, ezta Donald Trump presidenteak iragarritako TTPrekiko hausturarekin ere. Izan ere, Erromako Ituna sinatu zutenean, 60. urteurrena berriki ospatu dena, lehenbiziko sei herriren ordezkariek aurrekaririk gabeko ekimena abiatu zuten. Iadanik indarrean zegoen ikatz eta altzairuari buruzko ituna (IAEE) berresteaz gain, jatorri nuklearreko energiari (Euratom) eta merkatu batuari (EEE) buruzkoak ere onetsi zituzten, hain garrantzitsua bilakatu zen Nekazaritza Politika Batuari bidea emanez.

Frankismo garaiak ezagutu dituzten Hego Euskal Herriko zenbait belaunaldik ongi baino hobeki dakitenez, Europako Ekonomia Erkidegoa zen demokrata antifrankista askoren ikur eta esperantza. Horren sorreratik, zirkulu horietan, nazioarteko ekimen ausart horretan parte hartzea ongi ikusia izaten hasi zen, elkarte horren kide izateko eskatzen ziren baldintzen artean estatu demokratikoa izatearena tartean zegoen eta. Bertzaldetik, ukaezina zen herri horien arrakasta ekonomiko eta soziala, atzerritik langile ugari erakarriz. Elkartetik kanpoan zeuden herri europar kapitalistek eta ez soilki haiek, geroago ikusi zenez, guztiek kide izan nahi zuten, nazioarteko haien helburu estrategiko nagusia bilakaturik.

Hala ere, De Gaulle presidenteak Harold Wilson premier britainiarraren gobernu laboristari ezarritako betoa tartean, hamasei urte igaro ziren Danimarka, Erresuma Batua eta Irlanda kide berriak izan arte, dibisa-merkatu eta petrolio krisien erdian, 1973an hain zuzen. Krisialdi monetario eta finantzarioei aurre egiteko moneta bakarraren ideia mamitzen ari zen bitartean, ‘ecu’ kontu-unitatea eta moneta sugeak, lehen, eta Europako Moneta Sistema, gero, sortu ziren; gobernu nazionalen politika ekonomikoen arteko koordinazioa pixkanaka-pixkanaka jorratzen hasten ari ziren. Tamalez, krisialdi ekonomikoarekin batera monetarismoa eta neoliberalismoa gailentzen ari ziren akademia zein bulego politikoetan. Bretton Woods-en adostutako truke tasa finko eta atzerriko kapitalen kontrolak ezartzen zituen Nazioarteko Moneta Sistema ezabatu zuen Nixon presidente errepublikarraren gobernu ‘keynesiar’ batek, 1973ko martxoan. Baina dolarraren balio berri bat finkatu beharrean, ‘merkatu askea’ aldarrikatu zuen AEBetako gobernuak, filosofia ekonomikoaren erabateko aldaketa eraginez. Aro neoliberala hurbiltzen ari zen.

Krisialdi kapitalistaren Europa

Paraleloki, Europa kapitalistan arazoak ugaltzen ari ziren moneta nazionalen truke tasen arteko egonkortasuna mantentze aldera. Aldi berean, 1974rako jada, krisialdia ekonomikoa bilakaturik zen, gobernuen politika ekonomiko keynesiarretan kontraesanak eta desoreka handiak agertaraziz: moneta nazionalaren truke tasa eta barneko salneurriak egonkortzeko interes tasa igotzea komenigarria bazen, oso txarra zen jarduera ekonomikoaren ikuspegitik; gastu publikoa automatikoki igotzen ari zen, langabezi sari eta ongizate estatuaren gainerako gastu sozialak bereziki; baina, zergak igotzeko adore politikorik ezaren ondorioz, zor publiko nazionalak pilatzen ari ziren, interes tasak igotzen ari ziren garaietan, ordaindu beharreko korrituak aurrekontu publikoen %10 izateraino. Laburki erranda, energiaren salneurriaren igoeraren eragin inflazionista orokorra, alde batetik, eta energia erruz erabiltzen zuten adar produktibo osoen gainbeherarena, bertzaldetik, egoera ekonomikoa elkarrekin kaltetzen ari ziren, arazo makroekonomiko berri bat sortuz: stagflation (stagnation eta inflation), aldi berean geldiera ekonomikoa (langabeziaren igoera) eta inflazioa, geldinflazioa.

Thatcher eta Reagan jaun-andreen arrakasta politikoek politika ekonomikoen helburu eta tresna legalak errotik aldatu zituzten, gai gehienetan teoria, irizpide eta jokaera neoliberalak ezarriz. Pribatizazioak, desarautze legalak, erabateko liberalizazioak, aberats eta enpresentzako zerga jaitsierak, funtzionarioen kaleratzeak... Joan den mendeko laurogeiko hamarkadan, ‘merkatu askea’ leloa pentsamendu bakarra izatera azkar igaro zen. Mitterrand Frantziako presidente hautatu berriak 1981ean osatu eta Pierre Mauroy sozialistak zuzendutako Union de la gauche gobernuaren lehenengo erabaki ekonomiko ausart eta ezkertiarrak moneta frantsesaren aurkako espekulazioaren artean jaso zituzten nazioarteko finantza eta dibisa merkatuek, 1982an Delors Ekonomia ministroak proposatzen zuen austeritate politika aurrera eraman arte. Frantziako Errepublikan halabeharrez erabakitako norabide politiko ekonomikoaren aldaketa horren eragina nabaria izan zelakoan gaude, sozialdemokrazia europarraren eskuinerako bira hedatzen hasi zen eta: gastu sozialen eta lan eskubideen murrizketak, klaseko sindikatuekiko urruntze ideologiko eta politikoa... Espainiako González jaunak irakasgaia ongi ikasi zuen Boyer eta Solchaga ekonomialari eskuindarrak haren talde ekonomikoaren nagusitzat hautatuz. Horrez gain, garai haietako Alemaniako Errepublika Federaleko gobernu ezberdinen politika antiinflazionista zorrotza zenez, ia egunerokoak ziren Europako Moneta Sistemaren barruko arazoak. Amerikako Estatu Batuetako dolarrarekiko moneta alemanak zuen balioak igotzeko joera izaten zuenean, gainerako moneta europarren dolarrarekiko balioak berdin mantendu edo jaisten omen ziren, markoaren eta gainerako dibisa europarren arteko truke tasa ‘gurutzatuak’ nabarmen aldaraziz. Horrela, Italiako lirak, Belgikako eta Frantziako liberek, bertzeak bertze, banaka edo elkarrekin, haien egonkortasun makroekonomikoan eragiten zuten aldizkako ‘ekaitz monetarioak’ pairatzen zituzten, subiranotasun ekonomiko nazionalak nazioarteko inbertsoreen esanetara jarraraziz.

Europa neoliberal kontserbadorea

Oro har, Europako Batzordearen, eta gobernu nazionalen, erreakzioa neoliberala zen erabat. Erretolika batasunzalearen atzean, finantza kapitalen nazioarteko mugimenduak askatu eta Europako Merkatu Bakarraren egitasmoa azkartzea ziren erabaki nagusiak, 1985-86tik aurrera dolarraren balioaren beherakadak Europako dibisa-merkatuetako ezegonkortasuna apalduko zuelakoan; Mexiko, Brasil eta gainerako zorpetutako herrien kanpo zorraren krisialdia Wall Street astintzen ari zen bitartean. Gu guztion zoritxarrerako, Akta Bakarra sinatzeko garaiz sartu ziren Portugal eta Espainiako Erresuma 1986an, merkatu askearen sasiefizientziaren izenean Europako jarduera produktibo nagusien sekulako birbanaketa geopolitikoa gauzatzen ari zen une berberean, hain zuzen. Neoliberalismoaren egitasmo europarraren funtsezko helburua hasi zen agerian geratzen: araudi eta lege ekonomikoak, estatu eta administrazio publikoen botere politiko eta indar ekonomikoa ahultzeko erabiltzearena. Politikoki kontsumitzaileen subiranotasuna edota banako kapitalismoa aldarrikatzen bazituzten ere, egitasmo neoliberalen onurak enpresa handienek jasotzen dituzte, kontsumoa merkatzearen truk galdutako soldatak eta lanpostuak ahaztuko direlakoan. Eta halaxe gertatu zen, alajaina, pare bat gertakizun garrantzitsuren laguntzarekin izan bazen ere. Alde batetik, Berlingo Harresiaren eta Sobiet Batasunaren erorketak 1989 eta 1991n, hurrenez hurren, eta, bertzetik, Irak herriaren lehenengo inbasio militarra, 1990ean, Bush aitak erabakita eta Nazio Batuen Erakundeak onartuta. Lehenengo gertakizunen ondorioz, Ekialdeko Europako herri komunista ohiak, haien langile kualifikatuak, haien baliabide natural eta barneko merkatuak, haien bonba nuklear eta gainerako arma eta militarrak, indar kapitalisten helburu estrategiko bilakatu ziren, lehia geoekonomiko berri horrek aliatuen arteko tirabirak sakonduz. Bi Alemania batzeko Köhl kantzilerrak hartutako erabakia, 1990ean, ez zuen beraren aliatuekin negoziatu, eta erabaki horrek sortu zuen kostuak interes tasak igo zituen Alemania berrian, gainerako eurokideen ekonomien kalterako.

Gauzak horrela, Europako Batzordeak presaka prestatutako Maastricht Ituna, Europako Batasunaren Ituna, neoliberalismo alemanaren neurrikoa, 1993an onartu zen, egungo Europako Batasuna izendapena legeztatuz, Jugoslavia herriaren zatiketa odoltsuaren lehenengo pausoak ezagutarazten ari zirenean. Berriro ere, 1995ean, kide berriak, Finlandia, Suedia eta Austria, ur harrotuen artean sartu ziren, Tequilazo peso mexikarraren krisialdiaren oihartzunen eta Asiatik zetorren dibisen krisialdiaren susmoen artean. Euroa moneta bakarraren izena eta izana finkatu ondoren, moneta bakarraren taldean bete beharreko Maastrichteko baldintza xelebreak, inflazio, interes tasa, defizit publiko eta pilatutako zor publikoen balioei buruzkoak, agintarien gida politiko-ekonomiko bakarra ziren, nazioarteko harremanetan desadostasunak nonahi izaten zituzten aldi berean: Jugoslavia ohiko errepubliken independentzia, Kosovoren ingurukoak, Europako Batasunaren armada propioen edota Amerikako Estatu Batuetakoen esku-sartze armatuen inguruan (Jugoslavian, Libian, Afganistanen...).

Dena dela, 2004rako, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Malta, Polonia, Txekiar Errepublika eta Zipre kide berriak sartu ziren. Ekialderako zabalpen horrekin, herri komunista eta kapitalisten arteko urte askotako urruntze eta banaketari amaiera eman zioten, nahiz ezberdintasun sozial eta ekonomikoak ez desagertu. Bulgaria eta Errumania 2007an, eta Kroazia 2013an, azkeneko etorri berriak izan dira, negoziaketa zorrotz eta luzeak burutu ostean. Bitartean, Lisboako Ituna ezin zen indarrean sartu; udaberri arabiarraren aurrean erantzun kontraesankorrak entzun ziren, azkenean erreakzionarioen alde jokatzeko; eta urte eta biktima anitz izan ondoren errefuxiatuen ‘arazoa’ aitortzeko orduan, halabeharrez erbesteratutako gizajo horiek lotsagabeki monetizatu dituzte, Turkian gera daitezen.

Hegemonia estatubatuarra agortzen ari omen den garai hauetan, Europako Batasunaren lekua eta botere erlatiboa jokoan daude, politikan, ekonomian eta, tamalez, kontu militarretan. Bertzaldetik, Erresuma Batuak elkartea utzi ondorengo Europako Batasunak Hegoaldera begiratzeko aukera ezin hobea du, jende xume eta gobernu demokratikoen aldeko benetako politika herrikoi eta lagungarria eskainiz. Lehia inperialista edo nazioarteko elkarlan demokratikoa, horra hor Europako Batasunak egin beharreko hautu geopolitikoa.