Asteazkena, 2024ko uztailak 24
Gora joan

Jakin 254

Gure gertuko historiaren protagonistei ahotsa ematen die Jakinek Historia bizia sailarekin. Oraingoan, Xipri Arbelbide idazle eta kazetaria ezagutzeko bidea eskaini du Jose Luis Aizpuru Ostolazak egindako elkarrizketak. Hitzaurrean Lorea Agirrek dioen bezala, Gure Irratiaren sortzaileak «eliza, euskara eta euskalduntasuna izan ditu bere bizitzako ardatz nagusi», eta ibilbide luze baten talaiatik mintzatu da, haurtzaroko Miarritzeko bonbardaketako oroitzapenetatik Aljeriako gerlara, eta handik gaur arte bizi eta eragindako aldaketetara. Agirrek ondo nabarmendu bezala, Aljeriako gerlan beste gerla bat ere jokatua zen, eta hainbat euskaldunen artean «sortu eta harrotu zen» frantses nazionalismoaren lekuko izan da Arbelbide. Ezinbestean aritu da geroztik horri aurre egiten.

Bestetik, Karmele Artetxe Sanchez EHUko irakasleak Bizkaiko auzo ikastoletako maistren bizimodura hurbildu gaitu, euren jarduna ezagutzetik horrek ekarri zizkien mugetaraino osatuz memoria. Agirre zuzendariak aipatu gisa, «hori ere badelako historia bizia, argira ekarri beharrekoa, ezinbestean, postumoki bada ere».

Info+ www.jakin.eus