Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan

Jakin 245-246

Jakin 245-246
Erlazionatutako albistea

Jakin 245-246: Krisi ekosoziala

Jakin 2021-11-04

UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin lankidetzan antolatutako Jakin Jardunaldian landutako edukiak biltzen ditu 245-246 zenbaki monografikoak. Krisi klimatiko, sozial eta ekologiko honen aurrean, ikusiko dugu nola txirikordatzen diren baliabide naturalen inguruko elkarrizketak justizia sozialarekin, feminismoarekin, burujabetzarekin; Lorea Agirre zuzendariak sarreran aipatu bezala, «mundu bizigarriago eta justuago bati galga» jartzen diolako krisi honek, eta hori lotua dagoelako «hizkuntza eta kulturaren eremuan eta justizia sozialaren eta demokraziaren eremuan» bizi dugunarekin.
Zenbaki bikoitz honetan hamalau aditu, zientzialari, aktibista eta eragilek heldu diote larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozialaren auziari. Euskal Herrian abian diren zenbait alternatiba biltzen ditu, pentsatzetik ekiterako bidea urratuz. Kontrazalean Dom Campistron irudigilearen estreinako lana ikus dezakegu.

Aldizkaria Erosi
PDF 15.81 MB 23,00 €
Papera 23,00 €
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu

Gai nagusia sailean, krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian desazkundeak duen lekua aztertu dute Unai Pascual Garcia de Azilu, Mirene Begiristain Zubillaga, Arturo Elosegi Irurtia, Ane Zabaleta Lopetegi, Iñaki Antiguedad Auzmendi, Belen Ausejo Garriz, Lorea Flores Compains, Sabine Endara, Xabier Harluxet, Aitor Azkarate Tomassone, Sergio Gallego Mazarías, Cristina Jerónimo Moreno, Ibon Goikoetxea Retegi eta Eider Murgoitio Bengoak.

GAI NAGUSIA: KRISI EKOSOZIALA: DESAZKUNDEA IRTENBIDE?

Klima eta biodibertsitatearen krisi bikoitzari aurre egiteko gobernantza eraldatzailearen aldeko aldarria

Nola lor dezakegu klimaren, biodibertsitatearen eta gizartearen arteko loturetan eragin desiragarriak izango dituen gobernantza berri bat? Eraldatzailea behar duen gobernantza sistema berri horrek zer baldintza bete behar dituen aztertzen da.

Ekofeminismoen txirikordak

Bizi dugun krisi sistemikoan ekofeminismoak eskaintzen dituen erantzunak aztertzen dira eta, lekuan lekuko erantzunak bilatzeko, euskal kosmobisio ekofeminista ezaugarritzen saiatzen da.

Euskal Herriko ingurune naturalen etorkizuna

Kalitatezko bizimodurako ezinbestekoa da kalitatezko ingurumena. Tamalez, ekonomiaren hazkunde esponentzialak giza lorratzaren emendio etengabea dakar. Etorkizuneko belaunaldientzat uzten ahal dugun ondarerik garrantzitsuena kalitatezko ingurumena da.

Ur berdearen garrantzia klima-krisiaren aurrean

Klima-krisiaren garaian eta Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendako erronkei aurre egiteko, honaino ekarri gaituzten paradigmak aldatu beharra dago. Norabide horretan, ur berdea egokitzapen hidrologikorako funtsezkoa da.

Uraren kudeaketa Nafarroan: gatazkak eta proposamenak

Laborantza ureztatuaren etengabeko hazkundeak eta interes ekonomiko pribatuei erantzuten dieten politika ekonomikoek Nafarroan uraren kudeaketaren inguruan eragiten dituzten gatazkak aztertzen dira, bide batez gobernantza parte hartzaile, garden eta bidezkoagoa aldarrikatuz.

Abeltzaintza industrialaren ajeak. Nafarroako kasua

Abeltzaintza industrialak dituen inpaktuak aztertzen dira, testuinguru orokorretik hasita eta Nafarroako egoerara hurbilduz. Aipamen berezia egiten zaio Caparrosoko makroetxaldeari.

Bizi!, larrialdi klimatikoaren, metamorfosi ekologikoaren eta justizia sozialaren haritik borrokatzen

2009az geroztik nagusiki Ipar Euskal Herrian larrialdi klimatiko eta ekologiaren arloan justizia sozialaren alde eta ildotik dabilen Bizi! mugimendu altermundialistaren ezaugarri nagusiak aurkezteaz gain, mugimenduaren zenbait garaipen arrakastatsu aztertzen dira.

Esne-behi gutxiagorekin bizi daiteke?

Esne-behiak dituen Jauregia baserriaren esperientzia aurkezten da, animalia gutxiagorekin, lurrak ematen duena aprobetxatuz eta errespetatuz eta lanpostuak sortuz abeltzaintzatik bizi daitekeela erakutsiz.

Non daude gure basoak?

Baso erabileren bilakaera, laborantza industrialek sortutako arazoak eta gizarte zibilak biodibertsitatea berreskuratzeko bultzatutako alternatibak aztertzen dira. Lurgaia Fundazioak gizarte zibil antolatutik bertako basoak berreskuratzeko premia azpimarratzen du, oreka ekologikoa eta gizakien eta naturaren arteko harremanak sustatuz.

Usurbil Atez Ate. Hondakinen desazkundearen bidetik

Usurbilen hondakinak atez ate biltzeaz harago, auto eta auzokonpostaren garapena, sortzez besteko ordainketa edo baserri konposta hondakinen desazkundean eman daitezkeen pausoak dira.

Energia berriztagarriak. Euskal Herrian badugu alternatiba propioa

Goiener Taldea eredu energetikoa aldatzearen alde diharduen kooperatibak euskal lurraldean burutzen dituen proiektu eta zerbitzuak azaltzen dira. Erakundea ingurumenarekin konpromisoa daukaten pertsonek osatzen dute, eta, energiaren kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, eredu energetikoa eraldatzea eta oinarrizkoa den ondasuna herritarren eskura jartzea du helburu.

Egunen Gurpilean
Kontrazala
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu