'Eta orain zer?' galderak zeharkatzen du euskal kulturari eskainitako Jakinen 241. zenbakia. Kultur arloko bederatzi lagunen gogoetak jasotzen baititu idatziz aldizkariak, pandemiaren ondorioez eta ondorenaz: Katixa Agirre idazlearena da testu nagusia, akuilatzaile bezain iradokitzailea; hausnarketa sintetikoagoetan jardun dute Alberto Barandiaranek, Olatz Osak eta Xabier Landabideak; eta solasaldian ipini ditu Itziar Ugarte kazetariak Edurne Azkarate, Igor Elortza, Xabier Gantzarain, Katti Pochelu eta Castillo Suarez.
Gainera, irudiz ere gogoetan ipini ditu Jakinek Dani Fano, Eider Eibar, Josevisky eta Nerea Unanua marrazkilariak.
Azkenik, 2018ko euskal liburugintzaren azterketa ere jasotzen du aldizkariak, Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruaren eskutik.
PDF 10.03 MB | 14,00 € |
---|---|
Papera | 14,00 € |
Pandemiak kultur mundua astindu du, atzetik zetozen ahuldadeak areagotuz. Hala ere, optimismorako arrazoiak ere badaude, sortzen ari den mundu berri baten zantzuak. Artikuluan bi ardatz planteatzen dira euskal kultura berpentsatzeko eta indartzeko: automaitasuna eta polimaitasuna.
Urtean zehar kulturaren alorrean izandako hainbat gertakariren inguruan gogoetatzen da: besteak beste, Oskar Alegriaren ekarpena, Nafarroako gazteen artean sustatutako Sormen digitala egitasmoa, pandemiak eragotzitako ekitaldiak, emakumeak literaturan lortzen ari diren hegemonia aldaketa...
Izurriteak guztia baldintzatu duen urtean, euskal liburugintzan lehendik ere identifikatutako hutsune eta erronkak gogorarazteaz gain, testuinguru berrian horiei nondik eta nola erantzun asmatzeko gako batzuk proposatzen dira.
Inork espero ez zuen forma hartu du 55. Durangoko Azokak. 50. edizioan balio immaterialaren inguruan egindako ikerketa gogoan, aurtengoaren inplikazioez hausnartzen da Azokaren aurreko, bitarteko eta ondorengo egunak oinarri hartuta.
Pandemia bat ekarri du 2020ak, aurretik eramanez ahal izan duen dena eta begi-bistara ekarriz azpian aurretik ere bazegoena. Baita kulturgintzaren lurretan ere. Denbora ohi baino bizkorrago pasatu dela dirudi, eta urtearen gaineko zeharkaldia berregiten dute, modu gurutzatuan, Edurne Azkarate aktoreak, Igor Elortza bertsolariak, Xabier Gantzarain idazle eta Dinamoa Sormen Guneko koordinatzaileak, Katti Pochelu Gastibeltza Films ekoiztetxeko kideak eta Castillo Suarez idazleak.
2018an euskaraz argitaratutako liburuen azterketa aurkezten da: ohar metodologikoak; liburu produkzioaren zifren iturriak; argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena eta kanpoko eta bertako argitaletxeen ekoizpenaren konparaketa; argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak eta nobedadeak eta berrargitalpenak; azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa.