Pandemiaren osteko egoera distopikoari begiratzeko beste modu bat eskaini nahi du Jakin-en 239. zenbakiak Mario Zubiaga Garate, Arantza Etxeberria Agiriano, Joseba Azkarraga Etxagibel, Irati Zubia Landa, Joseba Gabilondo eta Harkaitz Canoren testuekin.
PDF 6.45 MB | 14,00 € |
---|---|
Papera | 14,00 € |
Birusaren agerraldia aurreikusia genuen hainbat saiakera eta filmetan. Gertatuko zela jakinda ere, gure errutina guztiak hautsi ditu. Pandemiaren ondorio politikoak aztertzen dira artikuluan, eta birusak errealitatearen azpian dagoen erreala desmaskaratzeko izan duen gaitasuna azpimarratzen da.
Gaitzaren alderdi indibidual eta orokorraren (komunitatea, gizartea, natura) arteko loturak aztertzen dira, osasun eta gaixotasun kontzeptuen eztabaida filosofikoaren harira. Tartean daude birusen izaera, gaitz infekziosoen historia, biologia eta gizartearen eragina eta gaitzaren alderdi ekologikoa.
Pandemia naufragio ekosozial orokorraren baitan kokatzen da. Prospektibari helduz, iragartzen da etorkizunak konplexutasunaren galtze (kolapso) are biziagoa dakarkigula. Kapitalismo are basatiagoa gailen ez dadin, emantzipaziorako egitasmoa berrasmatzeko aldarria egiten da, eta bide horretarako zenbait oinarri aipatu.
Egia-osteak ziurgabetasun-egoeretan dituen inplikazioak aztertzen dira. Defendatzen den hipotesi nagusia hauxe da: ziurgabetasun-egoeretan egia-ostearen arrisku zein dinamikak areagotu egiten dira.
Konspirazionismoa, paranoia eta negazionismoa (konspiranoinegazionismoa) era edo forma politiko emankor, aktibo eta populistak direla eta, beraz, beren ‘politikotasun’ konplexuan ulertu eta analizatu behar direla defendatzen da, ezkerraren kontrajartze eta kondena razionalistek azkenean gutxiengo ilustratu eta arranditsu baten erantzun efektugabe eta indargabea izaten amaitu baitute, berriro ere ezkerraren politika talde gutxituen dinamikara murriztuz eta jende gehiengoaren babesa galduz.