Jakin aldizkariaren 221-222. zenbaki bikoitza kalean da 'Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean' izenburupean. Izan ere, UEU eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, Jakin Jardunaldia egin genuen uztailean eta 11 hizlari aritu ziren lau tasun horien harremanaz gogoetan, elkarguneko feminismoaren pentsamendutik eta praktikatik abiatuta. Gogoeta horiek autoreek eurek osatuta ekarri ditugu orain paperera. Izan ere, «hizkuntzen arteko harremana, klase sozialen artekoa, generoen artekoa eta migrazioaren baitakoak bizikidetzaren jokalekuan jokatzen dira, eta horien nolakotasunak herria egiteko geure moduez zerbait esaten digu», Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariaren hitzetan.
Pentsamendua eta praktika, beraz. Hala aritu ziren hizlariak, norbere jakintza eta esperientziatik. Eta horietatik lauri, espresuki, antropologian ‘bizi ibilbidea’ deitzen zaion norberaren esperientziaren eta ikuspegiaren kontakizuna egitea eskatu zitzaien. Egileen artean daude Mari Luz Esteban, Amelia Barquín, Ignazio Aiestaran, María Reimóndez, Itziar Gandarias, Petra Elser, Tarana Karim, Jessica Chalampuente, Aminata Diop Seck, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre.
Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorriaren arteko harremanaz ari garenean kolektibotasuna eraikitzeko, komunala den hori kudeatzeko eta herrigintza egiteko moduez ari gara. Hau da, kapitalismoaz eta patriarkatuaz harago, bai materialki eta bai identitarioki, bizitza desiragarri bizigarriak begitantzeko ahalmen konpartitua garatzeko gai ote garen.
Azken hamarkadetan nazioarte mailan hedatzen ari diren zenbait berrikuspen feminista (teoria dekoloniala, kasu) aintzat hartuko dituen ikuspegi feminista berritu baterako proposamenaz gogoeta egiten da.
Klase sozialei buruzko lau auzi aztertzen dira azken hamarkadotan: 1) sozialismo, klase eta nazioaren ingurukoa (‘Arregi-Txillardegi’ auzia); 2) kolonialismotik klase-borroka nazionalera doana (‘Sartre-Marx’ auzia); 3) klaseei buruzko diskurtsoa ahaztu ondoren, klase-arazoa gaurko ezkerrean (‘Sarrionandia-Azurmendi’ auzia); eta 4) emakumea, arraza eta klasea egungo kapitalismoaren aurrean (‘Davis-Glefas’ auzia). Lau auziok klaseen dinamika argitzen dute, baita oztopo historiko-metodologikoak ere.
Mundu globalizatu honetan hizkuntza batzuei balioa ematen eta beste batzuei kentzen dien hizkuntz hegemoniaren diskurtsoren aurrean, hizkuntza ez hegemonikoek justizia sozialerako paradigma berriak formulatzerakoan duten potentzial iraultzailea defendatzen da.
Intersekzionalitateak feminismo beltz eta txikanoen aldarrikapenetan duen jatorria kontuan izanik, bere ekarpen nagusiak garatzen dira, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Plataformaren barruan subjektu desberdinen arteko aniztasuna eta ezberdintasunak lantzeko egon den esperientziaren inguruan hausnartuz.
Jakina da eskola aniztasunaren eremua dela; baina bada, halaber, desberdinkeriaren eremua. Eskolak aipatutako lau errealitateak kudeatu behar ditu, eta horretarako dituen zailtasunak eta erronkak aztertzen dira.
Alemaniatik Euskal Herrirako etorreraren bizi ibilbidea azaltzen da: famili eta lan egoera, euskararen ikaskuntza, euskaldunen komunitatean sartzeko zailtasunak, Banaiz Bagara elkartearen sorrera... Orobat euskaldun guztiok partekatuko dugun iruditeria kolektiboaren beharraz egiten da gogoeta.
Azerbaijandik Euskal Herrirako etorreraren bizi ibilbidea azaltzen da: seme-alaben hezkuntza eta norbere kultura eta balioen transmisioa, euskararen ikaskuntza, egokitzapenaren zailtasunak, emakume eta musulman izatearen eragozpen gehigarriak, etorkinaren identitate pertsonalaren eta sozialaren eraikuntza...
Ekuadortik Euskal Herrirako etorreraren bizi ibilbidea azaltzen da: kitxua hizkuntza eta kulturaren egoera, hamasei urterekin euskararekin izandako ustekabeko lehen harremana, bizimodu berri eta hobearen bilaketa, hizkuntza eta identitateari eusteko borroka...
Senegaldik Euskal Herrirako etorreraren bizi ibilbidea azaltzen da: wolof herriaren kultura, hizkuntza eta erlijioa, emakumeen ahalduntzea Senegalen, ikasketeei egokitutako lana lortzeko ezintasuna, atzerritarren legearen presioa, hizkuntza eta kultura berriak ezagutzeko aukera...