Joseba Azkarraga Etxagibelek egungo baldintza sozial, psikologiko, politiko, kultural eta ekonomikoetara egokitutako euskal herrigintzaz egiten du gogoeta. Egun bereziki da garrantzitsua garaiari erreparatzea, aro aldaketa bete-betean baikaude: artikulua hasten da garaiari begiratuz, eta ondoren ekiten dio indartu beharreko herrigintza berriaz gogoetatzeari.
Idurre Eskisabelek euskal izendegia aztertzen du genero ikuspegitik, sexuaren araberako bereizketaren auziari erreparatuz. Izan ere, euskal izendegiaren arautzaile nagusiak, Euskaltzaindiak, izen mistoen aukera baztertu duenez, hautu horren alde eman diren arrazoiak eta bereziki gure jendarteko genero ideologia nagusiak izan duen eragina aztertzen du artikuluak
Ainhoa Fernandez de Arroyabe, Iñaki Lazkano eta Nekane E. Zubiaurrek Euskal Herriko animazio esperimentalean nagusi diren bi korronteen ezaugarriak definitu eta horien adierazle diren hiru emakumezko sortzaileren lanak aztertzen dituzte. Lehen joerak (Begoña Vicario eta Isabel Herguera) asmo narratiboa eta esperimentazio formalaren uztarketa du ardatz. Bigarrenak, berriz (Izibene Oñederra), narrazioa ukatu eta sormen artistiko hutsaren alde egiten du.
Eneko Bidegainek Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) Ipar Euskal Herriaren nortasun kontzientzian izan zuen eragina aztertzen du. Izan ere, gerra hori erabakigarria izan zen Ipar Euskal Herriko herritarrengan frantses naziotasuna txertatu eta indartzeko. Horrenbestez, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko amildegia zabaldu egin zen.