'Eta orain zer?' galderak zeharkatzen du euskal kulturari eskainitako Jakinen 241. zenbakia. Kultur arloko bederatzi lagunen gogoetak jasotzen baititu idatziz aldizkariak, pandemiaren ondorioez eta ondorenaz: Katixa Agirre idazlearena da testu nagusia, akuilatzaile bezain iradokitzailea; hausnarketa sintetikoagoetan jardun dute Alberto Barandiaranek, Olatz Osak eta Xabier Landabideak; eta solasaldian ipini ditu Itziar Ugarte kazetariak Edurne Azkarate, Igor Elortza, Xabier Gantzarain, Katti Pochelu eta Castillo Suarez.
Gainera, irudiz ere gogoetan ipini ditu Jakinek Dani Fano, Eider Eibar, Josevisky eta Nerea Unanua marrazkilariak.
Azkenik, 2018ko euskal liburugintzaren azterketa ere jasotzen du aldizkariak, Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruaren eskutik.