Larunbata, Igandea, 2020ko abuztuak 08
Gora joan
Menua

Txillardegiri eskainitako sailarekin abian da 'Dabilen pentsamendua' liburu bilduma

Jakinek eta UPV/EHUk elkarlanean osatu dute bilduma. Txillardegiren biografiarekin ekin dio, eta AEKren babesa jaso du lehen liburu honek

2019-02-06

XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko osatu dute Jakinek eta UPV/EHUk elkarlanean Dabilen pentsamendua izeneko liburu bilduma berria. Sinetsita baikaude eskuz esku eta ahoz aho dabilen pentsamenduak baino ez duela aurrera egiten. Eta pentsamenduak aurrera egin dezan, denen eskura jartzea beharrezkoa da.

Egilekako eta gaikako antologiekin osatuko da bilduma. Aukeratutako lehen autorea Txillardegi da, eta bere biografia eta testu hautatuekin sail propioa izango du. Testu hautatuei dagokienez, aurreneko hirurak argitaratu dira euskara batuaren, nazio auziaren eta hizkuntzaren filosofiaren inguruan.

Txillardegiren biografia

XX. mendeko bigarren erdiko une erabakigarri guztietan Euskal Herriak behar izan duen pertsona izan da Txillardegi, Joxe Azurmendi filosofoaren hitzetan. Pentsalari zein eragile, aitzindari izan baita hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, irekia, ez esentzialista, eta hizkuntza naziotasunaren erdigunean kokatu zuen nazioarteko pentsalariak gurera ekarriz; euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen; euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen eta Europako moldeetara ekarri zuen euskal literatura Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin; soziolinguistikan ikuspegi berritzailea txertatu zuen UPV/EHUn, soziolinguistika matematikoarekin, besteak beste. Ekin eta ETAko sortzaile, politikan ere jardun zuen gaztetatik, ondoren ESB, HB eta Aralar alderdiekin militatzeko. Eta euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua izan zen, hala nola Euskal Herrian Euskaraz taldearekin.

Txillardegiren ekarpena ezagutaraztea izango da bildumaren lehen helburua, beraz, bere pentsamenduaren oinarriak azaleratuz.

Egilea kokatzeko, Txillardegiren biografia idatzi du Miren Rubio Iturria kazetariak: Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. Idatzizko dokumentazioaz gain, Txillardegi bertatik bertara ezagutu zutenen hitzekin osatu du: Jone Forcada emaztea, Joxe Azurmendi filosofoa, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzalea, Patxi Zabaleta abokatua eta Aralarreko koordinatzaile ohia, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria eta euskaltzaina eta Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez EHUko irakasle ohiak elkarrizketatu ditu.

Bokazio dibulgatiboarekin idatzita, Txillardegiren hari-mutur guztiak josi ditu kronologikoki egileak, bere pentsamendua eta bizipenak nola gurutzatzen diren ulertarazteko. Euskal Herriko azken hamarkadetako historian zehar egindako kontaketa ere bada horregatik biografia hau. Atariko, gainera, hitzaurrea idatzi du Joxe Azurmendik.

Babes berezia jaso du bildumako aurreneko liburuak. 21. Korrikaren aurtengo omendua Txillardegi izango da, eta AEK-k ere bat egin nahi izan du biografia honen argitalpenean, omenaldi horren parte gisa.

Testu hautatuak

Txillardegiren testu hautatuekin eman diogu jarraipena bildumari. Bere pentsamenduaren hiru ardatzen inguruan osatu ditugu aurreneko hiru liburuak: euskara batua, nazio auzia eta hizkuntzaren filosofia.

Testuen hautaketaz Alaitz Aizpuru Joaristi arduratu da. Filosofian lizentziaduna da Aizpuru, eta Txillardegiren ekarpena berariaz ikertu du. Horrekin batera, liburu bakoitzak bere hitzaurrea du, gaia kokatu eta Txillardegiren ikuspegia aletzeko: Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari eta euskaltzainak idatzi du euskara batuarena, Joxe Manuel Odriozola idazle eta euskara irakasleak osatu du nazio auziari eskainitako atarikoa, eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko filosofia irakasleak heldu dio hizkuntzaren filosofiaren hitzaurreari.

Dabilen pentsamendua bildumaren aurreneko lau liburuak dira, Txillardegiren sailak jarraipena izango baitu testu hautatuekin, eta beste autore batzuk ere gaineratuko zaizkio bildumari etorkizunean. Arnas luzeko ibilbidea egiteko asmoz sortu baita Dabilen pentsamendua bilduma.

 

DABILEN PENTSAMENDUA LIBURUAK

Biografia:

TXILLARDEGI

Batasunaren pentsalaria

Miren Rubio Iturria

 

Testu hautatuak:

01 TXILLARDEGI

Euskara batua

 

02 TXILLARDEGI

Nazio auzia

 

03 TXILLARDEGI

Hizkuntzaren filosofia