Ostirala, 2024ko maiatzak 03
Gora joan
Menua

Rafia Zakariaren 'Feminismo zuriaren aurka', Eskafandra bilduman

Amaia Apalauzak ekarri du euskarara Zakariak feminismo zuriari egindako kritika

2023-11-23

Rafia Zakaria abokatu, kazetari eta idazlearen Against White Feminism liburu astintzailea da Eskafandra bilduma feministaren ekarpen berria: Feminismo zuriaren aurka. Amaia Apalauzak egin du itzulpena. «Euskal Herriko feminismoan eta oro har Mendebaldeko pentsamendu feministan puri-purian dagoen intersekzionalitatean sakontzeko deia» dakar liburuak, gurean eta guretik irakurriz, «pribilegio zurian oinarritutako begirada eta jarrera kolokan jarri eta justuagoa izango den feminismo bati bide emateko» abiapuntu gisa. Horretarako du erantsia irakurketa gida, gaika landu ahal izateko.

Eskafandra bilduma feministako 8. liburua da Rafia Zakaria idazle pakistandar estatubatuartuarena, eta orain arteko liburuak ez bezala, berri-berria da. Antxiñe Mendizabal idazle eta editoreak azaldu bezala, 2021ekoa da jatorrizkoa bera, eta «une honetan pil-pilean den gaia izaki, erabat betetzen du bildumaren helburua: pentsamendu feministaren inguruan sortutako liburu esanguratsuenak euskarara ekartzea». 

Amaia Apalauza idazle eta itzultzaileak hartu du euskarara ekartzeko ardura, eta, hain zuzen, Eskafandra bezalako bildumen garrantzia azpimarratu du, euskaldunoi nazioartean ahoz aho dabiltzan gaiak euskaraz  irakurtzeko, eztabaidatzeko eta gureganatzeko aukera ematen digulako. Zakariaren lanak zuritasunaren pribilegioan oinarritzen den feminismoari egiten dio kritika, eta, itzultzailearen iritziz, «feminismo zuriaren prismaz kanpoko ekimen feministez asko ikasiko dugu» irakurketan zehar. Izan ere, «feminismo zuriak ezartzen duen hierarkia faltsuaren bidez, zuriak ez direnei edo Zakariak dioen bezala beltz, marroi edo asiarrei subjektu politiko izaera ukatu zaie». Liburuak lantzen dituen zenbait adibide nabarmendu ditu Apalauzak, horren erakusle: goitik behera konponbideak ezartzen dituen feminismo iragazkorraren adibide diren salbatzaile zuriaren jarrera, edo ustezko gerra feministaren izenean Afganistango erasoak zuritu zituen sekurofeminismoa. Ahalduntzearen kontzeptua ere sakon aztertzen du egileak, «helburu indibidual eta neoliberalei egokitzen hasi eta boteretze kolektiboari itzuri egiten dion ulerkera despolitizatzailearen aurrean».

Lorea Agirre Jakineko zuzendari eta editoreak azalari buruzko azalpena eskaini du, Irantzu Pastor Ordoki argazkilariaren erretratua, hain zuzen. Bertan, Indiako hijra bat ageri zaigu zeharka baina zuzen begira. Hijra Indian genero disidente edo hirugarren generokoa denari esaten zaio, alegia, ez emakume eta ez gizon. Agirreren ustez, ezin egokiagoa da azalerako, ez duelako bat egiten «feminismo zuriak ustez salbatu beharreko menderatu horien estereotipoekin». Liburuko zenbait pasartek euskaldunon ikuspegitik oihartzun ezaguna sor lezaketela azpimarratu du editoreak, eta, interpretazio bat eginez, anbibalentzia bat jarri du agerian: «emakume zuri europar gisa eragiten digun menderakuntza kontraesanean sartzen da hizkuntza minorizatu bateko emakume bezala ditugun bizipenekin». 

Hain zuzen, Zakaria egilearen hitzak aipatu ditu, kontrazalean ageri direnak: 

emakume guztien askatasun eta ahalduntzea indartzeko eta feministen artean ere justizia egiteko gai izango den mugimendu feminista bat indartzeko eta bere burua feministatzat jotzen duen emakume orok aurki dezan aurreranzko bide bat eta geratzeko arrazoi bat, arraza, klasea, nazionalitatea, hizkuntza eta erlijioa gorabehera.

Azken ideia hori garatu du Lorea Agirrek, Hizkuntza Politika saileko Hizkuntza eta genero berdintasunean elkarrekin urratsa lerroaren diru laguntza eskertuz. Liburuan bertan aipatzen diren feminismo zuriaren aurkako antidotoei Euskal Herritik begira jarrita, hala formulatu du Agirrek, eztabaidarako ideia bezala: «feminismo zuriaren aurkako antidoto bat, gaur eta hemen, euskaratik pasatzen da; ez gure azaletik eta ez gure diskurtsotik, baina bai hizkuntzatik».