Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan
Menua

Martin Ugalderen obra osoa eskuragarri

2021-11-11

Martin Ugalde jaio zela 100 urte betetzen diren egunean aurkeztu da bere lanaren digitalizazioa. Jakinek Euskal Pentsamendua atalean jaso du Ugalderen obra, Txillardegi, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdairenarekin batera. Ugalderen 1.662 idatzi daude bilduman, edonorentzat eskuragarri.

Martin Ugalde Kultur Parkeko aretoan egin da digitalizazioaren aurkezpena. Lehenik, Joan Mari Larrartek hartu du hitza, kultur parkearen ordezkari gisa, Martin Ugaldek «azken hilabeteotan hainbeste elkarte eta eragile elkarlanean ikusita» hartuko zukeen poza nabarmenduz. Andoaingo alkateak hartu du jarraian hitza, Martin Ugaldek euskaldun gisa bizi ahal izateko edukitako oztopoak aipatuz, bere biografiaren errepasoan.

Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eman ditu digitalizazio lanaren azalpen zehatzak, «Jakinen zutabeetako bat pentsalari eta idazle erreferentzialen obra guztion eskura modu ordenatu eta analitikoan jartzea» baita, horien transmisioa bermatzeko. Webgunearen funtzionamendua erakutsiz azaldu du Ugalderen 1.622 testu daudela eskuragarri (horietatik 46 liburuak eta 1.548 artikuluak) eta berari buruz idatzitako beste 387 testu ere bai. Gainera, argitalpen horiek 69 agerkaritan idatzi zituen, Euskal Herrian zein Venezuelan; bere «irisgarritasunaren, zabaltasunaren eta sarbidearen erakusgarri», Agirreren hitzetan. Liburuen artean ere askotarikoak: historia liburuak, kazetaritza, literatura, elkarrizketa liburuak, biografiak, saiakerak ... eta horrek agerian uzten du Ugalderen «gaitasun eta zabaltasun intelektuala». Testuok egilez, agerkariz eta lan motaz bilatu daitezke webgunean.

Ugaldek 56 urte pasa zituen idazten, eta Agirrek esan bezala «argitaratzen, pentsatzen, aztertzen, arnas ematen». Orain urte horiek fruitua eta «produkzio ikaragarria» edonorentzat eskura geratuko da dohainik, «berak nahi lukeen moduan». Lorea Agirrek laburbildu duen moduan, «Martin Ugalde erraldoi bat zen, bai kopurutan eta baita gaiteriaren zabal eta sakonean; Dena axola zitzaion, askorekin engaiatzen zen eta beti ekarpena egiten zuen». Horregatik, bere obra eskuragarri uztea omenaldi onena eta iraunkorra izango dela aitortu du, «zor genion», erantsiz.

Ondoren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta jaurlaritzaren bozeramaileak hartu du hitza, begirunez, esker onez eta errespetuz Ugalderen ekarpena goratzeko. Azkenik, Unai Ugaldek aitaren «sakontasuna, bizitzan zuen apaltasuna, ekimenerako ausardia eta lanean zuen zorroztasuna» helarazi dizkigu, bere jarrera nekaezinarekin lanean jarraitzera gonbidatuz: «gure aitak, orain galdetuko liguke: "eta orain, zer egingo dugu?"».