Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan
Menua

Liburugintzaren panorama, «egoera diglosikoaren ispilu»

Durangoko Azokan JAKINek gogoeta egiteko elkartu ditu Iratxe Retolaza, Hedoi Etxarte eta Xabier Eizagirre

2022-12-08

Joan Mari Torrealdaik 1976. urtean hasi zuen euskal liburugintzaren azterketa abiapuntu harturik, bertan 45 urtez bildutako datuei tiraka, liburugintzaren panorama aletu dute Xabier Eizagirrek, Iratxe Retolazak eta Hedoi Etxartek Durangoko Azokan egindako mahai inguruan. Bat egin dute «datuak egoera diglosikoaren ispilu» direla baieztatzerakoan.

Datuen «desorekari» tiraka

Xabier Eizagirrek liburugintzaren azterketak eskainitako datuen eta bilakaeraren errepasoa eskaini du, gogoetarako kokapen gisa. Zenbait gako azpimarratu ditu; esaterako, azken bost urteetako batezbestekoak harturik, produkzio osoaren herena hezkuntza eta irakaskuntzarako liburuek hartzen dutela eta, horiei haur eta gazte literaturakoak gehituz gero, bi heren direla xede talde berari eskainitakoak. Eizagirreren ustez, hori desorekaren eta bizi dugun egoera diglosikoaren erakusgarri da. Retolazak, hariari tiratuz, gogoratu du horrek berak eragin lezakeela zenbait gaztek duten pertzepzioa, «euskara haurtzaroko hizkuntza» gisa ikusten dutela agertu baitute kale erabilerako ikerketan. Horregatik zaio interesgarri Retolazari «haur eta gazte literatura diogunean zenbat den haur eta zenbat den gazte bereiztea», gaztetu eta hazi ahala beste hizkuntzetara jotzeko beharrik senti ez dezaten. Etxartek ere kritika egin dio urtetan euskalgintzan hartu den norabideari, ez baikara, haren ustez, jendea euskalduntzera iritsi: «krisi bat dugu hizkuntzarekin, eta krisi oso antzekoa liburugintzarekin».

Hezkuntzako liburu eta testuliburuen produkzio handiari begira, Retolaza eta Etxarte bat datoz argitaletxeen lana sustengatzeko ezinbesteko bide bat izan dela; Etxartek esan bezala, «azoka honetan stand gehien dituzten argitaletxeek testuliburuei esker sustengatu dute euren lana». Retolazak egoera hori kolokan ikusi du digitalizazioarekin, eta Etxartek galdetu du ea posible den egun euskarazko liburuak saltzetik bizitzea, bere buruari erantzunez: «helduen literatura saltzetik bizi diren argitaletxeak fikzioa dira hemen, momentuz».

Egileen perfilaren eta sarbidearen garrantzia

Retolazak liburugintzaren azterketa sakondu eta zabaltzeko beste zenbait ardatz proposatu ditu; «genero zein lurralde edo adin ikuspegitik genero literario bakoitzean nor ari den, edo zer bilakaera izan duen» ikertzeari interesgarri deritzo. Eizagirrek aurrez emandako datuak gogoan, nabarmendu du haur eta gazte literaturaz ari garenean ere, «sortzaile potentziala 40 urtetik gorakoa» dela. Kritikari eta irakaslearen ustez, euskal liburugintza aniztu nahi bada, funtsezkoa da profil horiek aztertu eta lantzea.

Zerk egiten du, baina, idazten duen norbait egile? Retolazaren ustez, horretan ere Mendebaldeko kultura gehienetatik aparte gabiltza: «liburu bat argitaratzeak egiten zaitu egile». Horrek ezinbestean garamatza argitalpen sistemara, non Retolazaren ustez ez dugun asmatu zirkuitu bat sortzen, «idazketan ari den baina argitaletxe baterako sarbiderik ez duen gazte batek liburu bat proposatzeko aukera izan dezan». Ondorioz, erdigunean ez dauden ahotsak eta egiletza aniztea lekarketenak dira hain justu «zirkulazio gutxien duten argitalpen motatan daudenak (autoedizioa, udal batek emandako saria...)». Euskal liburugintzan dugun erronka handi batera darama gogoeta horrek kritikaria, «publikazioaren barne munduak nola funtzionatzen duen ezezagun zaigun artean ezinezkoa [bait]zaigu nola funtzionatu behar lukeen pentsatzea».

Euskarazko liburuen eskuragarritasun eza

Hedoi Etxartek hartzailearen paperera ekarri du fokua, eta etxean bere kabuz burututako ikerketa labur baten berri eman ditu: «EAEko liburutegien bilatzailean egile eta liburuak bilatzen hasi nintzen». Egile ezagunekin egin zuen saiakera, eta, Annie Ernauxen lanen bila hasita, bilaketako plataformak berez dituen zailtasunez gain, lehen orrian liburu beraren gaztelerazko hiru edizio agertu zitzaizkion, bi frantses, eta gero beste liburu batzuen gaztelerazko bertsioak. Lehen ondorioa: lehen orriak euskaraz irakur daitezkeenen arrastorik ez, «eta bost ditu!».

Alderatzeko, bilaketa bera gauzatu zuen Kataluniako liburutegi sarean, eta lehen kolpetik erdiak katalanezkoak ziren. Etxarteren ustez, erabiltzaileak bere liburutegian edo auzoan bilaketa egitean subjektiboki jasotzen duen mezu bat da hori; euskarazkora heltzen kosta egiten da. Liburutegi fisikoei begira, kezka bera partekatu du Retolazak ere, ez baita hain ikusgarri eta irisgarri izaten euskarazko aukera. Kritikariaren ustez, horrek kuota politika baten falta uzten du agerian, euskarazko liburuei ehuneko jakin bateko ikusgarritasuna bermatzeko. Horri lotua edo ez, beste datu bat atera du Retolazak mahai gainera:  «euskarazko liburuaren bizialdia laburragoa da hizkuntza hegemonikoetako liburuen aldean».

Etxartek ifrentzua bilatu dio euskarazko liburuen ikusgarritasun arazoari. Izan ere, euskal komunitateko zenbait eremutan mundu mailako literaturari ezikusia egiteraino baldintza gaitzake. Idazleak hedabideen adibidea eskaini du, non euskarazko publikazioetan jartzen den arreta. Etxarterentzat kezkagarria da, «artera, kulturara, pentsamendura gerturatu nahi baduzu» erdaretan bilatzera eraman dezakeelako irakurlea. 

Mahai inguruaren denbora agortuta eta urratzeko bide mordoa begi bistan, liburugintzaren azterketan sakontzeko bidea eman du solasaldiak. Urte hasieran argitaratuko den JAKINen 253. zenbakiak ekarriko du, momentuz, 2021eko liburugintzaren azterketa datutan.