Asteartea, 2017ko azaroak 21
Gora joan
Menua
Euskal liburugintza 2015

Liburu produkzioa %8 hazi da 2015ean

Ohiko denez, testuliburuak eta haur eta gazteentzako liburuak dira sail emankorrenak

2017-01-18

Azterketak jasotzen duenez, liburu produkzioan 2015ean igoera esanguratsua gertatu da: 2.353 liburu kaleratu dira, aurreko urtean baino 189 titulu gehiago.

Honako alderdi hauek landu ditu Joan Mari Torrealdaik bere azterketan: liburu produkzioaren zifren iturriak; argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena eta kanpoko eta bertoko argitaletxeen ekoizpenaren konparaketa; argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak eta nobedadeak eta berrargitalpenak; eta gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa.

Argitaratzaileen jarduera aztertzerakoan, editore handienen zerrenda eskaini du Torrealdaik, besteak beste: soilik argitaletxe komertzialak aintzat hartuz, Santillana-Zubia Elkar ageri da zerrendaren buruan (285 titulu). Atzetik ditugu Elkar (281), Edelvives-Ibaizabal (183), Ikaselkar (147), Susaeta (120), SM-Ikasmina (118), Anaya-Haritza (114), Erein (111), Edebé-Giltza (77) eta Ttarttalo (52).

2015eko 2.353 titulu horiek 288 agente argitaratzaileren artean ekoitzi dira.

Argitalpen digitalari dagokionez, 2015ean 623 liburu elektroniko atera dira, ekoizpen osoaren %26,5, 2014an baino 104 titulu gehiago.

2015eko liburugintzan 1.982 titulu argitaratu dira nobedade gisa (%84) eta 371 berrargitalpen gisa (%16). Nobedadeen artean, 1.359 dira jatorrizkoak edo euskaraz sortuak (%68,5) eta 623 itzulpenak edo euskarara ekarriak (%31,5).

Titulu guztiak gai multzotan sailkaturik, irakaskuntzaren inguruko liburua da multzorik handiena (990 titulu, %42); bigarren lekuan dator haur eta gazteentzako liburua (581, %24,8); hirugarren, giza eta gizarte zientzien inguruko liburuak (283, %13); eta, ondoren, helduen literatura (296, %12).

Literatur liburuak generoz aztertuz gero, lehentasuna, beti bezala, narratibak du (%62,2). Ondoren, alde handira, beste generoak datoz: olerkia (%17,6), herri literatura eta bertsoa (%2,1) eta antzerkia (%0,3), besteak beste.