Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan
Menua
‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’

L. Agirre: "Ezinbestekoa da gizartean ditugun menderakuntza moduak ezagutzea"

2018-01-21

UEU, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea eta Jakin elkar hartuta datoz ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroa eskaintzeko. Abiapuntua uztailean Usurbilen egindako ‘Hizkuntza, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua’ Jakin Jardunaldia da. Elkarguneko feminismotik, lau tasun horien gurutzaketaz eta nolakotasunez jardun zuten hizlariek, eta ildo horiei jarraituz osatuko da hizkuntzari eta generoaren gurutzaketari propio erreparatuko dion ikastaroa. Horretarako, lau hitzaldi eta mahai-ingurua antolatu dira urtarriletik maiatzera bitarte.

Usurbilen udan egindako Jakin Jardunaldiaren jarraipena izango da Gasteizko Oihanederreko ikastaroa?
Bai, jarraipena izango da baina ez errepikapena. Alde batetik, Usurbilgo ikastaroan landutako ideia nagusiak jorratuko dira Oihanederren, eta orduko hizlari batzuek ere hartuko dute parte. Baina, gaiaren beste ertz batzuk ere agertuko dira hizlari berrien ahotik. Horregatik, bestalde, auziari alde eta ikuspuntu berriak gehituko dizkio Oihanederreko ikastaroak, eztabaidak aurrera jarraitzen duenaren seinale. Beraz, espirituan Usurbilgo ‘lurrikararen’ erreplika bat da ikastaroa, gai hau lurrikaratxo bat badelako. Horregatik eskatu zaio Jakini Gasteizen egitea ikastaroa, hain zuzen.

Ikastaro honetan propio euskaltzaletasunaren eta feminismoaren elkarguneaz arituko zarete. Zein ikuspegi eta asmorekin?

Ideia giltzarria hauxe da: bai euskal hiztuna eta bai emakumea sistemikoki mendean hartzeko modua eta ideologia berberak direla. Bi menderakuntza horietako bat edo biak gorputz sozial berean gertatzen dira, gainera. Beraz, menderakuntzatik irteteko eta berdintasuna erdiesteko aliantzak egin behar dituzte euskaltzaletasunak eta feminismoak, onuragarri, beharrezko eta koherenteena delako. Horretaz jardungo dugu ikastaroan.

Idurre Eskisabel irakasle eta kazetariarekin batera eskainiko duzu zuk aurreneko hitzaldia, eta otsailean Mari Luz Esteban antropologoaren txanda izango da. Marko orokor hori zehaztuko duzue aurrenik? Bestelako zapalkuntzen inguruan jardungo duzue?

Bai, Idurrek eta biok auziaren marko orokorra eta geure posizioa azalduko ditugu. Eta bestelako menderakuntzak ere aipatuko ditugu, dela jatorria, dela klasea eta beste. Horrek guztiak oso konplexu bihurtzen du analisia, baina gertatzen zaiguna ulertzeko derrigorrezkoa dugu begirada hori. Zergatik? Ezinbestekoa delako gizartean ditugun menderakuntza moduak ezagutzea, izena jartzea eta elkarren arteko harremana zein den ikustea, non gurutzatzen diren jabetzea; feminismo beltzak ekarri zuen intersekzionalitateko edo elkarguneko feminismoaren oinarriak dioena jarraiki. Helburua ez baita menderakuntzen hierarkia bat egitea, baizik eta, feminista afroamerikarrek azpimarratu dutenez, elkarren arteko aliantzak jostea. Era berean, garrantzitsua da menderakuntza bakoitzari izena jartzea, eta non, noiz eta nola gertatzen diren ohartzeko tresnak izatea. Izan ere, menderatzailea, hau da, pribilegioduna nor den, noiz den eta nola jarduten duen izendatzea dakar horrek.

Adibide zehatzagoetatik hitz egingo dute Amelia Barquín eta Miren Artetxek?

Bai, eremu konkretuagoetatik arituko dira biak. Amelia Barquínek, esaterako, hizkuntzaren erabilera sexista izango du hizpide. Eta Miren Artetxek ahalduntzea euskaratik, generotik eta bertso mundutik aztertuko du, ziurrenera hirurak elkargunean hartuta. Ez nuke nahi, azkenik, mahai-ingurua aipatu gabe utzi. Izan ere, norbere ikuspegitik arituko dira elkarrizketan Aizpea Otaegi, Jaime Altuna eta Ane Labaka azken saioan, hizkuntza hautuaren eta generoaren arteko harremanaz.

Ikastarorako leku guztiak agortu dira, udan ere Jakin Jardunaldian gertatu bezala. Herritarren artean dagoen jakin-minaren seinale? Ze irakurketa egiten duzu?

Nire ustea da berebiziko garrantzia duela gaiak. Euskaraz, generoaz, klaseaz (edo prekaritateaz) nahiz jatorriaz intersekzionalki hitz egiten dugunean ohartzen garelako ze herri, gizarte, gizatasun eta elkarbizitza daukagun, eta, ondorioz, nahiko genukeen hori ere ari gara mahai gainean jartzen. Horra bere balioa. Gainera, ahalduntzeari bide ematea da auzi horren xedea, bereziki ahalduntze kolektiboa eta kolektiboen arteko elkar ahalduntzea. Hau da, ez bakarrik bakoitza bere talde eta tasunean (dela euskaldun gisa, dela emakume gisa, dela prekarizatu gisa, dela migrante gisa), baizik eta herritar gisa ahalduntzean datza. Eta horrek esan nahi du demokrazia eta justizia sozialaren parametroetara ekarri behar direla auzi partikulartzat tratatuak diren aipatutako ertz horiek guztiak, plaza publikoaren erdigunean kokatuz. Ikuspegi eta jarduteko modu hori oso tresna baliagarria da, beraz. Horregatik uste dut aparteko garrantzia duela.

 

PROGRAMA

 

Urtarrilaren 30a

(19:00etan)

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel: 'Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea'

Laburpena: Hizkuntzak nahiz generoak gizartean kokatzen gaitu. Batak bestea sakontzen, baina baita batak bestea ahalduntzen ere. Botere harremanen sarean, hala menpekotasunerako nola ahalduntzeko elementuak baitira hizkuntza eta generoa. Bien arteko elkargunetik aritzeak badu horregatik aparteko balioa: zentro patriarkal eta linguistikoetatik pasatu gabe, begiradaren zentroa aldatzeko aukera eskaintzen digu, eta identitate kolektiboa eta herrigintza eraikitzeko bide berriak zabaldu. Bide eta bidegurutze horiei erreparatuko diete Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek.

 

Otsailaren 27a

(19:00etan)

Mari Luz Esteban: 'Feminismoa eta euskaltzaletasuna: elkargune bat baino gehiago'

Laburpena: Herritartasun berri bati bide emateko ikuspegi feminista berritu behar dela uste du Mari Luz Estebanek. Esaterako, Euskal Herriko feminismoak aintzat hartu behar ditu menderakuntza-faktorerik ahulenak: hizkuntza, klasea eta etnia-arraza faktoreak. Adibidez, euskara ez da orain gutxi arte modu egokian txertatu pentsamendu feministan, Estebanen ustez, eta, klasearen kasuan, umezurtz utzi ditu feminismoak sarri enpleguaren beheko postuetan eta gizarte ertzetan kokatutako emakumeak. Horren aurrean, herritartasunaren gaiari heldu eta teoria dekolonialak gurera ekartzea proposatzen du, mugimendu herritarren arteko aliantzak sustatzeko. Auzi horietaz guztiez arituko da Mari Luz Esteban.

 

Martxoaren 20a

(19:00etan)

Amelia Barquín: 'Nola erabili euskara modu ez-sexista batean?'

Laburpena: Euskarak genero markarik ez izanagatik ere, ez da gainontzeko hizkuntzen erabilera sexistetatik libro. Euskarak ere baditu erabilera sexistak. Horren aurrean kontzientzia hartu eta proposamenak luzatuko dizkigu Amelia Barquínek: non-nola-zer eta zergatik esaten dugun zehazten saiatuko da desberdinkeriarik gabeko euskara erabiltzeko.

 

Apirilaren 24a

(19:00etan)

Miren Artetxe: 'Bat-batean ahalduntzen? Bertsolaritza, hizkuntza eta generoa'

Laburpena: Emakumeen taularatzea izan da bertsolaritzako azken urteotako aldaketarik nabarmenetakoa. Taularatze hori, ordea, ez da bat-batean egin, eta plazara salto egin izanagatik ere ez da berehalakoan gauzatzen: plazaratze hutsa ez delako aski norberaren lekua bereganatzeko, sentitzeko. Emakume bertsolariek egindako eta urratzeko dagoen bideaz eta ahalduntzeaz solastuko du Miren Artetxek bi elementu horiek, hizkuntza eta generoa, oinarri hartuta.

 

Maiatzaren 29a

(19:00etan)

Mahaingurua: Aizpea Otaegi, Jaime Altuna eta Ane Labaka: 'Euskara eta generoa gurutzatzen diren lekua'

Laburpena: Hizkuntza hautuak eta generoa harremanean daude, elkar korapilatuta, elkar gurutzatuta. Lotura hori non-nola, ze botere harremanen baitan, eta zein gizarte posizionamendutan kokatzen gaituen aztertuko dute hiru adituek; norbere esparrutik, elkarrizketaren bidez hizkuntzaren eta generoaren bidegurutzetik aritzeko.