Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua
Itxialdia

Kultur jardunaren sendabiderako zenbait artikulu

Kultur esparruaren erronkei buruz hausnar egiteko zenbait artikulu librean jarri ditu Jakinek

2020-04-12

Osasun krisiak bete-betean harrapatu du kultur jarduna. Plaza, denda, erakustoki zein aretorik gabe, gaitza da aurrera egitea. Irautea. Lehendik zetozkion arazo eta mugak ez baitira ezdeusean geratu, alderantziz baizik. Hori dela eta, aurrera egiteko edo, nahi bada, itxialditik osasuntsuago ateratzeko, azken urteotako arazo eta muga horiei erreparatu dieten artikuluak ostera ere plazaratu ditu Jakinek. Osasunbide onik ez dagoelako diagnostiko zehatzik gabe.

Horretarako, Jakineko hainbat artikulu berreskuratu eta guztiak librean jarri ditugu, aurtengoak nahiz aurretik argitaratutakoak. Sinetsita gaudelako idatzi horietako diagnostiko, proposamen eta gakoek erakuts dezaketela itxialdiaren ostean urratu beharreko bidea. Artikulu guztiak PDF formatuan eskuratu ahal izanen dira, ikonoan bertan edo izenburuan klikatuz gero.


'Euskarazko kulturaren kontsumoa ulertu nahirik'
Josu Amezaga (2018)

 

«Kultur krisia ez da azken hamarkadetan bizi izan ditugun krisi ekonomikoak baino txikiagoa, eta herri gisa dugun etorkizuna jokoan dago». Josu Amezaga NOR ikerketa taldeko eta EHUko soziologia irakaslearen ondorioa da, Zenbat gara? Kultur kontsumoaren mugak eta aukerak zenbaki berezian. Siadecoren ikerketako emaitzak beste ikerketa eta datuekin erkatu ditu, kultur kontsumoak, marko globalean nahiz Euskal Herri mailan, izan dituen aldaketak ulertzeko. «Utzi beharra dago kultura aisialdi, luxu edo garai onetarako zerbait bezala ikusteari. Kultura eta hizkuntza dira euskaldunoi izateko motiboa ematen digutenak».


'Kulturgintza norabidearen atakan. Durangoko Azokako ‘Gogoetaren plazan’ igarritako kultur estrategia bateratu baten premiaz eta ikusgarritasunaren erronkaz'
Iñigo Astiz / Miren Rubio (2016)

 

Euskal kulturgintzarentzako estatu itun bat beharrezkoa zela agerian geratu zen Jakinek eta Gerediaga Elkarteak Durangoko Azokarako antolatutako Gogoetaren plaza izeneko solasaldietan. Egungo egoeratik inoiz baino indar handiagoz entzuten den mezua. Gainera, euskal kulturaren beste hainbat auzi ere jaso zituen artikuluak, hala nola, ikusgarritasun eza, merkatu arazoak, prestigioa, prekaritatea...


'Kultura politikaren lehen lerrora'
Eider Rodriguez (2016)

 

«Behar-beharrezkoa da kultura politikagintzaren lehen lerrora ekartzea. Izan ere, ezagutzaren aroan, kultura arlo estrategikoa da edozein herrialdetan, edo, behintzat, teknologia eta berrikuntza mailan kokatzen den arloa izan ohi da». Eider Rodriguez idazleak eta EHUko irakasleak EAEko kultur politikak aztertu eta etorkizunerako gako batzuk eskaini zituen Kultura autodeterminatuko balitz Jakinen monografikoan. «Hamaika menpekotasunen baitan bizi den Euskal Herria bezalako estaturik gabeko herri batean, kultura funtsezko ez ezik hil ala bizikoa da, identitate kolektibo zein indibidualari loturik, baina baita aro digitalean behar bezala txertatzeko edota historikoki euskara sarraskitzen ahalegindu den Estatu-nazioaren kultura hegemonikoak irents ez dezan ere».


Arteaz Euskal Kulturaren urtekarian
Xabier Gantzarain (2019)

 

«Inork ez du hitz egiten arteaz», dio Xabier Gantzarain Etxaniz arte adituak Euskal kultura 2019 zenbakian. «Artea desagertu egin da; ez dugu gehiago behar, antza». Paradoxikoa zaio egoera. Izan ere, Guggenheim efektuaren ondorioz inoiz baino gehiago gurtzen da 'artea'. «Artearen luxua da gustatzen zaiguna, berniz cool hori, garena baino ederrago egiten gaituen halako patina bat». Horregatik, artegintzaren markoari erreparatu behar zaiola dio Gantzarainek.


'Kultur politikak: paradigma aldaketa?'
Haizea Barcenilla (2016)

 

Bilboko Guggenheim museoaren ondorenei erreparatu zien Haizea Barcenilla EHUko Artearen historiako irakasleak Kultura autodeterminatuko balitz monografikoan. Izan ere, «museoaren irekierak eragin handia izan zuen kulturaren definizioan eta horrek bete behar dituen jomugak finkatzeko eran». Eragin horri helduz, arte sistemaren hezurdura deskribatu zuen Barcenillak, egun ere baliagarri dena.


'Bertsoari neurria hartzen': Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio
Miren Rubio Iturria (2019)

 

Norbere doinu eta neurrian aritu dira Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak 'Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa 2015-2018' ikerketako emaitzak aletuz Bertsoari neurria hartzen zenbakian. Hiru belaunaldiren ordezkari, datuen atzean dagoenaz hausnartu dute, eta, bizipenekin erkatuz eta susmoari maiz izena paratuz, bertsolaritzaren etorkizunari begira ipini dira Miren Rubio Iturria kazetariak gidatuta.


'Bide bakarra eta beste zenbait bide'
Harkaitz Cano (2014)

 

Harkaitz Canok, urtearen kultur balantzea osatzerakoan, kultur buruaskitasunaren aldeko aldarria egin zuen Jakinen. Kulturgintzako hainbat esparru zeharkatzen zituen bere azterketak: erakundeen eta sortzaileen arteko mesfidantzak, kultur politika ereduak, literatura eta liburugintza, memoriaren ‘moda’, zinemagintza, telebista... Urteari lotutako analisia izanagatik ere, kulturgintzaren gaitzak jasotzen ditu artikuluak.

 


Antzerkiaz euskal kulturaren urtekarian
Eneritz Artetxe (2019)

 

Eneritz Artetxe Aranaz aktoreak antzerkigintzak 2019an emandakoaz hausnartu zuen Jakinen kulturaren urteko balantzean: «euskal antzerkia sostengatzen duen pentsamendua eta haren gaineko irudia gutxika-gutxika sakontzen eta zabaltzen ari direla dirudi». Aurrerapauso eta langen artean, argazkia atera zuen Artetxek. Non gauden/geunden jakiteko baliagarria.