Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua

Joxe Azurmendiren lan guztiak sarean berariazko bilatzailearekin

Joxe Azurmendiren idazlanak digitalki kontsultatu eta bilatu litezeke Jakinen 'Euskal pentsamendua' atalean

2019-12-16

Joxe Azurmendiren (Zegama, 1941) obra osoa inoiz baino errazago kontsultatu liteke Jakinen sareko atarian. Izan ere, Joxe Azurmendiren obra osoa digitalizatu eta sarean jarri du eskura Jakinek berariazko gaitegiarekin osatutako bilatzailearekin. Hori dela eta, haren testuak hitz gakoen bidez nahiz gaien eta argitalpenen arabera bilatu litezke. Inoiz baino erosoago, alegia.

15.000 orrialde baino gehiago

Filosofia eta pentsamendua, nazio auzia, literatura, euskara, kultura, modernia eta posmodernia, gizaberea... eta beste hainbat gai lantzen dira Joxe Azurmendiren obran, euskal pentsalari emankorrenetakoa izaki.

Guztira, 685 lan argitaratu ditu: 41 liburu, 523 artikulu, 118 liburu zati eta hiru itzulpen. Lan horiek guztiak dira www.jakin.eus atarian eskura daudenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker digitalizatu direnak. 15.000 orrialde baino gehiago.

Azurmendiren lehen idazlan argitaratuak 1960koak dira, Jakin eta Anaitasuna aldizkarietako artikuluak. Dokumenturik berriena, aldiz, 2018koa da, Jakin aldizkariaren 225. zenbakikoa. Horien artean daude bere liburu ezagunenetakoak: Gizabere kooperatiboaz, Espainolak eta euskaldunak, Volksgeist – Herri gogoa, Historia, arraza, nazioa edo Azken egunak Gandiagarekin, besteak beste. Guztiak ere sarean kontsultatu eta baita deskargatzeko moduan ere.

Berariazko bilatzailea

Joxe Azurmendiren ordura arteko lanak digitalizatu zituen Jakinek 2014an. Baina, bilatzailerik gabe eskegi zituen sarean. Horregatik, eta bereziki bere lanean sakondu eta bilaketa zehatzagoak egiteko aukera eskaintzeko, berariazko bilatzailea sortu du Jakinek.

Azurmendiren lana sailkatzen duen gaitegia osatu du horretarako Jakinek, gaien araberako bilaketak egiteko. Gainera, hitz jakin baten araberako bilaketa ere egin liteke orain, testu barrualdean ere miatzen baitu bilatzaile berriak. Azkenik, urte eta argitalpenaren araberako bilaketa ere egiteko aukera eskaintzen du.

Hori dela eta, inoiz baino errazagoa da Joxe Azurmendiren lanak arakatzea. Guztiak ere gaurkotuta eta denon eskura.