Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan
Menua
Jakin Irakurgaiak

Jean-Paul Sartreren ‘Begirada’ lehen aldiz euskaraz

Juanmari Agirreurreta filosofian doktoreak eta euskal filologoak itzuli du Sartreren lana

2017-10-17

Jean-Paul Sartreren (Paris, 1905 - Paris, 1980) L’Être et le Néant tratatu filosofikoaren funtsezko atala da ‘Begirada’ kapitulua. Juanmari Agirreurreta (Pasai Donibane, 1977) euskal filologo eta filosofian doktoreak ekarri du lehen aldiz euskarara, eta obraren beraren esanguragatik argitaratzea erabaki du Jakin Irakurgaiak sailak. Sail honen helburua pentsamenduaren dibulgazioa egitea baita, oinarrizko testu eta irakurgaiak euskaraz eskainiz, eta zalantzarik gabe, Jean-Paul Sartre dugu filosofiaren autore nabarmenetako bat.

Gainera, irudiz ere berrituta dator 48. zenbakia. Ainara Lasaren diseinuarekin argitaratuko dira aurrerantzean saileko liburuak.

 

Jean Paul Sartre eta ‘Begirada’

L'Être et le Néant (Izatea eta Ezereza) tratatu filosofikoaren kapitulu-zati luzea da ‘Begirada’. 1943an argitaratu zuen Sartrek izatearen inguruko teoria bat osatu nahi zuelako, Agirreurretaren iritziz. Bi bloke ditu: izatearen inguruko teoriak osatzen du lehen blokea, eta askatasunaren teoriak bigarrena. Bien arteko giltzarria da ‘Begirada’, zubia: “Obraren aparatu kontzeptual osoa biltzen du kapitulu honek, eta bestetasuna nitasunera datorreneko fenomeno bezala aurkezten du begirada askatasunarekin lotzeko”.

Sartreren lan literario nahiz filosofikoetan etengabekoak dira kapitulu honekiko erreferentziak. Autorearen askatasun aldarritzat hartu izan da tratatua, eta bere oinarrizko obra filosofikotzat jotzen da. Horregatik da “funtsezkoa” ‘Begirada’ kapitulua, Agirreurretaren ustez, obraren oinarrizko kontzeptuak aurkeztu eta lantzen dituelako.

 

Lehen aldiz euskaraz

Juanmari Agirreurretak berriki osatu duen tesirako aztertu du 'Begirada' kapitulua, eta lan horren baitan euskaratu du. Izan ere, oso gutxi euskaratu den autorea da Sartre. Aurretik Victor Hugoren Kondenatu baten azken egunak (Elkar, 2010) eta Tomas Tranströmer poeta suediarraren lanak euskaratu ditu Bizientzat eta Hilentzat liburuan (Elkar, 2016; Jokin Zaitegi saria). Hau du, ordea, filosofia itzultzen duen aurreneko aldia, eta hori ere “erronka handia” izan dela dio. Honekin batera, gainera, hitzaurrea idatzi du Agirreurretak Sartreren atala kokatzeko.