Ostirala, 2022ko abenduak 09
Gora joan
Menua

Jakin Jardunaldia, demografiaren bidez zaintza eta hizkuntza aurreikusteko

'Euskal herria 2040: demografia, zaintza eta hizkuntza' jardunaldia uztailaren 7tik 8ra, Usurbilen

2022-05-26

Uztailaren 7an eta 8an egingo da VIII. Jakin Jardunaldia Usurbilen, datu demografikoetatik abiatuta zaintzen eta hizkuntzaren auziei erreparatzeko. Euskal Herria 2040: demografia, lurraldea, zaintza eta hizkuntza izango du izenburu eta UEUren, Usurbilgo Udalaren eta Jakinen lankidetzaren emaitza da. Demografian oinarrituko den arren, Jakineko zuzendari Lorea Agirrek azpimarratu du "erronka demografikoa deritzon hori benetan erronka den" zalantza ere planteatu nahi dela, ikuspegi kritikoa baliatuz. Euskal Herriaren geroa irudikatzeko ariketa izango da, baina ez irudikatzeko soilik, baizik: "etorkizun hori bizigarriago egiteko formulak proposatu eta pentsatzeko", Agirrek azaldu bezala.

Aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea, Kepa Sarasola UEUko zuzendaria eta Lorea Agirre Jakineko zuzendaria aritu dira hizlari. Guztiek izan dute gogoan UEUren 50. urteurrena, eta Solaberrietak "euskarari unibertsitateko ateak zabaldu eta euskara unibertsitatearen jardunean txertatzeko hamarka ekintzailek egindako ekarpena" goraipatu du. Sarasola zuzendariak berak oroitu du duela 50 urte zalantzan jartzen zela euskaraz unibertsitate mailako edukiak landu zitezkeen, eta hori gaur egun frogatuta dagoela katebegi askori esker, "tartean Jakin eta Usurbilgo Udala".

Aurtengo jardunaldiak "erronka demografikoa" deitu dutena hartuko du abiapuntutzat, erronka ote den bera zalantzan jarriz. Datu demografikoen prospektiba Euskal Herriko markoaren baitan aztertuko dute Imanol Esnaola eta Marta Luxan adituek, eta aurrera begira planteatzen diren zaintzaren eta hizkuntzaren auziei helduko zaie jarraian. Zaintza alorreko kezkak Felix Arrieta eta Jule Goikoetxea irakasle eta ikerlariek xehatuko dituzte, eta Usurbilgo kasu praktiko bat aztertuko da segidan, hitzaldi ibiltaria eginez herrian zehar Erkuden Aldaz eta Maider Azurmendi bideratzaileekin.

Bigarren egunean, hizkuntzaren auziari helduko zaio, eta Garikoitz Goikoetxeak eta Itsaso Olaizolak osatuko dute aurreikuspena, lagungarri izan daitezkeen gakoak eskainiz. Solaberrietak aipatu bezala, “etorkizuna nolakoa izango den aurreikusteaz gain nolakoa izatea nahi genukeen pentsatzeko” balioko du jardunaldiak. Agirreren ustez ere, horretarako abagunea eskainiko dute bi egunek, “eragiten hasi eta behar diren eraldaketak garaiz martxan jartzeko”.

Jardunaldiari itxiera, urtero gisan, sagardoarekin topa eginez emango zaio. Ohi bezala, udazkenean jardunaldiari eskainitako aldizkari monografikoa argitaratuko du Jakinek.

Matrikulazioa zabalik dago jada.