Osteguna, 2024ko maiatzak 02
Gora joan
Menua

Jakin 258: Gizarte mugimenduak

2023-10-19

Usurbilgo Jakin Jardunaldian gizarte mugimenduen erronka eta elkargune berriak landu dira, eta zenbaki honek bertan aipatutako zenbait gogoeta biltzen ditu, ikuspegi orokorra eta ekimen zehatzen esperientziak aztertuz. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak azaldu bezala, gizarte mugimenduez ari garenean «herritarren parte hartze soziopolitikoaz ari gara finean, hau da, boterearen banaketaz eta hiritartasunaren izaera eta ahalmenaz». Eta horiek guztiek bilakaera handia jasan dute, Mari Luz Esteban antropologoak aipatzen duen krisi  «soziala, politikoa, ekonomikoa eta emozionala» bizi dugun garai honetan.
2018tik, EHUko lau ikerketa taldek –NOR, AFIT, Ekopol eta Parte Hartuz– gizarte mugimenduen inguruko ikerketan dihardute, eta sei artikulutan bildu ditugu horien emaitzak eta hauek eragindako gogoetak.
Ohi bezala, Egunen gurpilean saileko artikuluek eta kontrazalak osatu dute zenbakia.

'Gizarte mugimenduen arteko aliantzak krisi globalaren testuinguruan'
Mari Luz Esteban
Azken hamarkadotan gizarteak bizi izan duen krisiari erantzun asmoz, Euskal Herriko gizarte mugimenduen artean sortu diren aliantzak eta ekimen komunak aztertzeko EHUko lantalde zabal batek garatu duen ikerketaren emaitza nagusiak aurkezten dira.

'Emakumeen Etxeetako fenomenoaren garrantzia Euskal Herrian'
Amaia Agirre Miguelez, Margaret Bullen eta Ixone Fernandez de Labastida Medina
2003tik aurrera Hego Euskal Herrian zabalduz joan diren Emakumeen Etxeetako fenomenoa aztertzen da. Emakumeen Etxeen ezaugarriak eta politika moduak, aliantzak eta mugimendu feministaren eta erakundeen arteko harremanak uztartzen dira.

'Euskal ekologisten erronkak: aniztasuna eta eraginkortasun politikoa'
Andere Ormazabal Gaston, Josu Larrinaga Arza, Nerea Zuluaga Mauri eta Iñaki Barcena Hinojal
Euskal Herriko mugimendu ekologistak azken hamarkadan bizi izandako bilakaera aztertzen da, ondorengo dimentsio hauetan arreta jarriz: antolaketan, aliantzetan, tokiko erakundeekin dituzten harremanetan eta aniztasun eta genero ikuspegian.

'Korrika: gizarte subjektuen bilgune'
Maddi Galdos Areta eta Josu Amezaga Albizu
Korrikaren 2019ko edizioan lekukoaren eramaile izan ziren 4.455 eragileen analisi kuantitatiboa egiten da, horien ezaugarri batzuk aztertuz.

'Euskal herritartasunaren inguruko korapiloak herri mugimenduetan'
Maddalen Epelde Juaristi, Marina Sagastizabal, Noemi Bergantiños, Iker Iraola Arretxe eta Julen Zabalo Bilbao
Herri mugimenduek euskal herritartasunaz pentsatzen dutenera hurbiltzen da, zenbait mugimendu sozialetako kideri gai horiez galdetu ostean. Izan ere, ez dago euskal herritartasun ofizialik, baina bai hura lortzeko nazio mugimendu indartsu bat.

'Pandemia eta gizarte mugimenduak. (Des)aktibazioak, egokitzapenak eta presentzialtasunaren politizazioa'
Marta Luxán Serrano, Marta Barba Gassó eta Miren Guilló Arakistain
2021ean gauzatutako Euskal Herriko gizarte-mugimenduak pandemia garaian inkestaren bidez identifikatutako prozesuak eta aldaketak jasotzen dira eta, horietatik abiatuta, zenbait hausnarketa eta galdera berri plazaratzen dira.

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean, Maialen Akizu Bidegainek kulturari buruz, Joanes Igeregi Santamariak krisi ekosozialari buruz eta Cira Crespok historiaren eta gaurko munduaren arteko loturari buruz idatzi dute. Kontrazalean, berriz, Dom Campistronek irudi iradokitzailea eskaini digu.