Astelehena, 2024ko maiatzak 06
Gora joan
Menua

Jakin 256-257: Gizarte berrikuntza pentsamendu sistemikotik

2023-06-30

Bizi dugun krisi sistemikoaren aurrean (krisi klimatikoa, gerrak eta gatazkak, natur baliabideen urritzea, bloke geopolitikoen tentsioaren areagotzea, globalizazio prozesuaren inboluzioa, migrazio fluxuetako hildakoak…), erantzunak ere sistemikoa izan behar du. Eta, jakina, erantzun sistemikoek pentsamendu sistemikoa izan behar dute iturburu. Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalaren graduko kideekin batera osatutako zenbaki monografiko honetan, 2021ean UniverCity-UniberZiutatea nazioarteko mintegian aurkeztutako hamaika ekarpen bildu ditu 256-257. zenbaki bikoitzak. «Gizartearen irakurketa sistemiko eta eraldatzailean diharduten antolakundeen esperientziak partekatzea» izan zen jardunaldiaren helburua, hala Euskal Herrian dihardutenen bitartez, nola mundu zabalean dihardutenen aldetik.
Ohi bezala, Egunen gurpilean saileko artikuluek eta kontrazalak osatu dute zenbakia.

'Krisi globalari dagokion pentsamoldearen arrastoan'
Aitor Zuberogoitia Espilla eta Monika Madinabeitia Medrano
Garapen ereduaren krisiari loturiko korapilo nagusiak deskribatzen dira, beroriei aurre egiteko ikuspegi sistemikoan eta transdiziplinazkotasunean sakondu beharra defendatuta. Ondoren, zenbaki monografikoan bi ardatz horiek landuko dituzten artikuluen sintesia eskaintzen da.

'Lurralde garapenerako ekintza-ikerketa eta politiken eredu klasikoaren eraldaketa'
Andoni Eizagirre eta Miren Larrea
Politika ulertu eta egiteko modu berrien premia azaltzen da, eta, Etorkizuna Eraikiz foro programa abiapuntu hartuta, esperientzia erreal baten inguruko gogoeta egiten da.

'Etorkizuneko errealitateen kosorkuntza. Etorkizunari aurre egitean erori ohi garen hiru tranpak'
Mille Bøjer
Bide berrien eraikuntzan izan ohi diren hiru oztopo nagusiak deskribatzen dira. Horrez gain, kosorkuntzatik abiatuta etorkizun partekatuak diseinatu nahi izanez gero aintzat hartu beharrekotzat jotzen diren faktoreak zehazten dira.

'Kontzientzia oinarri duen ekintza kolektiboa eta sakoneko berrikuntza: behetik gorako trantsizio bidea'
Sharam Yalda
Aurrez aurre jartzen dira egungo botere politiko eta ekonomikoa, batetik, eta paradigma berri baten alde diharduten indarrak, bestetik, eta azken horien aldeko aldarria egiten da, maila lokaletik abiatu eta komunitateak sendotzeko dei eginez.

'Euskal Herria 2025, nazio algoritmikoa. Eskubide digitalak babestuz, datafikazio estrategia emantzipatzaileak egikaritu'
Igor Calzada
Euskal Herria bektore digitaletik aztertzen da. Bereziki, datafikazioak dakartzan erronkak eta arriskuak zedarritzen dira, Euskal Herria 2025, nazio algoritmikoa markoa proposatuz.

'Eraldaketa handien dimentsio kulturala: euskal esperientzia'
Gorka Espiau Idoiaga
Euskal gizarteak Francoren diktaduraren amaieratik gaur egunera arte bizi izan duen eraldaketa sozioekonomikoaren dimentsio kulturalean sakontzen da.

'Lankidetzazko gobernantza eta berrikuntzarako ekosistemak gizarte erronken aurrean aldaketa eragiteko: Arantzazulab-en adibidea'
Naiara Goia Imaz eta Ione Ardaiz Osacar
Lankidetzazko gobernantza eredu berrietan eta gobernuen eta gizarte zibilaren arteko sareak eta harreman ereduak eraldatzeko berrikuntzan sakontzen da, xxi. mendeko erronkei aurre egiteko alternatiba gisa, esparru horretan Arantzazulab-en lana aurkeztearekin batera.

'Berrikuntza sozial sistemikoa: Eusko Ikaskuntzaren GizarteLab esperientzia'
Javier Castro-Spila, Auxkin Galarraga Ezponda eta Koro Muro Arriet
Egungo trantsizio demografiko eta ekologikoaren testuinguru orokorrean, Euskal Herriko udalerriek dituzten erronka lokalei aurre egiteko tresna praktikoak garatzea helburu duen GizarteLab egitasmoa aurkezten da, Eusko Ikaskuntzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin garatua.

'Desiderata: Hiri Laborategizatua'
Luis Berasategi Retegi
Hiri Laborategiak aro berriko erronkei irtenbide berritzaileak egiteko espazioak dira, diziplina anitzeko ikuspegiarekin. Bilbao AS Fabrikek desiderata formatuan kontatzen ditu prozesu horretan ikasitakoak.

'Bestela pentsatu bestela ekiteko. Gizagintza eta mundugintza bizigarri baterako'
Lorea Agirre Dorronsoro
Euskal pentsamendu berria, 56ko belaunaldiarekin abiatzen dena, egun gizarte berrikuntza deitzen dugun horren eredu bat da. Eta gizatasunaren definizioaren lubakietan bizi garen honetan, hizkuntza eskubideetan, feminismoan, dekolonialismoan, aniztasun eta berdintasunean eta bizitza bizigarrien defentsan hartzen du oinarri.

'Norabide aldaketarako unea al da?'
Amaia Ruiz Castellanos
Gizakiak duen berebiziko joera eta gaur egun dugun gizarte postmodernoa alderatuz, norbanakoan zentraturiko zenbait aldaketa sortzeko unea heldu dela argudiatzen da, zaurgarritasuna eta interdependentzia bidelagun izanik, besteak beste.

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean, Maialen Akizu Bidegainek kulturari buruz, Joanes Igeregi Santamariak krisi ekosozialari buruz eta Cira Crespok historiaren eta gaurko munduaren arteko loturari buruz idatzi dute. Kontrazalean, berriz, Dom Campistronek krisi ekosozialari egin dio berriro aipamen.