Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan
Menua

Jakin 244: Artea, memoria eta identitatea

2021-06-30

Lau artikulu bildu ditu Jakinen 244. zenbakiak. Berez artikulu independente eta autonomo izan arren, “elkarrekin elkarrizketan” suma daitezke, Lorea Agirre zuzendariak azpimarratu duen gisan; arte adierazpideei begira txirikordatzen dira “memoria, identitateen eraikuntza, traumaren kontaketa, narrazio edo errelatuen industria…”. Ane Lekuonak arte plastikoei begiratu die, Nerea Arrutik literaturari, Gaizka Arangurenek iruditeria kolektiboa eraikitzen duten ikus-entzunezko adierazpideei, eta Juan Gorostidik musikatik abiatu du begirada. Memoria eta identitateari buruzko azterketa da, beraz, lau artikuluak lotzen dituen haria.

Arteak euskal identitate bati forma eman zionean. Kultur politikak, artearen historia eta generoa

Ane Lekuona Mariskal (UPV/EHUko Artearen eta Musikaren Historia Saileko doktoregaia) 

Gaur taldeko artisten lengoaia plastikoaren hedatzearen eta Espainiako trantsizio urteetatik aurrerako Eusko Jaurlaritzaren kultur politiken arteko harremana aztertzen da, eta haren ondorioak ikuspuntu feminista batetik hausnartzen dira.

 Traumaren ondoren: gehiegizko oroimena eta ahanzturak euskal literaturan

Nerea Arruti Etxeberria (UPV/EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea)

Traumaren dinamika aztertu nahi da literaturan, trauma bera eztabaida kritikoaren hezurdura bilakatu gabe. Traumaren denbora narratiboan jartzen da arreta, eta 2018an argitaraturiko Fakirraren ahotsa du ardatz.

Zoparen Teoria Orokorra. Identitatearen atarietan

Gaizka Aranguren Urrotz (Ondare Immaterialaren kudeaketan doktorea, Informazio Zientzietan lizentziaduna eta Europar Integrazioan diplomatua)

Gizatalde bakoitzak bere zopa egiten du. Munduko zopa-lapikoen arteko interakzioa eltzeen tamaina eta suaren indarraren araberakoa da. Pantailaratzeak baldintzatzen du, egun, zoparen biziraupena.

Lekeitio Lemoizen da

Juan Gorostidi Berrondo (Ekialdeko hainbat tradiziotan aditua, musikan eta politikan ikertzailea) 

Euskaldunok joan den mendeko 70eko hamarkadatik aurrera bizi izan genuen ‘Kontzientzia Modernorako’ jauziaren ezaugarriez egiten da gogoeta, Laboaren Lekeitioak jauzi horren erdian eta seinale gisa hartuz.

 

Azkenik, Egunen Gurpilean atalean hausnarketa bana dakarte Maialen Akizuk, Jaime Altunak eta Iñigo Martinez Peñak, kulturaz, soziolinguistikaz eta filosofiaz, hurrenez hurren.