Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan
Menua
Aldizkaria

Jakin 223: Euskal kultura 2017

Urteko balantzea egiteko 10 artikulugileren gogoetak jaso ditu Jakinek

2018-01-08

2017ak eman duenak balio du hasi berri dugun urteari begiratzeko. Erronkak zehazteko. Horregatik, euskal kulturaren urteko balantzea egiteko eskatu die Jakinek hamar egileri, urtero legez: Olatz Beobide aktore eta zuzendariak idatzi du artikulu nagusia; Miren Rubio eta Itziar Ugarte kazetariak librean aritu dira, eta Kattalin Miner bertsolaritzaz, Iratxe Retolaza literaturaz, Galder Perez antzerkigintzaz, Maialen Goñi zinemaz, Jon Eskisabel musikaz eta Xabier Landabidea mundu digitalaz. Guztiak elkarrekin Jakin 223. zenbakian. Gainera, urtea irudietara ere ekarri dute Adur, Aritz Irigoien, Axpi, Exprai, Diego Pallés eta Patxi Gallego marrazkilariek.
Azkenik, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak euskal hedabideen argazkia egin du, eta errematea iruditan paratu dio aldizkariari Unai Iturriagak.

 

Gure burua nola kontatu
 

Bere aktore eta zuzendari jardunari heldu dio Olatz Beobidek euskal arte eszenikoen egoeraz hausnar egiteko. Molde berriak sortu arren, prekaritatea begi bistakoa dela dio hegoaldeko profesionalen artean, eta Artistaren Estatutua eta erakunde publikoen babesa beharrezkotzat jo ditu. Baita ikuslearen konpromisoa ere. Euskarazko ekoizpenek arrakasta izan dezaketela garbi geratu baita aurten Handia filmarekin. Baina, “zenbaki handiek ez dezatela ezkutatu banakakoa, handia ikusaraziz txikia ezkutatuz”, gogoratu du. Ildo berean, ETB 1 telebista katean fikzioa euskaraz egin behar dela dio Beobidek: “ETBk fikzioa eskaintzen zuen garaian ikuslegoak katea aukeratzen zuen. Eta berriz ere hala beharko luke”. Guretik arituz babestu eta jantziko dugulako euskal kultura, besteak beste.

Miren Rubio kazetariak, aldiz, 2017ko zenbait urtemuga eta gertakari aukeratu ditu gure burua irudikatzeko ditugun ikur eta lekuez jarduteko: Guernica koadroa, Guggenheim museoa, Arriaga antzokiaren Obabakoak ekoizpena, Kukai dantza taldea... Adibide horien bidez identitatea eraikitzeko ditugun zailtasun eta moduak uzten ditu agerian. Ditugun konplexuak eta aukerak.

Itziar Ugarte kazetariak ere urteko hainbat gertakari josi ditu kultura transmisioaren gabeziez, memoria kolektiboaz eta euskarazko kultur ekoizpenaren ikusgarritasun eta prestigio faltaz aritzeko. Ahots, aipu eta gogoeten collage-a osatu du horretarako.

 

Arloka, ertzetako oparotasuna
 

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketa Nagusia izan da jaun eta jabe 2017an bertsolaritzan. Hala azpimarratu du Kattalin Miner kazetariak artikuluan, eta berak ere ezin itzal horri ihes egin. Hainbat errealitate jartzen dituelako agerian txapelketak: “Erabakitzen baitugu zer den kultura. Erabakitzen baitugu zer den euskaraz egitea edo nola egin behar litzatekeen”. Transmisioaz, umoreaz, emakumeen presentziaz, fikzioaren mugez, bertsokeraz… ere aritzeko aukera eskaini du txapelketak, dioenez.
 

Literatura

Iratxe Retolaza EHUko irakasleak ere sumatzen du literaturan “eraldaketa giroa”. Pentsamenduari lotutako generoak gailentzen ari dira euskal literaturgintzan, eta hausnarketarako joera ere sumatzen du sorkuntzan. Hala txertatu dira narrazioetan memoria galeraren kezka, nortasun-krisiak edo zaintzarekiko ardura. “Gai horiek guztiak errealismo psikologikora edo intimismora hurbilduriko estetiken bidez jorratu dira. Hori du erronka euskal narratibak hurrengo urteetan, bestelako estetika literarioak jorratzea”.
 

Musika

Beste hainbeste dio Jon Eskisabel kazetariak 2017ko musika joerei begira. “Garai bateko diskurtso eta formulek agortze sintomak erakusten dituzte, eta, mantsoki bada ere, beste estetika batzuk ari dira lekua irabazten zaleen artean”. Esaterako, trap-a. Estilo aniztasuna ekarri baitu musikari berrien etorrerak. Hiru belaunaldi baitaude taula gainean, eta, ondorioz, “inoizko eszenarik askotarikoena dugu gaur egun Euskal Herrian”.


Arte plastikoak

Arte plastikoen inguruko hausnarketa egin du Haizea Barcenilla EHUko artearen historiako irakasleak, Donostia 2016ko “biharamun gogorraz”, emakume sortzaile belaunaldien galerez eta hezkuntza bisualaren gabeziaz aritzeko. «Ideien transmisioa, egun, inoiz baino gehiago egiten da irudiaren bitartez, eta hala ere, ez gara ari garatzen irudi horiek aztertu, arakatu eta ikuspegi kritikoz ulertzeko inolako ahalmenik».
 

Arte eszenikoak

Galder Perez kazetari eta antzerkilariak mus partida hartu du irudi gisa euskal ekoizpen nagusien balorazioa egiteko: Obabakoak antzezlanaren handikeria kontatzeko, Zalakain abenturazalea dantza eta antzerki emanaldiko elkarlana goratzeko, edo bakarka zein binaka lanean jarraitzen duten aktore eta sortzaileak goraipatzeko. Azken horri buruz: “Txikitasunak handi sentitzeko aukera eskaintzeaz gain, antzerkigintzan haziz joateko bidea zabaltzen du, txikitasunetik handitasunera”. Eta horretarako sorkuntza espazioak eta erakundeen babesa behar direla gogorarazi du.


Zinemagintza

Zinemagintzan ere urte bizia izan da 2017a. Handia filmaren arrakasta aurretik egindako lanaren isla dela gogorarazi du Maialen Goñi Zinea.eus atariko kazetariak. Horren adibide Errementari pelikula: “Urkijok [zuzendariak] eta lantaldeak sei urte luzez inbertitutako denbora eta dirua, hura bururaino eramateko erakutsitako burugogorkeria behar bezala balioestea ezinbestekoa iruditzen zait”. 2017an zendutako Juanba Berasategi ere horregatik du gogoan. Bestetik, ezkor da Elías Querejeta Zine Eskola zabaldu berriarekin eta Jaurlaritzaren diru-laguntza irizpide aldaketarekin. Baikorrago, azkenik, Kanaldude Ipar Euskal Herriko tokiko hedabideak jasoko duen diru bultzadarekin.
 

Ingurune digitala

Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakasleak, azkenik, hedabideen eta digitalizazioaren gaiari heldu dio. Komunikabideen eta gizabanakoen hartu-emanak, publizitateak gure egunerokoaren informazioa jasotzeko duen gaitasuna, euskal komunikabideen papera digitalizazioan eta hizkuntza baten osasuna neurtzeko adierazle digitalen garrantzia aztertu ditu artikuluan, besteak beste.

 

Euskal hedabideak, etorkizun bila

Euskal hedabideak urterokotasunaren zalantzak gainditzeko lagunduko dien itun bila ari dira administrazio publikoekin, eta mahai iraunkorra finkatuta dago GFArekin eta HPSrekin. Hainbat adostasun ere lortu dituzte hedabideek. Horregatik, «datorren urtea izango da orain arte egindako bidea errematatzekoa». Aitortza eta konpromisoa dira ardatza, baita elkarlana ere. Egindako bide horixe aztertzen du artikuluak Barandiaranek.