Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan
Menua
Jakin Jardunaldia

Itxaron zerrenda zabalik 'Birusak, distopiak eta mundu berriak' jardunaldirako

Etokizunera begira, COVID-19ak utzitako lezioen ondorengoa hausnartuko du Jakin Jardunaldiak

2020-05-24

Badugu zer aztertu, zer ikasi, zer aldatu. COVID-19ak agerian utzi ditu gure gizartearen gaitzak, eta horiei erreparatuko die Birusak, distopiak eta mundu berriak Jakin Jardunaldiak, etorkizunera begirako hausnarketan.

Horretarako, zortzi aditu eta aritu elkartuko ditugu Usurbilen 2020ko uztailaren 16an: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrieta. Jardunaldirako prestatutako beste autoreen testuak eta bideoak ere erabiliko ditugu, denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, ate joka dugun etorkizunaz gogoetatzeko. Lekuak agortuta, itxaron zerrenda zabalik da hemen.

Orain da hausnartzeko unea

“COVID-19ak izua zabaldu du, eta izua errealitate distopikoaz erditu eta distopiak 'normaltasun berria' ekarriko omen du”, azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. “Bitarte horretan, sistemaren aldamio ezkutuak, egiturazko akatsak eta mito eta usteen hauskortasuna azalera atera dira: eskubide soziopolitikoak berrogeialdian, autoritate bakarra indarrean, informazioaren anabasa eta gezurraren zabaltzea, naturaren gain-ustiaketa, bizitzaren prekarizazioa. Eta horren kontrakarrean, baita jendearen arteko elkartasun uholdea ere: injustizia sozialari erantzuteko berariazko egiturak han eta hemen, publikoaren eta komunalaren arteko lankidetza berriak eta bestelako gizarte bat pentsatzeko eta eraikitzen hasteko diskurtsoak. Distopiari utopia bat”. Horregatik, “zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak mahai gainean jarri eta partekatzeko saioa da Jakin Jardunaldia”.

Elkarrekin hausnartzea inoiz baino beharrezkoagoa zaigu, beraz. Horregatik, bizi dugun egoerak baldintzatuko gaituela jakitun, aurten ere jardunaldia antolatzea erabaki dugu. Eta horregatik ere, Usurbilgo Udalaren, UEUren eta Jakinen artean antolatutako jardunaldi honek aparteko balioa du, elkarlanaren emaitza delako. Ezin marko egokiagorik gai honi heltzeko.

Aurreko edizioetako arrakastak ere horretara bultzatu gaitu, gainera. Izan ere, iazko 'Maitasuna politikoa da' jardunaldiaren aho zapore gozoaren ondoren dator seigarren Jakin Jardunaldia.

Egun bakarrera, lekuak mugatuta

Segurtasun neurriak ahalik eta modu egokienean bermatzeko, egun bakarrera ekarri dugu jardunaldia: uztailaren 16an izango da Usurbilgo ikastolan, areto zabal eta egoki batean. Hala ere, lekuak mugatu beharrean izan garenez, agortu dira dagoeneko. Horregatik itxaron zerrenda zabaldu dugu: http://www.ueu.eus/ikasi/jardunaldi-ikastaroa/1466/Pandemiak%252C%2Bdistopiak%2Beta%2Bmundu%2Bberriak.%2B%2B%2528Jakin%2BJardunaldia%2529

 

EGITARAUA

09:00 Harrera

09:30 Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria): Gaiaren kokapena

10:00 Mario Zubiaga (EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea): 'Izu-urtea: Biopolitika COVID-19 birusaren garaian'

 

10:45 Kafea

11:00 Arantza Etxeberria (EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea): 'Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura'

11:45 Joseba Azkarraga Etxagibel (EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea): 'Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban'

12:30 Irati Zubia (Filosofian graduatua): 'Egia-ostea ziurgabetasun garaian'

 

13:30 Bazkaria

15:00-15:45 Teresa Larruzea (Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatean): 'Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar'

16:00-17:30 Tailerra: 'Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak'. Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea) eta Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea)