Ostirala, 2024ko ekainak 21
Gora joan
Menua

Gatazkaren memoriaz hausnarketa kritikoa, Jakin Jardunaldian

2024-05-21

Ekainaren 20 eta 21ean izango da Usurbilen Udako Euskal Unibertsitateak, Usurbilgo Udalak eta Jakinek elkarlanean antolatzen duten Jakin Jardunaldia. Gatazkaren memoria eta memoriaren gatazka izango du izenburu, eta hain zuzen historia, memoria eta errelatoaren inguruko gogoeta landuko da bi egunez, ikerlan, ekimen eta kultur adierazpideak uztartuz. Izen ematea zabalik da ekainaren 17ra bitarte.

UEUko zuzendari Aitor Bengoetxea, Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta eta Jakineko zuzendari Lorea Agirre elkartu dira ikastaroa aurkezteko, eta hain justu, hiru erakundeek Jakin Jardunaldiak Usurbilen antolatzen jarraitzeko hitzarmen
berria sinatu dute aurten, elkarlanaren balorazio onaren erakusle. Solabarrietak ikastaroa jartzea Usurbilentzat, «luxua eta ohorea» dela adierazi du, «bi egunez bada ere, Usurbil herri-unibertsitatearen topagune» bilakatzen duelako eta elkarrekin pentsatzea herrigintzarako eta herri-eraikuntzarako «ezinbestekoa» delako, alkatearen ustez.

Aitor Bengoetxeak, aurtengo udako ikastaroen 52. edizioan UEUren asmoa «Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea» dela gogoratu du, eta zentzu horretan gogoetarako espazio eta gai ezinhobea dakar aurtengo jardunaldiak. Agirrek sakondu du gaian eta edukietan, fokua memoriaren eraikuntza modu kritikoan hausnartzean jarriz. Jakineko zuzendariak hiru lerrotan bildu du jardunaldian egingo den lanketa. Batetik, historia, memoria eta errelatoa kontzeptu bakoitza eta elkarren arteko harilkatzea aztertuko dira, txirikordatze horretan botereak edo botere faltak ze eragin duen gogoetatuz. Bigarrenik, memoria nork egiten duen, nork egin dezakeen landuko da, gatazken barruko gatazkak arakatzeko: Agirrek Svetlana Aleksiévich-en liburua gogoan, emakumeek gerra kontatzeko bestelako modu bat ote duten galdetu du, generoak ea bestelako azpigerrarik bistaratzen ote duen. Azkenik, memoria horren transmisioa nola egiten den, egiten ote den, belaunaldi berriek hutsik sentitzen ote duten landuko da, memoria inpugnatuz, genealogiak berreskuratuz. Jardunaldia ixteko, hain zuzen sortzaile gazteek egindako Negu hurbilak fikziozko filma ikusiko dute elkarrekin. 

Bengoetxeak, Solabarrietak eta Agirrek bat egin dute memoria lantzearen garrantzia azpimarratzean, memoria oraina lantzeko modutzat ulertuz, Solabarrietak esa bezala "egungo testuinguruan ikuspegi antifaxista" behar-beharrezoa delako. Herrian 36ko gerrari begira lantzen diharduten proiektu kolektiboa aipatu du, adibide gisa. Lorea Agirrek esaldi batekin luzatu du deia: "etorkizuna iraganean jokatzen eta ebazten da".

 

EGITARAUA

Ekainak 20, osteguna:
08:45 – 09:00. Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:00 – 09:30. Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
• Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko zuzendaria.
• Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea.
• Lorea Agirre Dorronsoro, Jakineko zuzendaria.
09:30 – 10:30. "Ezin-esanaren miña; miñen ezin-esana". Gatazka nazionalaren teorizazioaren inguruko gogoeta bat.
• Cira Crespo, historialaria.
10:30 – 11:15. Memoria, boterea, gatazka: hainbat hari-mutur.
• Iñaki Sagardoi Leuza, antropologoa, NUPeko irakaslea
11:15 – 11:45. Atsedenaldia.
11:45 – 12:30. "Ez gaitzazue ezabatu". Ezker Abertzaleko emakumeen militantzia eta errepresioaren memoria.
• Olatz Dañobeitia, Antropologian doktorea.
12:30 – 13:15. “Batzuk, bestiak eta piztiak. Euskal gatazkaren irakurketa bitarra gainditzeko proposamen feminista bat”.
• Maider Galardi Fernandez de Agirre, kazetaria eta EHUko doktoregaia AFIT ikerketa taldean.
13:15 – 15:15. Bazkaltzeko tartea.
15:15 – 16:00. Isilpeko historia berreskuratuz. 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua.
• Ione Zuloaga, historialaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea.
16:00 – 16:30. Usurbil 1936, ezkutatua argitara ematen.
• Arantxa Manterola eta Xuban Zubiria, Usurbil 1936 elkarteko kideak.
16:30 – 17:30. Usurbil 1936: ibilaldi gidatua.


Ekainak 21, ostirala
09:30 – 10:15. Besteen lurraldea da iragana. Gazteak, gatazka eta memoria trantsitatzeko aukerak.
• Samara Velte, Politika eta Kulturan doktorea (UPV/EHU) eta Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea EHUn.
10:15 – 10:45. Txikitasunetik memoria eraikitzen: lehen pausuak Antzuolan.
• Onintza Legorburu eta Ane Alberdi, Memoria josten: gatazka armatua Antzuolan 1958-2011 liburuaren egileak.
10:45 – 11:15. Martxoak 3 Memoriagunea: Gasteizko Herri M3moriaren erronka.
• Julen Diaz de Argote, Martxoaren 3ko Memoriagunerako proiektuen arduraduna.
11:15 – 11:45. Joan da negua? Euskal gatazka fikziora eramateko narratiba berriak.
• Mikel Ibarguren eta Ekain Albite, Negu Hurbilak filmaren zuzendariak.
11:45 – 12:30. Atsedenaldia.
12:30 – 14:30. Negu Hurbilak filma eta solasaldia.
• Mikel Ibarguren eta Ekain Albite, filmaren zuzendariak.
• Saio hau Sutegi udal-liburutegiaren aretoan izango da.