Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan
Menua
Saiakera

Euskararen jazarpena ukatzen denekoa

Joan Mari Torrealdaik idatzi du 'Asedioa al euskera' saiakera

2018-04-16

20 urte pasa dira Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakariak El libro negro del euskera saiakera idatzi zuenetik. Hainbat intelektualen artean joera kezkagarria hedatzen ari zela sumatu zuen orduan: euskararen egoera larria euskaldunon errua zela defendatzen zuten, ez botere eta kanpo faktoren ondorio. Bi hamarkaden ostean, ordea, joera hori indartuta ikusten du Torrealdaik. Errebisionismo ideologikoak bere egin du eta euskararen jazarpena ukatzen jarraitzen du, historikoa nahiz egungoa. Estatuko zentralizazioa bultzatzeko traba baitira gaztelera ez diren gainerako hizkuntzak. Estatu-nazioek hizkuntza bakarra behar baitute.

Hala erakusten du Joan Mari Torrealdaik argitaratu berri duen Asedio al euskera liburuak (Txertoa). XVIII. mendetik gaur egun arteko dokumentazioa bildu du ideologia ukatzaile hori agerian jartzeko: nola legeen bidez saiatu eta saiatzen diren euskara plazatik zokoratzen, hezkuntzatik baztertzen; eta nola lege horiek behar izan duten intelektual andanen babesa. Horien  argumentu sarerik gabe ez baitira legeak legitimo bihurtzen. Ez dute babes sozialik jasotzen.

Sare hori desegiteko ahalegina da, beraz, El asedio al euskera saiakera. Juan Carlos Moreno Cabrera Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Linguistika katedradunaren hitzaurrea du horretarako bidelagun.