Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua
Jakin aldizkaria

Euskara batuak 50 urte: noranahiko izateko erronka

30 lagunen iritzia jasotzen ditu monografikoak

2018-05-06

1968ko Arantzazuko Biltzarra egin zela 50 urte beteko dira laster, euskara batuaren sorrera ofizialtzat jotzen dena. Geroztik, abiada betean urratu du bidea euskara batuak, baina, “bistan da ez nahikoan”, Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren hitzetan. “Erdarek ere abiadura bizitu baitute eta hizkuntzak erantzun eman behar dien eremuak inoiz baino gehiago baitira”. Horregatik, euskara batuaren ekarpenei eta, bereziki, erronkei erreparatzen dien monografikoa atondu du Jakinek. Izenburuak laburbiltzen du zein izan den iparrorratza: noranahiko izatea du orain helburu.

Ikuspegi hori jasotzeko, alde batetik, Jakin Talde historikoko lau kideei eman diegu ahotsa, Jakin aldizkaria izan baitzen Euskal Herrian euskara batuaren arauak onartu zituen aurreneko argitalpena; bestetik, Irene Arrarats Berria-ko euskara zuzentzaileak eta Pruden Gartzia euskaltzain urgazleak artikulu sakon bana doitu dute; azkenik, 22 iritzi labur jaso ditugu, guztiak etorkizunera begira. 

Jakin, aitzindari bidea urratzen

Jakinek 1964ko Baionako Biltzarraren atarian erabaki zuen euskara batuaren egitasmoarekin bat egitea, urrats hori egin zuen lehen aldizkaria eta bakarra izanik. Izan ere, Jakinen eta euskara batuaren aurrerabidea hasiera-hasieratik doaz eskutik emanda. Pauso horien inguruan osatu du Lorea Agirrek artikulua, Txillardegiren eta Jakinen arteko loturari bereziki erreparatuz. Ezin, baina, pauso horien lekuko izan ziren Jakin Taldeko lau kide historikoei hitza eman gabe utzi. Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategik erabaki horien zergati eta ondorioak gogoratu dituzte, eta, batez ere, etorkizunean eman beharreko pausoei buruz egin dute gogoeta. Hala nola, Azurmendik: “Gorde ahal izango dugun Euskal Herri osoko hizkera idatzia eta mintzatua ere izango da batua, betiere euskalkien ekarpenen gain ere eraikiz joango dena, hizkuntzaren lurralde osoan eta belaunen jarraibidean joango dena. Hizkuntzak dituen erronka berak ditu batuak”.

Erresonantzia-kaxak eta aliantzak

Euskararen estandarizazioa bukatzear dugula, tresna horren erabilera geuretzea da eman beharreko hurrengo pausoa, Irene Arrarats Berria-ko euskara arduradunaren aburuz. ‘Batuaz honaindikoak’ artikuluan honela dio: “Gauza bat baita kontu asko arauturik egotea, eta beste bat, bestelakoa guztiz, eredu estandarra guztiz sustraitzea eta mamitzea, dagokion alorrean, erabiltzaileak eroso sentitzeraino”. Erresonantzia-kaxarik gabe, ordea, ez dago hori lortzerik; hitz eta esamolde berriak errepikaren errepikaz naturalizatzeko jokalekuak behar ditugu. Hedabideetan. Sarean. Kalean. “Zernahi hizkuntzetan estandarra, sortzez eta definizioz, aldaera artifiziala da. Berezko du plastikozkoa izatea, eta erresonantzia-kaxak ematen dio natural-antza, artifizialki, gizartean egiten den ia guztia artifizialki egiten den gisa berean”. Horra erronka. Gainera, euskara batuaren inguruko aurreiritziak ere deserrotu behar dira, Arraratsen ustez: jatorrismoa, euskalki eta estandarraren erregistro irmoen ustea, ahozkotasunerako langa gainditu, etxekokeria... Tresna izan badugu, orain erabiltzea da kontua.

Pruden Gartzia euskaltzain urgazleak, aldiz, orain arte emandako pausoen inguruan hausnartu du ‘San Ignazioren martxa-ren aroa. Zirriborroa euskara batuaren historia intelektualaz’ artikuluan. “Euskal Herrian 1960ko hamarkadan gertatu zena, funtsean, bi sektore intelektualen aliantza sendo bat izan zen: batetik, gazte ezkertiar gerrillazaleak, bestetik kristau aurrerakoi kontziliozaleak”. Aliantzen eta desadostasunen artean egiten du bidea artikuluak, euskara batua nola izan den posible ulertzeko aurrekari intelektualak aletuz. Euskalkien eta batuaren arteko talkaren sorburu ideologikoari ere erreparatu dio, besteak beste.

22 iritzi, beste hainbat erronka

Etorkizunera begira paratu ditu Jakinek Itxaro Borda, Ander Lipus, Miren Amuriza, Fermin Etxegoien, Bea Salaberri, Jone M. Hernández, Santi Leoné, Iñaki Goirizelaia, Miren Narbaiza, Harkaitz Cano, Idurre Eskisabel, Sagrario Aleman, Igor Elortza, Titto Betbeder, Aitor Zuberogoitia, Blanca Urgell, Gorka Bereziartua, Oihane Perea, Juan Kruz Lakasta, Inma Errea, Xabier Euzkitze eta Joan Mari Torrealdai. Euskara batuaren ekarpen eta erronkak laburrean adierazteko eskatu die Jakinek, eta horren emaitza dira jasotako 22 iritziak. Horien artean badira errepikatzen diren kezkak: ahozkotasunerako egokitu beharrean da batua, diote, bestelako esparru informaletan garatzeko premian, euskalkiekin gatazkan baino erdarekin lehian... Eta badira errepikatzen diren lorpen eta proposamenak: hizkuntza komunitateari eusteko tresna da batua, esperimentatzeko jokalekua izaten segitzeko gaia, eremu informaletan ere landu beharrekoa... 22 begiradez osatutako aurrera begirakoa, beraz.