Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan
Menua
Martin Ugalde Beka

Euskal Herria nola irudikatu dugun aztertzeko

Irailaren 2ra arte aurkeztu ahal izanen dira Martin Ugalde Beka lortzeko proiektuak

2019-05-24

«Euskal Herria euskal hedabideetan. Euskal hedabideek nola irudikatu dute Euskal Herria? Lurraldea nola izendatzen da? Izendapen horren azpian zein da eremua? Zein dira mugak?». Galdera horiei erantzun beharko die euskal kazetaritzaren gaineko 2020ko Martin Ugalde Beka eskuratzen duenak.

Izan ere, Jakinek, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Martin Ugalde Kultur Parkeak sustatzen duten bekak bi gairen inguruko ikerketak bultzatzen ditu bi urtetik behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketa. Euskal Herriaren irudikapena eta izendapena euskal medioetan izango da aurtengo gaia, eta hautagaiek egin nahi duten ikerketaren inguruko txostena irailaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dute.

Bekaren emaitza idatziz nahiz ikus-entzunezko formatuan aurkez daiteke, eta banaka zein taldeka egin ahal izanen da. Horretarako, 8.000 euro jasoko ditu aukeratutako proiektuak. Bekaren deitzaile diren erakundeetako bakoitzak izendatutako ordezkariek osatuko dute epaimahaia.

Martin Ugalde Bekaren xehetasunak eta oinarriak hemen dituzue.