Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua
ETAren armagabetzea

Apirilaren 8ko ETAren armagabetzearen atarian, indarkeriaz egindako gogoetak

Jakinen indarkeriaz egindako hainbat gogoeta jaso ditugu dosierrean

2017-04-05

«Oso erraza da Aieten esatea ETAk armak bota behar dituela. Botako ditu. 200 kalashnikov nahi badituzu, emadazu aste bat eta lortuko dizkizut, azkar. Merke, gainera». Hala zioen Ramon Labaien politikari jeltzaleak 2013an, Imanol Murua kazetariak Jakin aldizkariko Historia bizia sailerako egindako elkarrizketan. «Uztea sinbolo bat da. Horiek nahi dute belauniko jartzea eta pistola bat botatzea. Pistola batekin nahikoa dute. Baina belauniko. Espainiak ez du inoiz bakea bilatu, beti nahi du garaipena. Beti zapaldu. ETAkoek keinua egin dute, baina Madrilekoei eta Pariskoei negoziatzeko eskatzen diete gero. Horiek ez dute behin ere negoziatuko! ETA izan da argudio politiko bat, laguntza bat espainolentzat. Horiei ez zaie komeni ETA desagertzea. Eta, bestetik, ez dute negoziatuko ezin dutelako. Hor gelditzen da problema bat. ETAk ezin ditu utzi presoak baztertuta espetxeetan. Eta espainolek bere hautesleei begira ezin dute negoziatu ETArekin. Zertan bukatuko den? Ez dakit». 2017ko apirilaren 8an izango du erantzuna Labaienen galderak. Ezusterik ezean, egun horretan armagabetuko da ETA, bakearen artisauak bitartekari dituela. Bake prozesuan mugarri izango den eguna.  Horregatik, Jakin aldizkarian ETAren nahiz oro har gatazkaren eta indarkeriaren inguruan idatzitakoak ekarri nahi izan ditugu ostera ere mahai gainera dosierrarekin. Ez guztiak, baina bai esanguratsuetako batzuk. Baita Jakinkideen hitz batzuk ere. Hemen dosierrerako lotura zuzenean.